Hizkuntza eskakizunen negoziazioetan atea jotzen segituko duela esan die EH Bilduk EAJri eta PSE-EEri

Koalizioak gogoratu du paradigma aldatu behar dela arlo horretan, eta horretarako bidea ematen duela Euskal Enplegu Publikoaren Legea erreformatzeko ondu zuten proposamenak: «Ez da ulergarria, ezta onargarria ere, EH Bildurekin adostu nahi ez izatea».

Euskararen aurkako oldarraldi judiziala salatzeko protestetako bat, artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU
Euskararen aurkako oldarraldi judiziala salatzeko protestetako bat, artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU
arantxa iraola
2026ko otsailaren 7a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Administrazio publikoan euskararen ezagutza egiaztarazteko irizpideak babeste aldera, Euskal Enplegu Publikoaren Legea erreformatzeko bi proposamen aurkeztuak dituzte Eusko Legebiltzarrean. EAJk proposatua da bat: hizkuntza eskakizunak ezartzeko derrigortasun indizea kentzea du helburu. EH Bilduren ekinbidez aurkeztutakoa da bestea, eta, hartan, sakonagoa da aldaketa asmoa; helburu behinena da euskara gaitasuna egiaztatzeko derrigortasuna ezartzea funtzio publikoko lanpostu guztietan: paradigma aldatzea, alegia. Iazko urriaren 10ean, Eusko Legebiltzarrean erreforma bien gaineko bozketa egin zenean, EH Bilduk jeltzaleen proposamenaren aldeko botoa eman zuen; jeltzaleak, berriz, abstenitu egin ziren EH Bildurena bozkatu zenean. Horregatik egin zuten aurrera bi erreforma proposamenenek. Baina elkarrenganako hurbilketarik ez da orain. Auziari buruzko negoziatzen ari dira EAJ eta PSE-EE, eta EH Bildurekin ez dute elkarrizketarik. «Elkarren artean negoziatzea erabaki dute», azaldu du EH Bilduko legebiltzarkide Josu Aztiriak. 

Orain artean bederen, Jaurlaritzako gobernu koalizioan ari diren bi taldeetako bat ere ez da hurbildu EH Bildurengana, Aztiriak berretsi duenez. «Esan izan dute hizketan ari garela, baina ez da egia, eta ez dute horretarako asmorik». Azaldu duenez, EH Bilduk aste honetan bertan «berriro» adierazi du «erabat prest» dagoela hitz egiteko, baina beste aldetik ez zaie horretarako aterik ireki. Euskararen biziberritzearen aldeko neurrien aurkako oldarraldi judizial betean, Aztiriak gogora ekarri du paradigma aldaketa bat behar dela arlo horretan, eta horretarako bidea ematen duela, hain justu ere, Euskal Enplegu Publikoaren Legea erreformatzeko ondu zuten proposamenak. Horregatik uste du hutsegite larria dela proposamen hori bazterrean utzi nahi izatea. «Ez da ulergarria eta ezta onargarria ere gai honetan EH Bildurekin adostu nahi ez izatea. Euskarak dituen behar eta bermeen bizkar negoziatzen ari dira, alderdien interesak euskararen beharren gainetik jartzen, transakzioen politika herri akordioen gainetik jarrita».

«Euskarak dituen behar eta bermeen bizkar negoziatzen ari dira, alderdien interesak euskararen beharren gainetik jartzen»
JOSU AZTIRIA

EH Bilduko legebiltzarkidea

«Negoziazioetan» ari direla: propio gaiari buruz galdetuta, horixe besterik ez dute baieztatu nahi izan Eusko Jaurlaritzan gobernu koalizioan ari diren bi taldeetako komunikazio iturriek. Hortik aparteko zehaztapenik ez dute eman. Aurreratu dute, hori bai, gaiaren inguruko berriak izango direla aurki. Beste hedabideetan egindako adierazpenetan, ordea, gaiari buruz solastatu dira. Adibidez, PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Anduezak lehengo astean Onda Cero irratian egindako adierazpenetan azaldu zuenez, ikusten dute jeltzaleekin akordio bat lortzeko bidea. Onartu zuen hizkuntza eskakizunen auzian alde «handiak» daudela bi alderdien artean, eta ez dutela asmorik zenbait «marra gorri» gainditzeko. Hala ere, ikusten du ados jartzeko aukera. Berretsi zuen, halaber, «hutsegite bat» izan zela jeltzaleek erreforma proposamen hori aurkeztu izana. Berez, hilaren 19an amaitzen zen zuzenketak aurkezteko epea, baina PPk bi astez luzatzeko eskatu du. Ikusi beharko da zer gertatzen den epealdi horretan.

Gaiak zer-nolako garrantzia duen jakinda, Aztiriak berritu egin nahi izan du elkarrizketarako deia, eta EAJri eta PSE-EEri esan die eraiki duten murrua hausteko: «Erantzukizunez jokatzeko garaia da. Epemuga guztiak amaitu arte, azken ordura arte egongo gara elkarlanerako prest». Erantsi du, halaber, akordiorako abiaburu izan daitekeen testu bat ere prest dutela. Euskararen eta gaztelaniaren arteko berdintasuna, hizkuntza eskubideak errespetatzea eta prozesua «malgutasunez» egiteko konpromisoa. Gogora ekarri du horiek dituztela printzipio nagusi gisa, eta pentsatzen du denek ontzat emateko modukoak direla. «Uste dut inork ezin duela zalantzan jarri halako printzipiorik». Uste du erreforma proposamenak aztertzeko Eusko Legebiltzarrean egin diren agerraldietan agerian geratu dela EH Bilduren proposamena «sendoa» dela, eta bermeak ematen dituela «jauzi bat» egiteko inor atzean utzi gabe: «Progresibotasuna eta malgutasuna kontuan hartuta».

Geroratzeaz

Hain justu ere, EH Bilduren proposamenaren ardatzetako bat da hizkuntza eskakizunen derrigortasuna «malgutzea» orain arte hizkuntzen egiaztatzean erabili ez den tresna batekin: geroratze indizearekin. Lanpostu publiko guztietan euskaraz jakiteko betebeharra ezarri eta zenbait kasutan beharrezkotasun hori geroratzeko bidea irekitzea da helburua. Eta, hain justu ere, indize horren inguruan negoziatzeko prest daudela azaldu dute EH Bildun behin baino gehiagotan.

Beste hainbat sektoretan ere badago kezka hizkuntza eskakizunen harira. Asteon bertan kalera atera dira langile publikoak: ELA, LAB eta Steilas sindikatuek deituta, «berme juridikoak» eskatu dituzte administrazio publikoan euskararen presentzia ziurtatzeko eta areagotzeko. Esan dute neurri eraginkorrik hartu ezean ez diotela utziko kalera ateratzeari. Izan ere, euskararen biziberritzea sustatzeko araudia gero eta ahulagoa da: urteotan ehundik gora sententzia plazaratu dira kontra, eta metatuz joan da euskararen aldeko neurriak auzitan jartzen dituen jurisprudentzia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.