Euskara, katalana eta galiziera sustatzeko «politika aktiboak» galdegin ditu Kataluniako Generalitateko presidente Salvador Illak. Are: esan du halako neurriak aplikatu ezean arriskua dagoela hizkuntza horien erabilera murrizteko, «hain baita handia gaztelaniaren indarra». Horregatik uste du «okerra» dela hizkuntza politikak «judizializatzea»: «Halakoak erabakitzeko esparrua politika da. Nik hori oso argi dut, eta irmoak izan beharra dugu afera horretan».
Illak Gasteizen egin ditu adierazpen horiek, Noticias taldeak antolatutako gosari informatibo batean. Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradalesekin eta PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Anduezarekin ere batzartu da goizean.
Euskarak, katalanak eta galizierak «aberastasun kolektibo handia» osatzen dutela uste du Generalitateko buruak, eta ideia hori zabaltzeko bidean, behar-beharrezkotzat jo du hizkuntza horiei ofizialtasun estatusa aitortzea Europako Batasunean ere: «Hori egiteak mezu bat bidaliko luke, baina ez soilik Europari, baita Kataluniako, Euskal Herriko eta Galiziako gizarteei ere: hizkuntza horien ekarpena eta aberastasuna aintzat hartzen delako mezua».
PPren telefono deia
Hizkuntza gutxiagotuak Europan ofizial izan daitezen «lanean» ari direla berretsi du Illak, eta «erabat ziur» da helburua lortuko dutela «goiz ala berandu». Horretarako, baina, ezinbestekotzat jo du «gobernuen arteko lankidetza». PSCko idazkari nagusiaren ustez, gainera, Europako Batasuneko gobernu gehienak bat datoz gai horretan: «Oro har, Europak begi onez ikusten du hizkuntza hauek aintzat hartzea, baina egia da herrialde bakan batzuek zalantzak agertu dituztela; Alemaniak, kasurako».
Illak gaineratu du PPren «maniobren» ondorioz ez direla euskara, katalana eta galiziera jada Europako hizkuntza ofizial: «Hau konponduta ez badago, hori PPrengatik da, telefono dei batzuk egin zituztelako». Presidentearen irudiko, PPk ez zuen horretarako beharrik. «Nahikoa zuten telefonoa ez altxatzea, baina altxatu egin zuten, zera esateko: 'Ez ezazue egin'. Nik ez dut ahaztu hori, eta Euskadiko herritarrek ere ez lukete ahaztu behar».
Espainia «plural eta askotarikoa» nahi duela berretsi du Kataluniako gobernuburuak, haren ustez horrek bermatzen baititu «egonkortasuna eta oparotasuna»; eta «etorkizun federal» bat opa die hala Espainiari nola Europari.
Harremanak Jaurlaritzarekin
Gasteizen emaniko hitzaldian, Illak adierazi du EAE eta Katalunia direla «erakundeen arteko leialtasunaren eta elkarlanaren berme», eta bi erkidegoetan elkarbizitza dela «egonkortasun sozialaren eta ongizate partekatuaren oinarria». «Muturreko polarizazioa eta amorrua gailentzen ari diren garaiotan, gure gizarteak dira adiskidetzearen adibiderik garbienak, eta hori ez da gutxi: politika eraikitzailea, itunak egiteko gaitasuna eta errespetua sustatzen ditugu, eta hori berreskuratu beharra dago», esan du.
Bi erkidegoetan martxan jarritako politika publikoak goraipatu ditu Generalitateko buruak; besteak beste, etxebizitzaren, industriaren, energiaren eta berrikuntzaren esparruetan. Klima aldaketaren auzian ere egin du azpimarra: «Beharrezkoa da alor horretan ere elkarlana sendotzea, eta horren adibide garbia da Pyrenees4Clima proiektua».
Puigdemont eta Junqueras
Azkenik, Illak gogorarazi du Katalunian elkarbizitza ez dela «erabatekoa» izanen Carles Puigdemont president ohiari eta ERCko lehendakari Oriol Junquerasi Amnistiaren Legea aplikatzen ez zaien bitartean: «Lege hori eskuzabaltasun ariketa bat da, eta Espainian apenas duen aurrekaririk». Horregatik uste du legea bere osoan aplikatu beharko litzatekeela, eta epaileak ari direla hori oztopatzen: «Nik errespetu erabatekoa diot botere judizialari, baina errespetu bera eskatzen dut beste bi botereentzat; kasu honetan, botere legegileak erabaki bat hartu zuen beharrezko arau eta prozedurak erabilita, eta aplikatu beharrekoa da».
Horregatik, amnistia eskatu du «Puigdemont jaunak aukera izan dezan Kataluniara itzultzeko, eta Junqueras jaunak aukera izan dezan hauteskundeetara aurkezteko, hori baita falta dugun urratsa».