Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran hizkuntza eskakizunen gaineko lege proposamenak eztabaidatzen ari ziren bitartean, ELA eta LAB sindikatuek protesta egin dute kalean. Bi mobilizazioen artean metro gutxi batzuk egonda ere, antzeko mezuak ozendu dituzte bi sindikatuek. Euskarak eta gaztelerak estatus juridiko bera izatea eta administrazio publikoa euskalduntzea exijitu dute. Era berean, biek ala biek nabarmendu dute EH Bilduren lege proposamenak «hobeto» bermatuko dituela helburuok.
Ikusi gehiago
Goizeko hamaiketarako deitu dute protestetara bi sindikatuek legebiltzarreko atarian. LAB Zerbitzu publikoetan euskarari eragin! lelodun pankartaren atzean mobilizatu da, eta ELAk Administrazioan euskara zerbitzu eta lan hizkuntza goiburuarekin egin du protesta. Oihukatu dituzten leloak ere antzekoak izan dira: administrazio publikoan euskaraz aritzeko eta euskaraz lan egiteko eta bizitzeko eskubideak aldarrikatu dituzte, bai eta euskararen aurkako erasoak gaitzetsi ere.
«Larria da EAJk PSEren presioari men egin izana oldarraldi juridiko-politiko betean»
XABIER UGARTEMENDIA LAB
Xabier Ugartemendia LABeko Federazio Publikoko arduradunak ohartarazi du euskara «atzera» egiten ari dela eta «larrialdian» dela, eta horrek «egoera larrian» jartzen duela administrazioaren euskalduntzea. LABeko ordezkariaren ustez, «lege bermeak» behar dira zerbitzu publikoak euskalduntzeko, eta legebiltzarrean eztabaidatu diren bi proposamenetatik EH Bildurenak «egokiago» erantzuten diola aferari: «Berme osoa ematen dio euskara babesteari, euskara eta gaztelera parekatzen ditu, eta beharrezkotzat jotzen du administrazio publikoan bi hizkuntza ofizialak jakitea».
EAJren proposamenak, aldiz, ez du jasotzen administrazioek bete beharreko inolako «irizpide zehatz eta egiaztagarririk», eta derrigortasun indizea kentzea proposatzen du, LABeko arduradunaren iritziz. Gainera, sindikatuak uste du, jeltzaleen proposamena indarrean jarriz gero, unean uneko arduradun instituzionalaren borondatearen esku geratuko litzatekeela hizkuntza eskakizuna izango duten lanpostuen ehunekoa ezartzea, eta horrek atea irekiko liokeela administrazioaren euskalduntzean «atzerantz» egiteko arriskuari. «Larria da EAJk PSEren presioari men egin izana oldarraldi juridiko-politiko betean», salatu du Ugartemendiak.
Hala, LABek «ausardia» galdegin dio EAJri, proposamenak lege bihurtu bitarteko eztabaidan euskarari «ahalik eta segurtasun juridiko handiena» eman ahal izateko. Izan ere, sindikatuak uste du lege berriak «euste horma sendoa» behar duela izan, epaitegien etengabeko esku hartzeen aurka.
ELA: «Bada garaia»
ELAk, berriz, EAEko administrazioetan «behingoz» euskara gaztelaniaren menpeko izateari uzteko exijentzia eraman du legebiltzarreko atariraino. Pello Igeregi sindikatuko euskara eta negoziazio kolektiboko arduradunaren hitzetan, «bada garaia» bi hizkuntza ofizialek estatus juridiko bera izan dezaten, eta euskarak gaztelaniaren menpeko hizkuntza izateari utz diezaion. Gainera, uste du «arrazoizko epe bat» ezarri behar dela gaztelaniaz gain euskara ere eska dadin lanpostu guztietan.
«EH Bilduren lege proposamenak aukera ematen du administrazioetan euskara erabat ofizial bilakatzeko, euskaraz ez dakiten langileen enplegua arriskuan jarri gabe»
PELLO IGEREGI ELA
Igeregiren esanetan, EH Bilduren lege proposamenak aukera ematen du ELAk eskatutako ibilbidea egiteko, bi berrikuntza jasotzen dituelako: batetik, lanpostu guztietan gaztelaniaz gain euskara exijitu ahal izatea, beharrezkoa denean salbuespenak ezartzeko aukera izanda; bestetik, langile erdaldun elebakarrek lehen aldiz euskara ikasteko prestakuntza ibilbide profesionalizatu bat izateko eskubidea izatea. «EH Bilduren lege proposamenak aukera ematen du administrazioetan euskara erabat ofizial bilakatzeko, euskaraz ez dakiten langileen enplegua arriskuan jarri gabe», azpimarratu du.

EAJren proposamenari, ordea, gabeziak atzeman dizkio ELAk. Besteak beste, uste du euskara menpeko hizkuntza gisa mantenduko duela, gaztelaniaren exijentzia orokortua onartzen duelako, eta euskaraz ez dakiten langileek jarraitu beharko dutela beren kontura euskalduntzen.
Horiek horrela, ELAk eskatu du ezen, hurrengo hilabeteetan lege proposamenak Eusko Legebiltzarrean eztabaidatzen direnean, EAJren ekinaldia baztertu eta EH Bildurena har dadila oinarri gisa, «herritarren hizkuntza eskubideak eta langile guztien lan eskubideak hobeto bermatzen dituelako».
CCOO, bi proposamenen aurka
Bestalde, CCOO sindikatuak, ohar batean, arbuiatu egin ditu EAJren eta EH Bilduren proposamenak. Kritikatu duenez, bi ekinbideek «gehiegizko» hizkuntza eskakizunak jasotzen dituzte, eta, beraz, «EAEko errealitate soziolinguistikotik» aldentzen dira. Uste du gai horretan edozein aldaketa egin aurretik, langileen legezko ordezkarien parte hartzea bermatu beharko litzatekeela. Hori hala, prest agertu da lan egiteko «bizikidetza eleanitza» bermatu dadin, eta euskarak «adostasunetik» aurrera egin dezan.