Euskara Bonuak dakartzan onurak gogora ekarrita egin du Jaurlaritzak euskaltegietan izena emateko deia

Euskara ikasteko ate berri bat ireki dute: 120 euro ordainduta lau urtez euskara ikasteko aukera. Matrikulazio kanpainaren bitartez ikasle berriak erakarri nahi dituzte, eta hastapenetatik euskara erabiltzera animatu.

Kanpainaren aurkezpena, gaur, Bilbon. RAUL BOGAJO / FOKU
Kanpainaren aurkezpena, gaur, Bilbon. RAUL BOGAJO / FOKU
arantxa iraola
2026ko irailaren 10a
14:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskara bonua. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako euskaltegietan hori izango da berrikuntza nagusia ikasturte honetan. Iazko apirilean aurkeztu zuen Jaurlaritzak, Bilbon: doakotasunean jauzia egiteko estrategian egindako urratsa zela esan zuen Ibone Bengoetxea lehendakariorde eta Kultura sailburuak. 120 euro ordainduta lau urtez euskara ikasteko aukera emango du. Ikasleek B1era arteko mailetan euskara ikasten jarraitzea du helburu. Horiek horrela, Eusko Jaurlaritzako arduradunek bonu horren garrantzia azpimarratu dute gaur, euskaltegietako matrikulazio kanpainaren aurkezpenean. Gasteizen izan da agerraldia.

Gogora ekarri dute aurreko ikasturteetan euskara ikasteko urratsa egin duten ikasleek ere erabili ahal izango dutela bonua; izan ere, A1 eta A2 ikasmailetako ikasleak eredu berrian kontuan izango dituzte automatikoki. Jaurlaritzak 25,1 milioi jarri ditu 2022tik hona helduen euskalduntzea eta alfabetatzea indartzeko, eta diru horren bidez 43.500 ikasleri eman diete laguntza. 

Euskara bonua aurkeztu zutenean helburu bat argi jarri zuen Bengoetxeak: «Gero eta pertsona gehiago erabiltzaile independente bihurtzea». Hizkuntzen ikaskuntzarako Europako Erreferentzia Markotik hartu dute kontzeptu hori: euskaraz bere kabuz moldatzen diren hiztunak dira erabiltzaile independenteak, laguntzarik gabe ulertzeko eta hitz egiteko gai direnak. Gaur azpimarratu egin du, berriro ere, Bengoetxeak jomuga hori, eta euskaltegietan izena ematera animatu du jendea. 

Matrikulazio kanpaina «umorez eta motibazioa sustatzeko» pentsatu dutela nabarmendu dute Jaurlaritzako buruek. Kanpainako mezuen artean honako hauek daude: Euskaraz egingo duzun lehen elkarrizketa hala moduzkoa izango da. Lehen aldi guztietan bezala ;); Kaixo batek ate asko ireki ditzake; Spoiler: inor ez zen hasi 'gatzaizkizu' esaten; Munduko hizkuntzarik bereziena (guretzat), modurik errazenean irakasten dugu. Adierazi dutenez, mezu horien helburu behinena zera da, transmititzea ez dela euskaraz ederki jakin behar hura erabiltzen hasteko, eta aurrerapen txiki bakoitza bidearen parte dela.

Aukera gehiago

Euskara Bonua hasierako mailetako ikasleentzat dago pentsatuta. Gogora ekarri dute, ordea, euskara ikasteko bidea errazteko baliabide gehiago ere badirela martxan. Badira, adibidez, B1 mailaz haragoko eskaintzetan ari direnentzako laguntzak, maila egiaztatzen badute. C1 maila eskuratu nahi duten 16-18 urte arteko gazteentzat ere berariazko laguntzak daude. Euskal Herrira iritsi berrientzat, berriz, Aisa programa dago, oinarrizko maila lortzeko ikastaroa eskaintzen duena; eta online ikasi nahi dutenentzat, Ingura plataforma. 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA