Etxebizitzaren inguruko kezkak goraka jarraitzen du, eta beste marka bat ezarri du Soziometroaren neurketan

EAEko hamar herritarretik seirentzat emantzipatzeko edo etxebizitza eskuratzeko zailtasuna da kezka nagusia. Pradalesek zertxobait hobetu du nota, baina Jaurlaritzaren balorazioa jaitsi egin da.

Etxebizitza sindikatuaren protesta ekintza bat Donostian, larrialdi egoera salatzeko. JON URBE / FOKU
Etxebizitza sindikatuaren protesta ekintza bat Donostian, larrialdi egoera salatzeko. JON URBE / FOKU
aitor biain
2026ko ekainaren 15a
12:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Burbuila baten gisan, hazi et hazi ari da etxebizitzari buruzko kezka Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarren artean. Erakundeek larrialdiari aurre egiteko hartutako neurriek ez dute baretu herritarren ezinegona, eta Soziometroaren neurketan beste marka bat ezarri da jada: EAEko hamar herritarretik seik arazo nagusitzat izendatu dute etxebizitzarena (%60). Martxoan egin zen neurketarekin alderatuta, hiru puntu egin du gora, eta higiezinen burbuila lehertu zenean baino bi puntu handiagoa da.

Baliteke igoera horrek lotura izatea Eusko Jaurlaritzak etxebizitzaren arloan egindako kudeaketak bildutako balorazio eskasarekin. Kudeaketa txarra izan baita hamar herritarretik seirentzat (%62), eta hala moduzkoa hamarretik hirurentzat (%29). Balorazioa txarra da gobernuko alderdiei botoa eman dietenen artean ere. Edonola ere, kezka nabarmen apalagoa da norberaren arazoei buruz galdetzean (%21), baina hori ere goraka doa pixkanaka.

Eta gero eta tarte handiagoa ateratzen die bigarren eta hirugarren postuan daudenei, hots, lan merkatuarekin lotutakoei eta osasungintzari. Behera egin dute biek ala biek: zazpi puntu lehenak (%40), eta bi puntu bigarrenak (%24). Nabarmen jaitsi da ekonomiari lotutako kezka ere, nahiz eta oraindik herritarren arazo nagusi izan; hala erantzun dute norberaren arazoei buruz galdetu zaienean.

Segurtasunak (%21) eta immigrazioak (%15) eragindako kezkak, aldiz, gora egin du; segurtasunaren ingurukoak bi puntu egin du gora aurreko inkestarekin alderatuta, eta immigrazioari lotutakoak, berriz, hiru. Egunerokoan, hala ere, pertzepzio hori nabarmen apalagoa da. Ideologikoki ere aldea handia da; eskuinarekin identifikatzen direnen artean kezka handia da oso, martxoko neurketan islatutakoa halako bi. Ezkerraren eremuan, bestalde, handiagoa da etxebizitzari buruzko kezka.

Pradales, ongi; Jaurlaritza, ez horren ongi

Datorren astean beteko dira bi urte Imanol Pradales Ajuriaenera iritsi zenetik, eta haren gobernuaren  jardunaren balorazioa ere jaso du Soziometroak. Behera egin du, lehen urteko balantzearekin alderatuta: ontzat edo oso ontzat jo zutenak %41 ziren orduan, eta %36 dira orain. Gainera, %45k adierazi dute hala moduzkoa izan dela; horixe da azken urtean gehien hazi den portzentajea.

Kultura gaietan egindako kudeaketak izan du balorazio guztietan onena (%65k ontzat jo dute), turismo, euskara eta ingurumen arloen aurretik. Ontzat jo dituzte, halaber, berdintasun, garraio eta zientzia gaietan egindakoa ere. Alabaina, inkestan parte hartu dutenen %25ek eman diote balekoa osasungintzako kudeaketari, eta %39k adierazi dute txarra izan dela.

Nolanahi ere, zertxobait hobera egin du Pradalesen balorazioak, eta azterketa gainditu du berriro: 5,8ko nota eman diote herritarrek; iaz baino hamarren bat gehiago da hori. Buruzagi guztien arteko notarik onena da, baina, lehendakari kargua hartu eta ia bi urtera, herritarren ia laurdenek (%23) ez dute ezagutzen oraindik.

Azterketa gainditu duen bestea Pello Otxandiano EH Bilduko oposizioburua da, 5,3ko nota eskuratu baitu. Balorazioa joan den urtean lortu zuen bera da, baina haren ezagutza ere apala da oso: inkestan parte hartu dutenen ia erdiek adierazi dute ez dutela ezagutzen. Eta are apalagoa da gainerakoena.

Atzetik doaz Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusia (4,5), Jon Hernandez Sumarreko legebiltzarkidea (4,1); eta Amaia Martinez Voxeko legebiltzarkideak (3,4). Guztietan notarik txarrena Javier de Andres popularren bozeramaileak eskuratu du berriro ere, 3koa.

Politikari buruzko interesa, behera

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako bost herritarretik bat euskal herritarra soilik sentitzen da (%19), eta beste hainbeste dira «euskal herritarra, espainiarra baino gehiago» sentitzen direnak. Kontrara, %10 dira soilik espainiar edo «espainiarra euskal herritarra baino gehiago» sentitzen direnak; eta %39 «euskal herritar bezain espainiartzat» dutenak euren burua.

Euskal Herriaren independentziaren aldeko jarrerari dagokionez, berriz, %22ek diote babesten dutela, eta %37k kontra daudela. Alderdiei dagokionez, EH Bilduren hautesleen erdiek babesten dute (%52k), eta EAJkoen %17k. Subiranisten %38k eta jeltzaleen %41ek ez dute argi zer bozkatuko luketen, eta egoeraren arabera erabakiko lukete baiezkoa edo ezezkoa eman.

Bestalde, sei puntu egin du behera politikak herritarrei pizten dien interesak, eta, horrenbestez, azken urteetako goranzko joera eten egin da. Inkestaren arabera, herritarren %42k interes handia edo interes nahiko handia dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE