Usu esan du Euskalgintzaren Kontseiluak euskararen ezagutza unibertsalizatzeko aurrerabideak egin behar direla, eta berebiziko garrantzia du hor, beste hainbat aldagairen artean, helduak euskalduntzeko eta alfabetatzeko sistemetan berrantolaketa bat egiteak. Aldaketa proposamenak jasoak ditu Euskalgintzaren Kontseiluak Euskara ezagutzeko beharra helduengan sustatzeko proposamena dokumentuan. Sektoreko eragileen ekarpenak kontuan hartuta egindako lanketa bat da, eta gaur proposamen horren gako nagusiak aurkeztu dituzte Eusko Legebiltzarreko Kultura, Euskara eta Kirol Batzordean AEK eta IKA euskaltegi sareetako kide Aize Otañok eta Joxerra Olanok. Argi utzi dute: euskara «doan» ikasteko modua emango duen eredu bat behar da.
EH Bilduko legebiltzarkide Josu Aztiriak eskatuta izan da agerraldia. Arloa zertan den aztertze aldera eraman ditu hilabeteotan batzordera sektoreko beste hainbat eragile ere. Datu soziolinguistikoei erreparatuta, euskararen atzeraldiaz ari diren eragileak gero eta gehiago direla gogoratu du, eta hizkuntza politikak «eskala handiko erreakzio bat» behar duela. Helburuetako bat argi du: «Euskara ikastea eskubide subjektibo eta unibertsal gisa identifikatu behar dugu». Ikusten dira egun hor «oztopoak eta arrakalak», eta horiek gainditu egin behar direla esan du.
Olanok nabarmendu du urte askotako «gogoeta estrategiko» baten emaitza dela proposamena. Eta, bai, «doakotasuna» helburu aski garrantzitsua da. Izan ere, Euskal Herri osora begira egindakoa da gogoeta, euskararen lurralde osora, eta egoerak askotarikoak dira, baina «oztopoko ekonomikoa» sarri agertzen da traben artean. Horrekin arduratuta, sektorean 2017an hitzartu zuten Doakotasunerazko bidean dokumentua, eta hura osatzera dator gaur aurkeztu duten lanketa.
Definitu egin nahi izan du Olanok zer den beraientzat doakotasuna, edukiz betetze aldera. Horra zein den helburua: «Ikasleek dirurik aurreratu behar ez izatea». Proposamenean ere jaso dute debalde ikasi ahal izateak ez duela lotuta egon behar ikasleak emaitza jakin bat lortzearekin, ikasmaila jakin bat gainditzearekin. «Ahaleginarekin» lotuta egon behar duela uste dute. Jaso dute, hala ere, irizpide objektibo bat: «Gutxieneko bertaratzea %75ekoa izatea». Ikasleak ikasprozesuetan «kronifika» ez daitezen, beste irizpide objektibo bat ere jaso dute: «Ikasleek 2.000 ikastorduko kreditu muga izatea». Horiek zehaztuta, doakotasuna zabaldu egin behar da, ikasmaila apaletatik jasoetara: «Doakoa izan behar du prozesuak bere osoan».
«Euskarazko gaitasuna izateak ahalbidetu dezake euskara eroso erabiltzea»
AIZE OTAÑO AEK-ren Artezkaritza kontseiluko kidea
Gaur aurkeztu duten proposamenak Batuz Aldatu dokumentuan du abiaburua. 2021ean hitzartu zuten Euskal Herri osoko 110 gizarte eragilek. Otañok gogoratu du hor jasotako helburuetan aurrera egin nahi bada euskaltegien jardunak «estrategikoa» izan behar duela, eta helduen euskalduntze «masiboak» ekar ditzakeen onurez jabetu behar dela. «Euskarazko gaitasuna izateak ahalbidetu dezake euskara eroso erabiltzea». Bide horretan, euskara eroso erabiltzeko eremuak sortzen eta garatzen ere egin behar da lana.
Aurrerabideak
Doakotasunean aurrerabideak egiteko asmoa adierazia du Eusko Jaurlaritzak berak ere, eta azken bi ikasturteotan egin ditu aurrera pausoak. Ikasturte honen hasieran Hizkuntza Politikako Sailburuordetzako iturriek jakinarazi zuten ikasleek tasa bat ordaindu beharko zutela euskarako A1 mailan matrikulatzeko, baina «merkea» izango zela. Aurreko ikasturtean, berriz, laguntzak ezarri ziren C1 maila ikasi nahi duten 16 eta 18 urte artekoek «doan» ikasi ahal izateko, eta ikasturte honetan eutsi egin zaie horiei. «Doakotasun politiken emaitza ona» nabarmendu dute ordutik Jaurlaritzako arduradunek eta sektoreko eragileek. Otañok berak gaur nabarmendu du ikasturte honetan A1 mailako ikasleak %20 ugaritu direla.
Otañok azaldu datorren ikasturtera begira bereziki A2 mailan eragin behar dela, aurten hastapen mailan euskaltegiko atea ireki duten horiek ikasten segi dezaten. Esan du «plan mailakatu bat» behar dela doan izateko bidean urratsak egiten jarraitzeko, eta ezinbestekoak direla bestelako «sustapen» politika batzuk ere. Datua berriki atera da plazara: herritarren %38k ez dute inolako interesik euskara ikasteko. Uste du hor ere eragin behar dela.
Agerraldian, Aztiriak ez ezik, EAJko eta PSE-EEko legebiltzarkideek hartu dute hitza. EAJren izenean Alaitz Zabala mintzatu da. PSE-EErenean, Maider Lainez. Biek nabarmendu dituzte urteotan «doakotasunaren bidean» egindako aurrerabideak eta «pixkanaka» aurrera urratsak egiten jarraitzeko konpromisoa azaldu dute.
Agentzia bat
Euskal Herri osora begira jardungo duen «egitura egonkor eta iraunkor bat» ere irudikatu dute euskaltegietako ordezkariek beren proposamenean: «Agentzia bat». Ikasketak doan izatea bermatzeaz gain, profesionalen trebakuntzan eta materialgintzan urratsak egiteko funtzioa izango luke, eta euskara ikastea «beharrezkoa» dela pentsarazten lagun dezaketen hizkuntza politikak koordinatzekoa.
Erakunde publikoak eta herri ekimenekoak batera nahi dituzte agentzia horretan: Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua, Euskararen Erakunde Publikoa, Euskalgintzaren Kontseilua, Euskaltzaindia eta herri ekimeneko euskaltegiak.