Euskara ikasteko doakotasuna bultzatze aldera, estrategia berria aurkeztu du gaur Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikarako Sailak. Euskara Bonua jarriko du martxan datorren ikasturtean: 120 euroko ordainketa bakarra eginda, lau urtez euskara ikasteko aukera izango dute ikasleek, norbere erritmoan, B1 maila eskuratu arte. Ibone Bengoetxea sailburuak azaldu duenez, helburua da euskara ikasten hasten direnek asmo horri eustea, horretarako erraztasunak eta malgutasuna emanda.
Aldaketa esanguratsuak ekarriko ditu eredu berriak. Azken urteetan, A1 eta A2 mailak zenbatia doakoak izan dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: euskaltegiko matrikula pagatzeko diru laguntzak ematen dituzte erakunde publikoek, nahiz eta parte bat ordaindu behar den, eta maila bakoitzeko behin baino ezin den eskatu laguntza hori. Gerora, maila gaindituz —eta egiaztatuz— gero, Jaurlaritzak matrikularen dirua osorik itzultzen du A1etik B2 mailara, baita C1 mailan 30 urtetik beherako ikasleen kasuan ere; gainerakoetan, matrikularen zati bat itzultzen du.
Bonuaren hiru abantaila azpimarratu dituzte: burokrazia murriztuko du, %95 merkatuko du euskara ikastea, eta ikasleen motibazioan eragingo du
Sistema hori bertan behera geratuko da A1, A2 eta B1 mailetan. Hasierako ikasketa garai horretan, Euskara Bonua ezarriko du Jaurlaritzak. Ikasleek ordainketa bakarra egin beharko dute, hasieran, 120 eurokoa, eta ondoren, lau urteko epea izango dute euskara ikasteko, bakoitzak egoki jotzen duen erritmoan. Funtsean, ikasle bakoitzak hobeto datorkion moduan antolatu ahalko du bere ordu poltsa: erabaki dezake astean bi egunez aritzea euskaltegian, edo online ikastea Ingura plataformaren bidez, edota barnetegi batera joatea, eta hurrengo ikasturtean sistema guztiz aldatzea. Bengoetxeak nabarmendu du curriculumean aurreikusitako ordu kopuruak handitu dituztela poltsa horretan: A1 mailan, 200 ordu; A2 mailan, 320 ordu; eta B1 mailan, 400 ordu, bi azpimailatan banatuta.
Hala, estrategia berriaren hiru abantaila azpimarratu ditu sailburuak. Bat: burokrazia murriztuko du, matrikulazioa behin bakarrik egin behar delako. Bi: %95 merkatuko du euskara ikastea; izan ere, Jaurlaritzaren kalkuluen arabera, 2.100 euro inguruko kostua du ikasketa prozesu horrek. Hiru: ikasleen motibazioan eragingo du, «autonomia eta malgutasun handiagoa» emango baitie norbere erritmoan aritzeko.
Ikasten jarraitzeko
Hain justu, ikasketa prozesuari eusteko, ez uzteko, erraztasunak eman nahi ditu Jaurlaritzak Euskara Bonuaren bidez. Bengoetxeak esplikatu duenez, orain arte, ikasten hasteko oztopo ekonomikoak murriztean oinarritu da doakotasunaren estrategia, eta emaitza onak izan ditu, matrikulazioek gora egin baitute A1 eta A2 mailetan. Baina hurrengo pausoan korapilo bat antzeman du: «Sarbidea errazten denean, herritarrek erantzuten dute, matrikulatzen dira. Baina ikusi dugu ikasten hasten diren pertsona askok ez dutela jarraitzen euskara normaltasunez erabiltzeko maila lortu arte. Lehen kurtsoetan, birmatrikulazio tasa %56koa da, besteetan baino baxuagoa. Erronka horixe dugu orain: ez da nahikoa jendea erakartzea; beharrezkoa da ikasketa prozesuetan aurrera egitea eta gutxieneko mailetara iristea».
Bide horretan, helburu argi bat ezarri du: «Gero eta pertsona gehiago erabiltzaile independente bihurtzea». Hizkuntzen ikaskuntzarako Europako Erreferentzia Markotik hartu dute kontzeptu hori: euskaraz bere kabuz moldatzen diren hiztunak dira erabiltzaile independenteak, laguntzarik gabe ulertzeko eta hitz egiteko gai direnak. B1 mailan jarri dute muga hori, eta horregatik B1 lortu arteko babesa emango du Euskara Bonuak. «Hortik aurrera, euskara ez da ikasgai bat, baizik eta komunikatzeko tresna bat», zehaztu du sailburuak.
«Sarbidea errazten denean, herritarrek erantzuten dute, matrikulatzen dira. Baina ikasten hasten diren pertsona askok ez dute jarraitzen euskara normaltasunez erabiltzeko maila lortu arte»
IBONE BENGOETXEA Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburua
Jaurlaritzak zazpi milioi euro inguruko inbertsioa egingo du Euskara Bonuan, eta beste bi milioi eurotik gorakoa mantenduko du gainerako mailetako diru laguntzetan. Sistema berria progresiboki jarriko da martxan: datorren ikasturtean abiatuko da B1en lehen azpimailara arte, eta 2027-2028an B1en bigarren azpimailara ere iritsiko da. Gainera, azken bi urteetan matrikulatutako ikasleak ere sartu ahalko dira lau urteko ibilbide horretan.
Bonuak euskaltegietan eskatu ahalko dira, datorren ikasturterako matrikulazioa egitean. Ildo horretan, Aitor Aldasoro sailburuordeak adierazi du gaur bertan eman dietela euskaltegiei doakotasunerako eredu horren berri: «Ondo hartu dute; aurrerapausoa dela esan dute».
Gobernuaren sendotasuna defendatu du Bengoetxeak
EAEko Enplegu Publikoaren Legea erreformatzeko bidean hizkuntza eskakizunak blindatzeko proposamenak eta zuzenketak aurkeztu dituzte asteon EAJk eta EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean. Jeltzaleen eta sozialisten arteko akordio bat baztertuta, EAJren eta EH Bilduren artean ados jartzeko aukera hurbilago ikusten duen galdetu diote Ibone Bengoetxea sailburuari, baina ez du iritzirik eman nahi izan: «Ez dakit akordiorik egongo den ala ez, hori alderdiei dagokie. Gustatuko litzaidake akordioa egotea, bai».
Bengoetxeak gogora ekarri du euskararentzat eremu garrantzitsua dela administrazioa, «bertako langileen %90 inguruk daukate euskara ezagutzaren bat egiaztatuta». Baina erantsi du euskarak «bizitza dagoen lekuetan» egon behar duela: «Euskarak ez du tentsiorik behar, baizik eta «proposamen goxoak eta eraginkorrak, erabilera soziala handitzeko».
Ildo horretan, EAJren eta PSEren azken egunotako liskarren harira, ez du uste gobernua hausteko arriskua dagoenik. Are, adierazi du Jaurlaritza «indartsu» dagoela: «Argi ditugu gure lehentasunak: osasuna, segurtasuna, etxebizitza, enplegua... eta proposamenak egiten ari gara eremu horietan. Herriarekiko konpromisoak elkartzen gaitu, eta gobernu programa batek».