Euskal herritarren botoa, Espainiakoen kontrakarrean

Espainiako hauteskundeen irabazleak beti irabazi zituen bozak Hego Euskal Herrian 1982tik 2008ra, baina behin ere ez da hala gertatu 2011z geroztik.

EH Bilduko kideak, hauteskundeen emaitzak ospatzen, Bilbon. MIGUEL TOÑA / EFE
EH Bilduko kideak, hauteskundeen emaitzak ospatzen, Bilbon. MIGUEL TOÑA / EFE
jon olano
2026ko azaroaren 29a
23:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kontrastea nabaria da: PPren eta Voxen arteko baturak gehiengo absolutua eman dio Espainiako eskuinari, eta Alberto Nuñez Feijoo buru duen alderdiak irabazi ditu hauteskundeak boto nahiz diputatu kopuruari erreparatuta. Hego Euskal Herrian, ordea, lehen indarra izatetik urrun dago PP: EH Bilduk garaipen historikoa lortu du, bloke erreakzionarioaren aurkako botoa aurrez ezagutu gabeko mailan mobilizatu da, eta Voxen 52 diputatuetatik bat bera ere ez da Araban, Bizkaian, Gipuzkoan edo Nafarroan lortu. Mapak ez du gezurrik esaten: Espainia urdin, Euskal Herria berde eta gorri.

Espainiako Gorteetarako hauteskundeen historian bi ziklo argi bereizi litezke irabazleei dagokienez. 1982tik 2008ra bitarteko bozketa guztietan, Espainian hauteskundeak irabazi zituena lehen indarra izan zen Hego Euskal Herrian. Hala gertatu zen 1980ko hamarkadako hiru bozetan: 1982an, 1986an eta 1989an, baita 1993koetan ere, PSOE izan zen lehen indarra Espainian naiz Hego Euskal Herrian. Joera berari eutsi zion PPk gobernuan izan zen bi legealdietan ere: 1996an lehen indarra izan zen Hegoaldean, 351.621 boto eta bost diputatu lortuta, eta 2000. urtean Espainian lortutako gehiengo absolutuak oihartzuna izan zuen lau herrialdeetan: 474.230 boto eta hamar diputatu. 2004ko hauteskundeetan, martxoaren 11ko Madrilgo atentatuak gertatu eta hiru egunera, Jose Luis Rodriguez Zapatero gailendu zen hala Euskal Herrian nola Espainian, eta gehiengo hori handitu egin zuen 2008an. Bigarren legealdi horretakoa da Hego Euskal Herrian inoiz alderdi batek lortu duen emaitzarik onena: 540.000 boto eta 11 diputatu.

Ziklo hori, ordea, 2011n eten zen, Mariano Rajoyk zuzendutako PPren gehiengo absolutuarekin. Harrezkero, Espainian lehen indarra izan denak ez du irabazi Hegoaldean. 2011n, eskuin espainiarzaleak 337.313 boto lortu zituen lau herrialdeetan, baina EAJren eta Geroa Bairen batura izan zen boto gehien jaso zituena (366.000). Urte hartatik Espainiako Gorteetarako zazpi hauteskunde egin dira, eta horietatik seitan PP izan da lehen indarra Espainian, eta garaipen horiek agerian uzten dute Espainiako hauteslegoaren eta Euskal Herrikoaren arteko logika bereizia.

2015eko bozketak apurtu egin zuen ordura arteko alderdi biko sistema, ezkerretik Podemos 69 diputaturekin eta eskuinetik Ciudadanos 40rekin agertuta. Euskal Herriko hauteslegoa Podemosen loratze horren partaide izan zen: 397.000 boto 2015ean eta 427.000 sei hilabete geroago. Bietan, alderdi moreak irabazi zituen hauteskundeak Hegoaldean.

2015ean zabaldutako jokalekuak zaildu egin zuen ordura arte misterio gutxi sortzen zuen aliantza sistema, eta, 2016an bezala, 2019an ere bi hauteskunde behar izan zituzten gobernua osatzeko. 2018ko zentsura mozioaren ondoren Pedro Sanchez Moncloara iritsita, PSOE lehen indarra izan zen 2019ko apirileko eta azaroko bozetan. Hego Euskal Herrian, ordea, EAJ-Geroa Bai batura izan zen boto gehien bildu zituena: 414.000 apirilean, 392.000 azaroan. 2023an, berriro ere PPk irabazi zituen hauteskundeak Espainian, baina PSOE izan zen nagusi Hego Euskal Herrian.

Gaurko emaitzek berretsi besterik ez dute egin asinkronia hori. PP nabarmen gailendu da Espainian, eta gobernua osatzeko moduan da Voxekin. Euskal Herrian, baina, EH Bilduk zein PSOEk 500.000 botoren langa gainditu dute; 514.000 boto pilatuta, koalizio subiranista lehen indarra da boto kopuruan, eta bere sabaia hautsi du —alderdi batek Hego Euskal Herrian inoiz lortu duen bigarren boto kopuru handiena da, PSOEk 2008an lortutako 540.000 botoen atzetik—. PSOE, berriz, lehen indarra da ordezkari kopuruan, Hegoaldean jokoan ziren 23 eserlekuetatik 9 erdietsita. 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA