Badira gorputza jartzen dutenak, eta badira itzaleko lana egiten dutenak. Horretan aritu dira CCOO sindikatuko zenbait kide eta Euskara Denontzat elkartea azken urteotan: administrazio publikoek ezarritako euskara eskakizunen aurkako epaiak bultzatzen eta diruz sostengatzen, alegia. Hala ondorioztatu eta egiaztatu du Argia aldizkariak, Nor dago oldarraldiaren atzean? kazetaritza lanean argitaratutako bigarren artikuluan. Horren arabera, Euskara Denontzat elkarteak ordaindu izan ditu helegiteak aurkezteko abokatuak, eta CCOOko kide Sabin Zubirik zuzenean esku hartu izan du.
Administrazio publikoek ezarritako hizkuntza eskakizunen aurkako dozenaka epai pilatu dira azken urteotan, eta, atzo zabaldutako kazetaritza lan baten bidez, salaketa horien atzean hizkuntza politiken aurkako «kanpaina antolatu bat» dagoela egiaztatu du Argia aldizkariak. Errenteriako Udalak (Gipuzkoa) iragan astean etendako lan deialdi bat izan da ikerketaren abiapuntua: 25 administrari lanpostu hautatzeko zen, eta C1 euskara maila ezarri zuen guztientzat.
Whatsappeko talde bateko hainbat mezu eta audioren bidez frogatu dute auzibidea abiatu zuen herritarrak, Maria Isabel Vieiras Nogueirak, ez zuela interesik eta premiarik lan deialdi horretan parte hartzeko; ikerketaren arabera, «Osakidetza barnean antolatutako Unidas por la Libertad Linguistica» plataformako kidea da, eta lanpostu finkoa du Osakidetzan. Halere, lan deialdia gerarazteko asmoz aurkeztu zuen helegitea, era antolatu batean. Eta tentuz doitutako makineria horretan, ezinbesteko pieza izan da Zubiri.
Ikerketa laneko bigarren artikuluan jakinarazi dutenez, Zubiri da kanpaina antolatuaren burua. Hala irakur daiteke Argia-k zabaldutako Veirasen eta Maider Garcia salaketa jartzeko prest agertu zen herritarraren arteko mezuetan: «[Veirasek Garciari] Niri gehiago kostatzen zait adieraztea eta dena azaltzea; Sabinek, Euskara Denontzat elkarteko kideak, hau guztia eramaten duenak, bikain azalduko dizu dena».
Esan eta egin, Zubirirekin harremanetan jarri zen Garcia, eta hark Euskara Denontzat-en lana azaldu zion mezu bidez. Ikerketa lanean zehaztu dutenez, elkarteak laguntza juridikoa eskaintzen die «hizkuntza eskakizunekin» lotutako «arazoak» dituztenei. Errenteriako Udalaren lan deialdiari zegokionez, Zubirik argi adierazi zizkion elkartearen asmoak: «Elkartetik geure burua eskaini dugu abokatu bat bilatu eta kostua gure gain hartzeko, baldin eta norbaitek errekurtsoa jarri nahi badu eta C1 profila ez badu». Argia-k jaso duenez, Zubiriren irudiko «abusu bat» baitzen lan deialdiko hizkuntza eskakizuna.
«Oinarri pluralistak»
Euskara Denontzat-Por Un Euskera Sin Barreras (oztoporik gabeko euskara baten alde) elkarteko presidentea da Zubiri. 2022ko irailean sortu zuten elkartea, eta, beren estatutuetan jasoa dutenaren arabera, helburu nagusia da EAEko hizkuntza politikari buruzko eztabaida «oinarri pluralistekin» sustatzea. Horrez gain, ordea, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako CCOO sindikatuko kide ere bada; are, CCOOren helegiteen ondorioz atzera botatako euskara eskakizunen azalpenak eman ohi dizkie hedabideei.
Bestalde, nabarmentzekoa da bai Veirasek, bai Maria Teresa Peralesek —Unidos por la Libertad Linguistica plataformako kidea— harremana dutela sindikatu horrekin. Argia-k emandako informazioaren arabera, Perales CCOOren zerrendetan zegoen 2024ko Osakidetzako hauteskunde sindikaletan. Eremu horretan zebilen Zubiri ere. Eusko Jaurlaritzak 2024ko irailean abiatutako Osasun Itunaren prozesuaren harira, Pazienteen eta profesionalen hizkuntza eskubideak izeneko lantalde bat eratu zuten, eta CCOO sindikatuak Zubiri bidali zuen ordezkari.
Orduan, Zubiri CCOOko kidea bazen, ez ote zen «logikoagoa» helegitea hark aurkeztea? Horixe galdetu zion Garciak Veirasi, kazetaritza lanean xehatu dutenez. Eta, horren arabera, hauxe izan zen Veirasen erantzuna: «CCOOk ondo daki zer egiten ari garen; informatu ahal zaituzte nola egin dugun Sabinek eta nik, baina beste gauza batzuekin ari dira [CCOOn], nahiz eta babesten gaituzten».
«Ezer ez ezkutatzeko»
Bildutako informazio guztiaren ondoren, Zubirirengana jo zuen Argia-k, herenegun; hain justu, ikerketa lanaren aurreneko pieza argitaratu bezperan. Egotzitakoa onartu eta aitortu zuen Zubirik: bai bera eta bai elkartea Errenterian helegitea aurkezteko jende bila aritu direla, bai abokatua ordaintzearena ere. Hori bai, Errenteriakoa ez ezik, halako helegite gehiago aurkezteko beste kanpainarik ere antolatu ote duten galdetuta, ezetz esan zion Zubirik Argia-ri.
Ez zuen gauza bera esan CCOO elkarteari buruz. Gezurtatu egin zuen sindikatuak Euskara Denontzat-ekin inolako harremanik izatea; are, aldizkari horri adierazi zion CCOOk ez zekiela ezer Errenteriako Udalaren deialdiaren aurka aurkeztutako helegitearen inguruan.
CCOO-K SALATU DU «KONSPIRAZIO TEORIAK» ZABALTZEN ARI DIRELA HIZKUNTZA POLITIKEN INGURUAN
EAE Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza politiken inguruan «konspirazio teoriak» zabaltzen ari direla salatu du CCOO sindikatuak, goizean kaleratutako prentsa ohar baten bidez. Argia-k ondu eta kaleratutako Nor dago oldarraldiaren atzean? kazetaritza lanaren harira egin ditu adierazpen horiek, ikerketa horren bigarren artikuluan ondorioztatu baitute CCOOko zenbait kidek zuzenean esku hartu zutela Errenteriako Udalaren lan deialdiaren aurkako helegiteetan. Sindikatuak gaitzetsi egin du azterlan hori, eta esan «sistematikoki hizkuntza politiken legedia betetzen ez duten lan deialdi publikoen» aurka helegiteak aurkeztea ez dela «oldarraldi judizial bat». Are, CCOOren arabera, «konspirazio teoria» hauen helburua da administrazioan lan egiteko aukerarik gabe geratzen diren herritarren «kanporatze sistematikoa» justifikatzea. Kontrara, sindikatuak adierazi du «langileen eskubideak defendatzen» dituztenen kontra egiten duela ikerketa lan horrek.