Etxerat-ek eta Sarek konponbidea eta elkarbizitza aldarrikatuko dituzte «hondar eta olatu artean»

Bi eragileek «elkarbizitza justu eta iraunkor» batekiko konpromisoa berretsiko dute 11 hondartzatan. Besteak beste, Bakio, Lekeitio, Donostia eta Zarautz hartuko dituzte, «elkarbizitzan sakontzea» eskatzeko.

Sarek eta Etxerat-ek gaur egin duten agerraldia, Donostian. JON URBE / FOKU
Sarek eta Etxerat-ek gaur egin duten agerraldia, Donostian. JON URBE / FOKU
2026ko uztailaren 16a
13:06
Entzun 00:00:00 00:00:00

Sarek eta Etxerat-ek iragarri dute noiz egingo duten hurrengo mobilizazioa: abuztuaren 2an. Bizkaiko eta Gipuzkoako 11 hondartza beteko dituzte denera, bestelako agertoki bat «nahi eta behar» dela ikusarazteko. Besteak beste, Bakioko, Lekeitioko, Zarauzko eta Donostiako hondartzetan egingo dute protesta, helburutzat hartuta agerian uztea «euskal gizartearen gehiengoak elkarbizitzan sakontzeko duen nahia».

Zehazki, eskatuko dute espetxe politika arrunta aplikatzeko, horrek emango baitu modua oraindik ere erregimen itxian dauden kideak «kalea zapaltzen hastea». Hala ere, ohartarazi dute «erbesteko auziari» aterabidea eman barik ez dela konponbide integralik izango. 

Horregatik, Sarek eta Etxerat-ek berretsi dute elkarbizitza «justu eta iraunkor» baten aldeko lanean jarraituko dutela. Bizkaian, Bakioko, Eako, Lagako, Laidako, Lekeitioko, Mundakako, Muskiz-Zierbenako eta Ondarroako hondartzetan mobilizatuko dira; eta Gipuzkoan, berriz, Debako, Donostiako eta Zarauzko hondartzetan. Nabarmendu dutenez, «hondar eta olatu artean» gertatuko denak ez du soilik Euskal Herriaren «nahia» islatuko: «Euskal Herriak iraganeko agertokia atzean uzteko beharra du». 

Amaitzeko, plataformek herritarrei dei egin diete, «euskal preso, iheslari eta deportaturik gabeko Euskal Herria» lortzeko konpromisoa har dezaten.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA