Gaur ere ez. Espainiako Gobernuak zortzigarren aldiz eraman du Europako Batasuneko Kontseiluko auzi orokorrei buruzko bilkurara euskara, galegoa eta katalana Europako Batasunean ofiziala izateko eskaera, baina gaur ere ez diote aterik zabaldu aukera horri. Auzia informazio gisa eraman du Espainiako Gobernuak bilkurara, ez eztabaidagai gisa; horrek Madrili bere proposamena azaltzea baino ez dio ahalbidetzen, eta estatuek ez dute proposamenaren inguruan botoa ematerik.
Fernando Sampedro Europako Batasuneko estatu idazkariak eraman du gaia bilkurara, eta bost bat minutuko azalpena baino ez du eman. Bilkurara sartzerako, esan du zalantza guztiak argitzeko prest dagoela eta Espainiako Gobernuak etxeko lanak eginak dituela: «Espainiak eskatu du eskatu behar zuen guztia eta eman du eman behar zuen guztia. Ez dago zalantzarik. Dokumentu gehiago eskatu dizkigute; jakin nahi nuke zalantzak dituztelako eskatu ote dituzten. Zalantzaren bat baldin badago, erantzuteko prest gaude».
Espainiak Europako Batasunean herrialde gehiago sartzea —Montenegro eta Albania daude aurreratuen— hiru hizkuntzak ofizial egitearekin lotu du. Horren aurka mintzatu dira zenbait herrialdetako ordezkariak, besteak beste Alemaniakoa, Suediakoa eta Lituaniakoa.
Zortzigarren aldiz
Gaurkoa ez da gaiaz Europako Batasuneko Kontseiluan mintzatzen diren lehen aldia: beste zazpi aldiz landu dute auzia, eta behin eta berriz atzeratu dute bozketa, azkeneko aldiz iazko uztailean. Handik hilabete batzuetara, urrian, Sampedrok berak esan zuen ez zutela gaia berriro eramango bilkuretara, aurrez bertan parte hartzen duten estatu guztien aldekotasuna lortu gabe. Gaur, auzia informazio gisa baino eraman ez dutenez, ez dute botoa ematerik izan.