«Euskara, jalgi hadi plazara!». Horrela izkiriatu zuen Bernat Etxeparek Linguae Vasconum Primitiae liburuan, eta hala egin dute euskalgintzako eragileek. Plazara atera dira, Baionako Euskal Museoaren aitzinera, eta Etxepareren liburua euskal herritarren esku gera dadila eskatu dute. Halaber, bost mende geroago, euskarak gaur egun duen larrialdi linguistikoa gaitzetsi dute Euskalgintzaren Kontseiluak eta Euskal Konfederazioak, eta eskatu dute politika publikoak eta baliabideak jar ditzatela haren etorkizuna bermatzeko. Abenduaren 27an Bilbon eginen den ekitaldian parte hartzera deitu dute.Â
Euskarazko lehen liburua izan zen Linguae Vasconum Primitiae, baina Euskal Herritik urrun atxikia da, Parisen, Frantziako Liburutegi Nazionalean. Liburutegiaren baimenarekin ekarri dute Baionara, bi hilabeterako. «Euskararentzat eta euskal herriarentzat garrantzi handia duen liburu hori euskal herritarren esku ezarria izan dadila eta Euskal Herrian egon dadila eskatzen dugu», adierazi dute Idurre Eskisabelek eta Gorka Torrek, euskalgintzaren izenean.
Euskararen aldeko aldarria egin zuen Etxeparek 1545ean argitaratutako liburu hartan, eta ordutik gaurdaino euskarak bizirik iraun duela oroitarazi dute. «Baina oraindik urrun da berdintasuna». Euskalgintzaren iritziz, liburuarekin gertatzen ari denak ederki azaltzen du zein den gaur egun euskarak eta euskal hiztun komunitateak Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan duten egoera: «Frantziako Estatuak baimendu egiten ditu euskararen aldeko politika eta baliabide murritz batzuk, baina oso-oso urrun daude euskarari etorkizuna bermatzeko indarrean jarri behar diren politika publiko eta baliabideetatik».
Behin baino gehiagotan salatu du euskalgintzak euskararen larrialdi linguistikoa. Hala erakusten dute inkesta soziolinguistikoaren datuek, bereziki Ipar Euskal Herriko hiru lurraldeetan. 2021ean, biztanleen %20,1 ziren euskaldunak. Demografia bilakaera gorabehera, ondoko urteetan proportzioa hori bera bide da, eta apaltzeko arriskua ere bada. Euskalgintzak galdegina du hizkuntza politikako proiektu bat martxan jar dezatela 2050ean hiztunen proportzioa %30era hel dadin. Izan ere, horren araberako prospekzio lana egina du EEPk, baina ez du oraindik helburu gisa finkatu. «Euskararen aldeko eredu berri bat, politika zehatzak eta baliabideak behar dira», adierazi du euskalgintzak.Â
Koofizialtasuna aldarri
Euskarak estatus ofiziala behar duela berretsi dute euskalgintzako eragileek Baionan. Anartean Frantziako Konstituzioaren bigarren artikulua lehentasunez aldatu behar dela oroitarazi dute, artikulu hori baita etengabe baliatzen urrats oro oztopatzeko. «Lege baliabideez gain, hizkuntza politika eraginkor batek diru baliabideak ere behar ditu, eta Ipar Euskal Herrian inbertitzen dena ez da inolaz ere nahikoa. Hau da, diru baliabideak lastertasunez emendatzea ere ezinbestekoa da euskarari etorkizuna bermatuko badiogu: hezkuntzaren, helduen euskalduntze-alfabetatzearen, aisialdiaren, euskarazko hedabideen edota gizarte aktibazioaren bidez». Euskararen aldeko neurri batzuk berehala indarrean jar daitezkeela ere erran dute, hala nola euskara lehenestea Euskal Museoko eduki eta paisaia linguistikoan.