Europako olatu berdearen gainean

Presidente zela harrapatu zuen Europako Itun Berdeak Pedro Sanchez, eta Bruselak gidatutako agenda berdeari jarraitu dio koalizio gobernuak azken urteetan.

Pedro Sanchez Espainiako Presidentea Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteari txalo egiten, 2023an, Dubaiko COP28an. FERNANDO CALVO / EFE
Pedro Sanchez Espainiako Presidentea Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteari txalo egiten, 2023an, Dubaiko COP28an. FERNANDO CALVO / EFE
inaut matauko rada
2026ko azaroaren 19a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Parisko Hitzarmenaren osteko klima araudien zurrunbilo betean hartu zuen Pedro Sanchezek Espainiako Gobernuko presidente kargua, 2018ko ekainaren bigarren egun hartan. Bi urte baino gutxiago zeramatzan orduan Parisko Hitzarmenak martxan, hein handi batean Kyotoko Protokoloaren ezintasunak bultzatutako itunak. NBEk klima larrialdia mugatzeko eta gutxitzeko egin zuen lehen akordio handia izan zen Kyotoko Protokoloa, eta lehen aldiz jarri zen mahai gainean herrialde industrializatuenek karbono emisioak gutxitu behar zituztela, baina ez zen nahikoa izan klima aldaketa geldotzeko. Horregatik, esfortzua handitzeko helburuz jaio zen Parisko Hitzarmena, nahiz eta ez zuen xede zehatzik jarri emisioei zegokienez. Esperantza handia piztu zuen, baina 11 urte beranduago agerian utzi ditu bere mugak, emisioek hazten jarraitu baitute munduan, eta klima larrialdiaren kontrako borrokak garrantzia galdu baitu potentzia nagusien agendan.

Nahiz eta herrialdeek badituzten eskumenak klima politikak aplikatzeko, bete beharreko gutxiengoa Europako Batasunak ezartzen du. Koronabirusaren pandemia iritsi aurretik, 2019 amaieran, Europako Itun Berdea aurkeztu zuen Ursula von der Leyenek, Europako Batzordeko presidenteak. Helburu handi bat jarri zuen itun hark: 1990arekin alderatuta komunitatearen emisioak %55 murriztea 2030erako, eta 2050ean karbono neutraltasuna lortzea. Helburu nagusi hori ortzi mugan, ekonomia sektore gehienen jarduna moldatzeko politikak onartzen hasi zen Europako Batasuna, emisioak gutxitzeko eta naturaren osasuna hobetzeko helburuz.

Klima legedia

Klimaren Europako Legea onartu zen 2021ean, eta, emisioak 2030erako %55 murrizteko helburu hori lortzeko bidean, karbono emisioetarako eskubideen merkatua erreformatu zuten, inportazio kutsagarrienak gehiago zergapetu zituzten, Repower EU Plana onartu zuten Errusiako erregai fosilekiko mendekotasuna murrizteko, eta errekuntzako motorra duten autoen salmenta 2035ean debekatzeko plana onartu zuten, nahiz eta azken hori urardotzen ari diren, beste neurri asko bezalaxe.

Industria eta sektore politiko asko kontran izan ditu EBk azken urteetan, uste baitute legedi berriek asko handitu dutela burokrazia, eta enpresen lehiakortasuna gutxitu dutela. Horri azken urteetako energia krisiak batu zaizkio, Ukrainako inbasioak eta Ormuzko itsasarteko krisiak eragindakoak bereziki. Nazioarteko harremanak gaiztotu egin dira, eta, ondorioz, EBk estrategia aldatu du: defentsako inbertsioa handitu du, industria militarra sustatu du eta lehiakortasuna bultzatzeko aitzakian araudiak malgutu ditu; klima agenda alde batera geratu da, nahiz eta batzordeak hori ukatu.

ESPAÑA ENERGÍAS RENOVABLES
Sara Aagesen Espainiako Trantsizio Ekologiko eta Erronka Demografikoko ministroa zentral fotovoltaiko baten inaugurazioan, irailean. FERNANDO VILLAR / EFE

Horiek horrela, Espainiak ere bere lege eta plan propioak onartu ditu. 2021eko maiatzean Klima Aldaketaren eta Trantsizio Energetikoaren Legea onartu zuen, eta ostera erkidegoek berenak onartu dituzte. Nafarroako Parlamentuak eta Eusko Legebiltzarrak, esaterako, lege propioak onartu dituzte, 2022an eta 2024an hurrenez hurren, Espainiako legeak ezarritako gutxieneko neurriak garatzeko.

Argindar gero eta gehiago berriztagarria izatea da Europaren helburu nagusienetako bat, eta Espainiak baldintza onak ditu horretarako. Azken hamarkadan asko handitu da berriztagarrietan egindako inbertsioa, eta mix energetikoa asko aldatu da, bereziki argindar fotovoltaikoak pisu handia hartu baitu. Sanchez presidente izendatu zutenean, herrialdean ekoizten zen argindarraren %3 besterik ez zen fotovoltaikoa, eta iaz %18,5 izan zen. Ikatz bidez sortutakoa, berriz, %14,4 izatetik %0,6 izatera igaro da.

Baina aldaketa hori ez da esperotako eragina izaten ari; izan ere, argindar berriztagarria ekoizte hutsak ez du balio, energia gehiena beste formatu batzuetan kontsumitzen baita. Espainiako elektrifikazioa apenas handitu da azken zortzi urteetan, %25 ingurukoa baita oraindik. Hala ere, emisioek nabarmen egin dute behera 2018tik 2025era (-%18,65), nahiz eta tartean pandemia bat izan zen. Gainera, emisioen murrizketa geldotzen ari da azken urteetan; are, 2025ean pixka bat gora egin zuten karbono emisioek, %1,13.

Suteak eta uholdeak

Era guztietako ezbeharrak eta istripuak jazo dira Sanchezen hiru legealdietan: osasun arlokoak, belikoak, tren istripuak... eta klima aldaketarekin zerikusia duten hondamendiak ere izan dira. Heriotza gehien sortu zituena, alde handiz, 2024ko urriaren amaieran Valentzian izandako uholdeak izan ziren. Ordu gutxitan euri asko egin zuen, batez ere barnealdean, eta ur hori guztia Valentziako hiriburuaren kanpoaldeko auzo eta herrietara iritsi zen, Turia ibaitik behera. Ibai horren ibilguaren azken kilometroak desbideratu egin zituzten frankismoan, ibaia Valentzia erdigunetik atera eta hegoaldera kanalizatzeko, eta, ondorioz, hegoaldeko herri horiek urez gainezka geratu ziren iaz. Eremu horretako biztanle gehienak langile klasekoak dira, eta 242 pertsona hil ziren egun horietan.

Herritar batzuk Paiportan (Valentzia), urak hartutako kale batean. MANU BRUQUE / EFE
Herritar batzuk Paiportan (Valentzia), urak hartutako kale batean. MANU BRUQUE / EFE

World Weather Attribution ikerketa sareak halako hondamendiak ikertzen ditu, ondorioztatzeko ea zenbaterainoko eragina izan duen klima larrialdiak halako fenomenoetan. Valentziako uholdeei dagokienez, ondorioztatu zuten klima aldaketagatik egun hartako ekaitzak %12 euritsuagoak izan zirela; bestalde, nabarmendu zuten bikoiztu egin direla euri askoko egunak izateko aukerak.

Baso suteek ere arazo handiak sortu dituzte azken urteetan, azken bi urteetan batez ere. Ia 400.000 hektarea erre ziren —eta bederatzi pertsona hil— 2025ean baso suteen ondorioz, eta aurten ere 300.000 hektarea baino gehiago erre dira —eta hamasei pertsona hil dira—. Suteei dagokienez, klima larrialdiaren eta ezbeharraren arteko harremana ez da hain agerikoa, baina, World Weather Attributionek ondorioztatu zuenez, klima aldaketa dela-eta, berrogei bider probableagoa da suteak pizteko moduko muturreko baldintzak sortzea —beroa eta lehortea batez ere—.

 
 

 

 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA