Albiako lorategietatik 50 metro eskasera dago Hiribil gunea, Kafe Antzokiaren aurreko espaloian eta Abandoko barrutiaren bihotzean. «Argi genuen Bilboren erdigunean egon behar zuela, euskalgintzak epizentro behar zuela hor», azaldu du Liher Barrantes Zenbat Gara elkarteko kide eta gunearen erabiltzaileak: «Ikusgaitasuna beharrezkoa zen, ikusten ez den hori ez da-eta existitzen. Eszenatoki duin bat nahi genuen gure egunerokorako eta euskararentzat».
Baina zer da zehazki Hiribil? Markel Sanchezek erantzun du; hura ere Zenbat Gara-ko kidea da, eta gunearen erabiltzailea: «Euskalgintzako eragileei zabalduriko lan espazio bat da: bilerak egiteko, formazioa, mintegiak... Euskalgintza zentzurik zabalenean: klasikoaz gain, euskarazko jarduna duten eragile sozialak ere ongi etorriak dira, izan Bilbokoak edo nazionalak».
«Argi genuen Bilboren erdigunean egon behar zuela. Ikusgaitasuna beharrezkoa zen, ikusten ez den hori ez da-eta existitzen. Eszenatoki duin bat nahi genuen gure egunerokorako eta euskararentzat»
LIHER BARRANTES Zenbat Gara-ko kidea eta Hiribilen erabiltzailea
Ostegun arratsaldean egingo dute aurkezpen ofiziala, eta joaten direnak 125 metro koadroko gune fisiko batean sartuko dira. Itxura modernoa du, argitsua, eta kristalezko pareta eta ateek presentzia handia dute barnean. Behin sartuta, apustuaren atzean dagoen anbizioa suma daiteke. Bi bilera gela ditu: oso handia bata, harmaila batzuekin, eta txikia bestea; eta bertatik lan egin ahal izateko egokituriko gune bat.
Elkarteei irekia da, eta doako zein ordainpeko aukera du. «Hau aspaldi irudikatu genuen, baina ez genekien nola gauzatu. Horretan, asko lagundu gintuen Plaza kooperatibak Baionan antolaturiko On Bilgunera eginiko bisitak. Haren funtzioa betetzen du», aletu du Barrantesek. Xehetasun gehiago nahi dituenak Hiribil.eus webgunea du eskura.
Lurreratzeko eta aireratzeko
Zenbat Gara egitasmoak bultzaturiko gunea da, Kafe Antzokia, Gabriel Aresti euskaltegia eta haien inguruko ekosistema euskaltzalea batzen duen elkarteak. Sanchezek, baina, elkarteaz harago joan asmo duen proiektu bat dela nabarmendu du. «Hiribil marka propioa sortzea da helburua, erabiltzaile gehiago erakartzeko. Espazioaren gobernantza langileen esku uztea da asmoa».

Aireportuaren metafora erabili dute haren eragin ahalmena azaltzeko.«Euskalgintzako eragile handientzako lurreratze pista izan nahi dugu, Bilbon txertatzeko eta lan egiteko toki eroso bat izan dezaten», aletu du Barrantesek. Sanchezek, aldiz, beste norabidean jarri ditu hegazkinak: «Bilboko euskalgintzako eragile txikientzako aireratze pista ere izan daiteke, haiek indartu eta eratzen laguntzeko».
Zer den bezain ondo argitu nahi izan dute zer ez den Hiribil. «Ez gara kulturgune bat», zehaztu du Sanchezek: «Ez gara aurkezpen publikoak egiteko leku bat. Bilbon badaude halakoak: Kafe Antzokia, Bira, Zirika... eta gure asmoa ez da haiek ordezkatzea». Halako eskaintzarik jasoz gero eskatzaileak haietara bideratuko dituztela jakinarazi dute.
Larritasunetik baikortasunera
Hiribilen hazia pandemia ondoren hasi zen ernatzen. «Larritasunetik» jaio zela onartu du Barrantesek, Zenbat Gara-n eginiko hausnarketa batetik: «Bilbo bezalako hiri batek ez du ematen euskaltegietatik kanpo euskalduntze prozesu natural baterako. Bilbok ez du ematen euskaraz bizitzeko aukerarik». Horri gehitu behar zaio euskalgintza nazionalak apenas duela presentziarik Bilbon. «Beraz, zerbait martxan jartzeko ahaleginak oso handia izan behar zuen», gaineratu du.
«Euskalgintzako eragileei zabalduriko lan espazio bat da: bilerak egiteko, formazioa, mintegiak... Euskalgintza zentzurik zabalenean: euskarazko jarduna duten eragile sozialak ere ongi etorriak dira»
MARKEL SANCHEZ Zenbat Gara-ko kidea eta Hiribilen erabiltzailea
Dena, baina ez da ezkortasuna: diagnostiko makurrari emaniko erantzuna ere goretsi du. «Azken urteetan aurrerapauso majoak eman dira Bilbon. Zenbat Gara-ren ibilbidea hor dago, Bira guneak hamar urte bete ditu, auzoetako euskara taldeen lana... Horiek dira euskalgintzaren arima. Gukaren eragina ere aipatzekoa da: duela hiru urte, ez genuen imajinatu ere egiten abenduaren 3a aldarrikapen egun izango zenik. Euskaltzale eta agintariak begira ditu. Horientzako gune ere izan nahi dugu».
Hiribil oraindik aurkeztu ez duten arren, nazio mailako eragile batzuek dagoeneko hartu dute bertan ezartzeko konpromisoa. Harrera onak ilusioa piztu die, eta itxaropenez ikusten dute eragile ezberdinen nahasketak eta elkar ulertzeak eman dezakeen fruitua: «Hori da genesia, agente ezberdinen arteko sinergiak sortzea eta nolabait ideien laborategi izan dadila».