BIHAR BERRIA-N

Etxegarai: «Lurralde bakoitzak erabaki beharko du abertzaleei zer ordezkaritza eman»

Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariari eginiko elkarrizketa argitaratuko du bihar BERRIAk.

Jean Rene Etxegarai, herriko bozen emaitzak ezagutu ostean, ekainaren 28an. GUILLAUME FAUVEAU
2020ko uztailaren 21a
18:15
Entzun

Joan den ostiralean izendatu zuten Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakari, herriko bozetan Baionako auzapez karguari eutsi eta gero. Bigarren agintaldia izango du, 2017an erakundea sortu zenetik hura izan baita presidentea, eta beste sei urterako legegintzaldia du orain.

Etxegarairi eginiko elkarrizketa argitaratuko du bihar kazeta honek. Besteak beste, adierazi du ezin zaiola Euskal Elkargoko lehendakariari «zentralismoa leporatu, eta prozedura ez errespetatu. Lurralde bakoitzak erabaki beharko du abertzaleei zer ordezkaritza eman».

Ipar Euskal Herriaren estatusari dagokionez, azaldu du «estatus bereziko lurralde elkargoa urrunago» doala, «baina lege bat behar da, eta, beraz, gehiengo bat. Pragmatiko bat naiz. Saiatzen naiz ikuspegi buruargi batekin begiratzen nola aitzinarazi ditzakegun aferak».

Etxegaraik beste gai batzuk ere izan ditu hizpide; esaterako, euskal presoen egoera: «Badugu milaka pertsonako manifestazioak egiteko gaitasuna. Hori erakusten diegu. Gaur egun, blokeo egoera baten aitzinean gaude. Harrera egiten digute, baina ez gara entzunak».

Heldu den ikasturtean Hiriburuko (Lapurdi) eskola publikoan abiatu nahi zuten esperimentazioa ez onartzea erabaki du Bordeleko errektoretzak (Okzitania), guraso, irakasle eta hautetsien onespena izanik ere. Horren inguruan ere jardun du Etxegaraik: «Gibel egite baten sentimendua dut. Bordeleko errektoretzaren erabakia [Ipar] Euskal Herrian gertatzen denaz ezer ulertzen ez duen administrazio zentral baten arketipo bat da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.