«Gaur, galdera nagusia zera da: gurea bezalako herri txiki batek nola jarrai dezake bere hizkuntza gutxitua biziberritzen XXI. mendean? Erantzun oso eta ziurrik inork ez dugu». Horixe adierazi du Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak sare sozialetan zabaldutako mezu batean. Horrez gain, erran du azken hilabeteetan euskararen inguruan egon diren «berri eta polemikek etorkizunari begirako fokua erabat desbideratu» dutela, eta dei egin du «beste maila bateko hausnarketa eta eztabaida» bultzatzera. «Izan ere, euskaldun guztion egiteko moral eta politikoa da jaso dugun hizkuntza hurrengo belaunaldiei uzteko egin beharrekoa egitea. Eztabaida dezagun nola, gatazkatik urrunduz eta zubiak eraikiz», nabarmendu du.
Linkedin sare sozialean zabaldu du mezua, eta, bertan erran duenez, euskara «gatazkaren eremuan» kokatu dute. Izan ere, lehendakariaren iritziz, batzuek diote euskara inposatu egiten dela, eta bertze batzuek, berriz, toki guztietatik erasotzen diotela hizkuntzari. Bertze batzuek, berriz, «etiketak banatzen» jarraitzen dute: «Azken adibidea USaP proban izan dugu, telebistan euskaraz hitz egiten saiatu diren adin txikiko batzuk publikoki umiliatuz». Pradalesen hitzetan, «egoera nahasi» horretan euskara ateratzen da «galtzen».
Hortaz, «begirada altxatu» behar dela adierazi du, eta hausnarketak egitera dei egin. Orain bi urteko inbestidura hitzaldian errandakoak ekarri ditu gogora: «Euskararen biziberritze prozesuak bultzada berria behar zuela adierazi nuen». Eta nabarmendu du horretarako beharrezkoa dela, bertzeak bertze, euskaraz mintzatzen dakitenek elkarri euskaraz aritzea; euskarak eremu berrietan «presentzia handiagoa» izatea; herritarrek euskara «berezko» sentitzea, ama hizkuntza edozein izanik ere; «atxikimendu emozional positiboak» sustatzea; eta migratzaileak euskarara hurbiltzea, «euskararen biziberritzean funtsezko papera dutela barneratuz».
Bide berriak
Orain bi urte aipatutako «bultzada berri» horri ekiteko «bide berriak» urratu behar direla sinetsita dago Pradales: «Elkarlanean ahalik eta indar gehien batuz». Eta, hain zuzen, Eusko Jaurlaritzak martxan jarritako azken egitasmoa aipatu du: Jauzia Gara. «Jaurlaritzak herritar eta eragile guztientzat ireki duen plaza da. Izan ere, argi dugu euskararen herri erronka ezin dela hizkuntz politiketatik edo erakundeen egitasmoetatik bakarrik erantzun. Eta argi dugu elkarrekin egin nahi dugula», adierazi du. Lehendakariaren erranetan, euskararen aldeko pausoak ez dira «inposaketaren ondorio» izanen, ezpada «konpromisoaren, ilusioaren, emozio positiboak sortzearen eta borondateak batzeko gaitasunaren ondorio».
Dena den, aitortu du badela «larritzeko eta kezkatzeko» arrazoirik, baina «okerra» dela horretara bakarrik mugatzea; izan ere, nabarmendu du euskarazko sorkuntzaren arloan «pizkunde berri bat» gertatzen ari dela orain, eta oinarri horren gainean eraiki behar dela hurrengo urratsa. «Musikan, estadioak betetzeko gai garela ikusten dugu; ikus-entzunezkoetan, Zinemaldian edo Goya sarietan arrakasta duten euskaraz pentsatutako eta sortutako filmak ikusi ditugu; edo literaturan, historiako ekoizpen eta hedapen handieneko une bat ezagutzen ari gara», adierazi du.
Euskararen kontrako diskurtsoez ere mintzatu da, eta erran horiek entzun eta horien arrazoiak ulertu ez ezik, «entzuketa eta elkarrizketa» ere sustatu behar direla, euskara herritar guztiena dela eta guztiak behar dituela transmititzeko. «Euskararen hurrengo jauzia gizarte bezala emango dugu, edo ez dugu emango».
«Harrotasun partekatua»
Hain zuzen, Pradales sinetsita dago euskara «askatasunarekin, elkarbizitzarekin, sormenarekin eta aukera berriekin» lotu behar dela, eta, duela 50 urte bezala, orain ere «euskaradun ez diren milaka herritarren konpromisoa» lortu. «Euskara 'askatasuna', 'demokrazia', 'itxaropena' eta 'etorkizuna' bezalako balioekin lotzen jakin izan zuen gure Herriak. Aldaketa sakonen garaia zen, dena abiadura bizian zihoan, baina euskara balio positiboekin identifikatzen genuen». Hala, berriz ere bide horri ekiteko garaia dela adierazi du, bere hizkuntza zaintzen duen herri baten «harrotasun partekatua» hauspotuz.
Euskaldun guztiei «noranzko berean» batzeko deia egin die, betiere Jaurlaritzak sustatutako Jauzia Gara ekimenaren bidez; euskara «balio positiboekin» lotzeko. «Estadioak ez ezik, euskarak eskoletako patioak, tabernetako elkarrizketak edo herriko plazak ere bete ditzan. Euskara guztiona delako eta guztiok zaindu eta sustatu behar dugulako», borobildu du.