CCOO sindikatuak zabaldu du berriz albistea: funtzio publikoan euskararen erabilera sustatzeko neurri bat ezeztatzeko ebatzitako sententzia bat da, Gipuzkoako Diputazioaren aurkakoa berriro. Hain justu ere, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ebatzi du foru erakundeak ez zuela ondo jokatu Eibarko Egogain zaharren egoitzarako lan deialdi publiko batean egin zuen hizkuntza hautuan; izan ere, lanpostu guztiei jarri zien euskaran B2 maila izateko derrigortasuna. Sententziaren arabera, ez zen hautu egokia izan. CCOOk azaldu duenez, auzitarako bidea hainbat langilek egin zuten, eskakizuna gehiegizkoa zelakoan. Aldeko epai bat jasoa zuten, eta horren berrespena jaso dute orain.Â
Auzitara jo zuten langileen soslaia nabarmendu du CCOOk: aditzera eman duenez, behin-behineko lanpostuetan hamarraldiak egindakoak dira haietako batzuk. Euskaltegian ibilitakoak direla esan du, eta aparteko ahalegina egin behar izan dutela, langile behin-behinekoak izateagatik ez baitute modurik izan lanorduetan euskaltegira joateko. Sindikatuaren arabera, langileen kexa da lan deialdian eskatu zietela B2 maila izatea ahozkoan eta idatzizkoan, eta ez dute hori egiaztatzerik. Hala ere, euskaraz komunikatzeko gai direla esan du, eta eskakizuna bera egiaztatua izatea ez dela «beharrezkoa». Sindikatuak azaldu du, gainera, normalean langileok taldeka lan egiten dutela, eta, horren ondorioz, ez dela beharrezkoa langile guztiek hizkuntza eskakizuna egiaztatua izatea, taldeka lan eginda errazagoa baita arta elebiduna bermatzea. Auziaz ari denean askotan ematen du CCOOk argudio hori bera; kontrara, ez du aipatzen euskaraz lan egiteko bidean langile elebakarrak izateak dakarren zailtasun handia.Â
Hainbatetan emandako mezua berretsi du sindikatuak orain berriro: zenbait erakundek legeak ezarritako derrigortasun indizea gainditzen dute hizkuntza eskakizunak ezartzean, eta horren ondorio dira epaileak kontra ebazten ari diren sententziak. EAJren «noraezari» egotzi dio gertatzen ari dena.
Euskalgintzaren Kontseiluak esana du igaro urteotan ehun sententzia baino gehiago ebatzi direla euskararen biziberritzea sustatzeko administrazio publikoan hartutako erabakien kontra. Aspaldi adierazia du «oldarraldi judizial» horren gaineko kezka, eta ez du etenik. Gipuzkoako Diputazioaren kontrakoak izan dira epai horietako asko. Aitzindaria izan da administrazioaren euskalduntzean, erreferente bat, baina gero eta zailagoa du aurrera egitea. Eta atzera egin beharrean dagoela ere aitortu du. Joan den urteko udazkenean onartu zuen zenbait hizkuntza eskakizunen derrigortasuna atzeratuko duela «epaiek hala behartuta».Â
Egoera juridiko korapilatsu hori askatzen lagun dezakeelakoan, Euskal Enplegu Publikoaren Legea erreformatzeko bi proposamen daude erregistratuta egun Eusko Legebiltzarrean. EAJrena da bat, eta EH Bildurena bestea.Â