Euskarak behar duen «paradigma gaurkotua» eraikitzera deitu du Pradalesek

'Jauzia gara' ekinbideari buruzko hitzaldia eman du Euskararen Aholku Batzordearen aurrean, eta esan «elkarrizketa zabala» sustatu nahi dutela datorren urterako ondu nahi duten kongresuan: «Ez dugu topaketa akademiko hutsa izatea nahi».

Imanol Pradales, erdian, atzo Euskararen Aholku Batzordean egindako agerraldian. IREKIA
Imanol Pradales, erdian, atzo Euskararen Aholku Batzordean egindako agerraldian. IREKIA
arantxa iraola
2026ko maiatzaren 28a
18:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iazko ekainean, inbestidura saioaren lehen urtemugaren atarian, Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradalesek ekitaldi jendetsu bat egin zuen Bilbon, eta jakinarazi dinamika bat abiaraziko zutela, Jauzia gara lelopean, euskararen biziberritzearen alde. «Euskararen geroa» irudikatzeko prozesu bat izango zela aurreratu zuen, eta 2027an biribilduko zela, euskararen inguruko biltzar handi batekin. «Asmoa da bi urteko epean lanketa zabala eta plurala egitea, eta nazioarteko biltzar handi, heterogeneo eta esanguratsu bat eginda amaitzea», zehaztu zuen Pradalesek. Prozesuaren xedea ere argi utzi zuen: «herri gisa jauzi kualitatibo bat» ematea euskararen biziberritzean. Gaur Euskararen Aholku Batzordeak bilera izan du Lehendakaritzan, eta, hasieran eman duen hitzaldian, Pradalesek hizpide izan du berriro egitasmoa. Han batutako guztiei lankidetzarako deia egin die, esan baitu euskarak behar duen «paradigma gaurkotua» lankidetzan eraiki beharko dela.

«Hamarkada hauetako esperientzian, beste errealitate batzuk agerian geratu dira: ez da nahikoa hizkuntza bat ulertzearekin eta mintzatzen jakitearekin»

IMANOL PRADALES Eusko Jaurlaritzako lehendakaria

Iaz, kongresua iragartzeko egin zuen ekitaldian, ondoan gizartearen ordezkaritza zabala eduki nahi izan zuen Pradalesek: hainbat arlotako 270 lagun bildu zituen, eta lankidetzarako deia egin zien. Gaur berritu egin du deia. Onartu du kezkak agerikoak direla, nahiz eta «pozik eta harro» egoteko motiboak badiren euskararen biziberritzeak urteotan izan duen bilakaerari dagokionez. «Izan ere, hamarkada hauetako esperientzian, beste errealitate batzuk agerian geratu dira: ez da nahikoa hizkuntza bat ulertzearekin eta mintzatzen jakitearekin». Mundua, gainera, bizkor aldatzen ari da, eta aintzat hartu beharreko eremu berriak ari dira sortzen. «Gizarte, komunikazio eta teknologia eraldaketei lotuta, erronka berriak ditugu aurrean», erantsi du Pradalesek. «Horiek ulertu eta erantzun gaurkotuak eta egokiak ematearen araberakoa izango da euskararen etorkizuna, neurri handi batean».

Bide berri horien bila, galdera «deserosoak» ere sortzen direla onartu du lehendakariak. Zerrendatu egin ditu horietako zenbait: «Euskaraz ondo dakiten bi pertsonak zergatik ez dute elkarrekin erabiltzen? Euskararen gainean gaur egun ditugun espektatibak neurrikoak al dira? Migrazioak nolako eragina izango du? Zergatik dauka gizartearen parte batek euskara elementu negatibotzat?». Jauzia gara ekinbideak, hain justu ere, horien gainean gogoetatzeko plazak ireki nahi dituela esan du. Eta horretan ezinbestekoa izango dela lankidetza. «Gobernuak eta euskal erakundeek bakarrik ezin dugu egin. Euskarak behar duena ezin da politika publikoetatik bakarrik egin». Propio aipatu du, adibidez, gaur bertan Euskalgintzaren Kontseiluak 2030erako erronkekin aurkeztu duen proposamena.

Hiru bide

Martxan duten ekinbidearen bitartez hiru eremutan jardun nahi dutela esan du Pradalesek. Lehena da politika publikoak «berritzea eta egokitzea». Bigarrena, euskararen erabilerako «baldintzak, guneak eta aliantzak» sortzea. Hirugarrenak, berriz, euskararekiko «lotura emozional berriak» garatzea du helburu. Azken helburu horrekin lotuta, Euskararen Ahotsak izeneko «entzute prozesuak» berebiziko garrantzia izango duela esan du. 

Kongresuari dagokionez, zehaztu du «elkarrizketa zabal eta partekatu baten» emaitza izatea nahi dutela. «Ez dugu topaketa akademiko hutsa izatea nahi». Esan du «nazioarteko begirada» izango duela, baina herrian bertan zuztartutako «erronkei eta aukerei» lotuta egongo dela. 1956an Munduko I. Euskal Mundu Biltzarra egin zen Parisen, eta Jaurlaritzak esana du mugarri hura gogoan hartuta egin nahi dutela orain kongresua. 1956ko irailaren 23tik 29ra egin zuen lehen topaldi hura erbesteko Eusko Jaurlaritzak, Jose Antonio Agirre lehendakaria buru zela. Lehenengo hura gogoan hartuta, Jose Antonio Ardanzaren lehendakaritzapean egin zen bigarrena, 1987an: 35 bilkura antolatu ziren, bederatzi zientzia eremu ardatz hartuta.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA