Europako Batzordeak azaroan esan zuen 2035erako lotu nahi zituela Euskal Herriko AHTak. Orain, Europako Kontu Auzitegiak azaldu du zera uste duela, 2035erako AHTak lotu ez, baizik eta euskal Y-a bukatuko dutela.
Europako Kontu Auzitegiak txosten berezi bat kaleratu zuen atzo, Europako garraio azpiegiturei buruzkoa. Zortzi garraio proiektu adierazgarri aztertu ditu, horien artean euskal Y-a. Ondorio nagusia da Europako garraioaren bizkarrezurra, Europa barneko garraio sarea, ez dutela bukatuko 2030erako, eta bi garraio azpiegitura adierazgarrik kostuak nabarmen igotzea ekarri dutela. Europa barneko garraio sarearen barruan hainbat garraio mota daude: errepideetakoa, trenbideetakoa, barnealdeko ur nabigagarrietakoa, itsasoetakoa eta airekoa.
2.200 milioi euro gehiago
Europako Kontu Auzitegiak 2020ko txosten berezian kalkulatu zuen euskal Y-aren kostua 4.675 milioi eurokoa izango zela. Kopurua eguneratu zuen iazko azaroan, eta atzo jakinarazi: 6.888 milioi euro, 2020an kalkulatutakoak baino 2.213 milioi euro gehiago. Kopuruaren igoera %47,33koa da.
2019ko prezioetan oinarritutako kopuruak dira. Europako Kontu Auzitegiaren esanetan, proiektuen sustatzaileek emandako informazioan oinarritzen da kostuak eguneratzeko. Aztertutako zortzi proiektuak batuz gero, ia bikoiztu egin da hasieran aurreikusi zuten kostua.
Euskal Y-aren atzerapena hogei urtetik gorakoa litzateke. Euskal Y-a 2010ean bukatzea espero zuten, eta orain zalantzan dago ea 2030erako bukatuko ote duten. Europako Kontu Auzitegiak 2020ko txosten berezian aurreikusi zuen euskal Y-a 2023an hasiko zela lanean, baina bistan da data hori berrikusi egin behar izan duela, eta beste bat jarri du: 2030. Hala ere, ñabardura bat gehitu du, bukaera are gehiago atzeratzeko: «Europako Batzordeak obra 2030ean buka daitekeela esan badigu ere, proiektuaren sustatzaileek emandako informazioak erakusten du 2035ean bukatuko dutela». Espainiako Gobernuak, Oscar Puente ministroaren bidez, behin eta berriz esan du 2030erako amaituko duela.
Berdetik gorrira
Adierazgarria da Europako Kontu Auzitegiak zortzi garraio proiektuen obren egoeraz egin duen koloretako sailkapena. Euskal Y-aren kasuan gorria da nagusi. 2020ko txosten berezian proiektuak kolore berdea zuen, auzitegiak uste baitzuen 2030erako bukatuko zela. Orain kolore gorria du, ez baitu espero azpiegitura eta haren loturak bukatuko dituztenik.
Aintzat hartu behar da Frantziako Gobernuak iazko otsailean 2042ra arte atzeratu zuela Bordele-Akize (Okzitania) AHT proiektua, eta horrek atzeratu egingo lukeela euskal Y-arekin lotzeko eta Paris-Lisboa ardatza osatzeko aukera. Europako Batzordearentzat lehentasunezkoa da ardatz hori.