AHTa. Atzerapen handiko trena. Euskal Herriari dagokionez behintzat. Trena bera baino azkarrago egiten ari dira planak eta egitasmoak. Atzo, Europako Batzordeak plan bat aurkeztu zuen abiadura handiko trenaren sarea azkarrago martxan jartzeko, eta, hala, Europako herritarrek denbora gutxiago behar izateko herrialde batetik bestera joateko. Batzordearen arabera, 2035erako modua izango da Paristik Lisboara abiadura handiko trenean bidaiatzeko, Madrildik pasatuta. Europako maparen barruan, abiadura handiko trenean Paris eta Madril arteko bidea sei orduan egin ahal izateko egitasmoa ageri da.
Europako Batzordearentzat, Paris eta Lisboa arteko ardatza lehentasunezkoa da, baina, iazko otsailean, Frantziako Gobernuak atzeratu egin zuen AHTaren Bordele eta Akize (Okzitania) arteko zatia egiteko epemuga: ez dute 2042a baino lehen egingo. Trena Akizetik Hendaiara (Lapurdi) iritsiko litzateke. Beraz, ordura arte —epea betetzen bada— ez da lotuko euskal y-arekin; Europako Batzordeak atzo aipatutako epea baino zazpi urte geroago lotuko lirateke. Frantziako Gobernuak atzeratu egin zuen zati horren eraikuntza, administrazio arloan arazoak izan direlako, eta, krisi ekonomikoaren eraginez, beste inbertsio batzuk lehenetsi dituelako. Abiadura handiko trenari dagokionez, lehentasuna eman die herrialdearen barruko tren loturak egiteari.
TEN-T sarea
Europako Batzordeak atzo aurkeztutako planaren barruan ageri da «mugetako inbutuak kentzea, 2027ra bitartean ezarriko diren epe lotesleen bitartez». Apostolos Tzitzikostas Europako Garraio komisarioak atzoko aurkezpenean esan zuen bilera bat prestatzen ari direla Espainiako eta Frantziako garraio ministroekin, bi trenen loturari buruz hitz egiteko. Ez zuen zehaztu noiz egingo duten, baina aipatu zuen mugan egingo dela.
Europako Batzordeak abiadura handiko trenaren sare bat eraiki nahi du, TEN-T Europa Barneko Garraio Sarea. 2040. urterako osatu asmo dute. Planaren bitartez, Europako Batzordearen esanetan, tren zerbitzu azkarra, erosoa, segurua eta fidagarria eskainiko zaie bidaiariei. Bat egiten du Europako Batasunaren bi helbururekin: 2050ean karbonoan neutroa izatea eta «Europaren lehiakortasun globala indartzea».
Pradales, ekintza eske
Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariari gustatu zaizkio Europako Batzordearen plana eta Tzitzikostas Garraio komisarioak Euskal Herriko lotuneari buruz esandakoak. «Bultzada politiko oso garrantzitsua da, Euskadiren posizioa sendotzen, bermatzen eta babesten du eta», azaldu du, Baionan. Gogoratu du urtarrilean Tzitzikostasekin bildu zirela Alain Rousset Akitania Berriko Kontseiluko presidentea eta biak. Ordu hartan, Tzitzikostasi eskatu zioten esku har zezala Frantziako Gobernua Bordele eta Hendaia arteko abiadura handiko trenaren proiektuan inplikatzeko. Martxoan gutun bat bidali zioten komisarioari. Pradalesek uste du atzoko agerraldia eta mezua «presio» horren ondorio ere badirela.
Hala ere, hitzez gain, ekintzak ere eskatu ditu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak: «Komisarioaren hitzak oso onak dira, baina planak gauzatu egin behar ditugu. Oso garrantzitsua da aurrerapausoak ematea, ez bakarrik adierazpen politikoak eginez, baizik eta Frantziako Gobernuaren inplikazioa lortuz». Dena den, onartu du Frantziako egoera politikoa «oso konplikatua» dela.
Pradales ez da ausartu zehaztera abiadura handiko trena noiz jarriko den abian. «Oso garrantzitsua da gure herrialdearen garapenerako: oso garrantzitsua da lotura izatea Parisekin, Madrilekin eta Lisboarekin», esan du trena dela eta. «Euskadik beharrezkoa du garapenerako eta bizi kalitaterako, baita kohesiorako ere».
Garraio komisarioa Frantziako eta Espainiako garraio ministroekin bilduko da. Eusko Jaurlaritzako eta Akitania Berriko agintariek ere bilera horretan parte hartuko dute, Pradalesek gaur esandakoaren arabera. Bilera hori egitekotan izan zirela zehaztu du, «baina Frantziako Gobernuaren aldaketek ezinezko egin» zutela.