Euskaltzaindian egin dute gaur Euskararen Aholku Batzordearen bilera

Bilkuran, Pradalesek esan du zer behar den euskararen arloan «jauzi bat» egiteko: «Gizartearen aktibazioa gakoa da, baina euskarak ere beharrezkoa du legeria eta segurtasun juridikoa».

Euskararen Aholku Batzordearen bilera, Euskaltzaindian, gaur. BERRIA
Euskararen Aholku Batzordearen bilera, Euskaltzaindian, gaur. BERRIA
arantxa iraola
2025eko ekainaren 23a
15:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzak eta Euskaltzaindiak, erakunde biek jakinarazi dute gaur Euskaltzaindian egin dela Euskararen Aholku Batzordearen bilera, Bilbon. Aurrez batzordearen bilerarik hartu gabea zen akademiaren egoitza, eta horregatik nabarmendu dute bi erakundeek gaurko keinuaren garrantzia. Euskararen Aholku Batzordearen legealdi berriko lehen osoko bilera izan da. Bilkuran hitza hartu du, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradalesek, eta gogora ekarri du zein diren euskararen arloan «jauzi bat» egiteko ezinbesteko baldintzak: «Gizartearen aktibazioa gakoa da, baina euskarak ere beharrezkoa du legeria eta segurtasun juridikoa».

Pradalesek lehengo astean ere adierazi zuen, Bilbon egindako agerraldi jendetsu batean, euskararen biziberritzea fase ahaltsuago batera eramateko helburua dutela. Topaketa hartantxe iragarri zuen Euskararen Erabilera Biziberritzeko Biltzarra antolatuko dutela 2027an, eta horretarako bidea hasiko dutela heldu den udazkenean bertan. Bilkura horren asmoa izango da «euskararen oinarrizko printzipio eta ardatzei buruzko adostasun zabala lortzea», epe luzera begira: datozen hamarraldietan zer gerta daitekeen gogoan hartuta. Aurrez ere bidea egina du Jaurlaritzak, eta gaur Euskaltzaindian egin duten bileran, Pradalesek, Ibone Bengoetxea Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarekin batera, arlorako zehaztua duten plan estrategikoaren irizpide nagusiak jakinarazi ditu.

Pradalesek esan du euskararen biziberritzea sendotzeko gogoetak eta elkarrizketak berebiziko garrantzia dutela eta «ahalegin koordinatu eta planifikatua» egin behar dela asmo eta bide berriak aurkitzeko. «Egoerak ez du zerikusirik duela 40 urtekoarekin. Asko aldatu dira gizartea, gazteen bizimodua, eta komunikazio eta harreman moldeak», aitortu du. Paradigma berri baten bila joan behar bada ere, horra heltzeko egingo diren urratsetan betiere «konfrontazioa saihestu» beharko dela nabarmendu du.

Andres Urrutia euskaltzainburuak gogoratu du Euskararen Aholku Batzordeko batzordekide izan dela akademia hasieratik bertatik, eta hor eginiko bidea onuragarria izan dela. «Orain erronka berriak datozkigu, eta horiei aurre egin behar diegu». Eta taxuz aurrera egite aldera, «alderdikeriak baztertu» eta adostasunak berritu behar direla gaineratu du.

Euskararen Aholku Batzordean Eusko Jaurlaritzako ordezkariak, beste erakunde publiko batzuetakoak, adituak eta arloko erreferenteak daude.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.