Euskararekin 'match' egin dute gazteek

'TindEHEr' proiektuaren lehen topaketak egin dituzte iragan asteburuetan Euskal Herriko gazte taldeetako kideek. Egoera soziolinguistiko ezberdinetan bizi arren, euskarak batzen dituela ikasi dute.

Artiako gazte asanbladako, Berriozarko Txolin gaztetxeko eta Lezoko Piztu Lezo gazte asanbladako kideak, Gautegiz Arteagan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Artiako gazte asanbladako, Berriozarko Txolin gaztetxeko eta Lezoko Piztu Lezo gazte asanbladako kideak, Gautegiz Arteagan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Julen Urrestarazu
2025eko abenduaren 26a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

EHE Euskal Herrian Euskaraz-ek eta Gazte Euskaltzaleen Sareak TindEHEr egitasmoa aurkeztu zuten udan, Euskal Herriko gazte militante antolatuen taldeek match egiteko. Bada, egin dituzte lehen bederatzi topaketak, eta urtarril amaierara arte halako beste lau egingo dituzte.

Baldintza bakarra jarri zuten EHEk eta Gazte Euskaltzaleen Sareak match-ak egiteko: elkartzen diren gazte asanbladak, gaztetxeak edo gazte mugimenduak eremu soziolinguistiko desberdinetakoak izatea. Lurralde desberdinetako gazte taldeak saretzeaz gain, haien artean euskaraz aritzea eta topaketako kideen egoera soziolinguistikoa ezagutzea ere badira egitasmoaren xedeak.

1

Gautegiz Arteaga-Berriozar. Egoera soziolinguistiko ezberdinak

Berriozarko (Nafarroa) gazte batzuk Gautegiz Arteagan (Bizkaia) egon ziren asteburu oso batean. Ez zuten inor ezagutzen Busturialdeko herri txiki hartan; baina gazte horiek Artiako Gazte Asanbladarekin eta Piztu Lezo gazte asanbladako kideekin (Gipuzkoa) match egin zuten. Besteak beste, Artiako Gazte Asanbladako kide Asier Gomezek eta Berriozarko Txolin gaztetxeko kide Saioa Ropero Fernandezek parte hartu zuten topaketan. Match egin duten hiru gazte asanbladen arteko desberdintasunak azpimarratu ditu Gomezek: «Apur bat ezberdinak gara bai soziolinguistikoki bai kulturalki, baita adin tarteari dagokionez ere». 

Desberdintasunak gainditzeko, euskara izan da hiru gazte taldeen artean harremanak sustatzeko giltzarria. Bai Gomezek bai Roperok argi daukate egoera soziolinguistiko ezberdinak dituzten bi herritan bizi direla;  Gautegiz Arteagako, Berriozarko eta Lezoko egoerak ulertzen saiatzeko balio izan die topaketak. Eustaten arabera, Gautegiz Arteagako herritarren %81,1ek bazekiten euskaraz hitz egiten 2021ean. Lezon, %60,9 ziren euskaraz hitz egiten zekiten biztanleak. Berriozarren apalagoak dira datuak: herritarren %15,2k zekiten euskaraz 2022an, Nastaten arabera. «Ia ez dugu aukerarik euskaraz hitz egiteko toki askotan. Askok ez dute familia euskalduna, eta euskararekin duten harreman bakarra ikasketen bidez dute», hausnartu du Roperok.

Hori dela eta, onartu du «kosta egin» zitzaiela «asteburu osoan» euskaraz hitz egitea: «Egia da, asanbladaren balorazioa eginda, ez genuela nahi genuen bezainbeste hitz egin euskaraz». Izan ere, adierazi du Txolin gaztetxeko kideen helburuetako batzuk «asanblada euskalduntzea» eta «harremanak euskaraz sortzea» direla, eta «beste errealitate batzuk» ere ezagutu nahi zituztela.

«Berriozarren ia ez dugu aukerarik euskaraz hitz egiteko toki askotan. Askok ez dute familia euskalduna, eta euskararekin duten harreman bakarra ikasketen bidez dute»

SAIOA ROPERO FERNANDEZ Berriozarko Txolin gaztetxeko kidea

Azaldu du «euskalduntze bidean» daudela, baina aitortu du «asko» geratzen zaiela bide horretan, prozesu «luzea» izaten baita: «Euskararen gaineko kontzientzia politikoa eta kultura militantea piztu nahi ditugu asanbladan». Hala ere, Ropero «harro» dago gaztetxeko kideek egin duten saiakeragatik eta harremanak euskaraz sortzeagatik.

Gomezek azaldu duenez, berriozarkoen «testuingurua ulertzen» lagundu die topaketak: «Zera erakutsi digute: Iruñerriko eta Nafarroako erdalduntze makinaren gordintasuna». Hortaz, Artiako Gazte Asanbladakoek ikasi dute baloratzen eremu erdaldunago askotan «euskaraz hitz egitean egin behar duten ahalegina». Hala ere, Gomezek uste du «erdalduntze zurrunbiloa» Euskal Herriko «izkina guztietara» heltzen dela.

Artiako Gazte Asanbladako eta Berriozarko Txolin gaztetxeko kideek ez dute nahi haien arteko harremana topaketa huts izatea. Zera nahi dute, harreman berriak sortzea Euskal Herri osoan zehar, eta horrela beste testuinguru batzuk ulertzea. «Guk gure eskualdeko edo Bizkaiko jendearekin izaten dugu harremana, eta ez dugu aukerarik izaten beste lurraldeetako jendearekin aritzeko», azaldu du Gomezek.

«Guk gure eskualdeko edo Bizkaiko jendearekin izaten dugu harremana, eta ez dugu aukerarik izaten beste lurraldeetako jendearekin aritzeko»

ASIER GOMEZ Artiako Gazte Asanbladako kidea

Haien artean desberdintasunak egon arren, Gomezek uste du beste taldeek ere «ezinegon» berak dituztela: «Gazte asanblada guztion izaeran badaukagu konnotazio politiko minimo bat, eta testuinguru soziokultural berean errotzen gara». Gainera, azaldu du topaketan «euskararen inguruko eta nazio ikuspegiaren aldeko kontzientzia» sortzen saiatu direla. 

Roperok ere uste du hiru gazte taldeek «ardatz» berak dituztela: «Euskara, antolakuntza, autogestioa eta herritik eta herriarentzat ekitaldiak sortzea». Horrez gain, nabarmendu du Artiako Gazte Asanbladakoek izandako gaitasuna «horrelako egun bat» antolatu ahal izateko, nahiz eta herri «nahiko txikia» izan eta «antolatzeko tokirik» ez izan.

Saioa Ropero Fernandez eta Asier Gomez, Gautegiz Arteagan egindako topaketan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Saioa Ropero Fernandez eta Asier Gomez, Gautegiz Arteagan egindako topaketan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

2

Baiona-Errenteria. «Ezjakintasun artifiziala» gainditzera

Azaroaren 29an, Oreretako Gazte Asanbladak eta Baionako Zizpa gaztetxeak egin zuten match. Baionako gaztetxeko kideak joan ziren Errenteriara (Gipuzkoa) eguna pasatzera. Kide horietako bat Martxela Aneva Fuths da: «Euskara eta euskaltzaletasuna normalizatu, eta plazer bilakatu dugu egunez eta gauez».

Zizpa gaztetxeko kideak azaldu du ongi moldatu zirela Errenteriakoekin euskaraz hitz egiterakoan, eta «mugak inposatzen duen ezjakintasun artifiziala» gainditu zutela: «Hainbesteraino barneratu dugu Ipar Euskal Herriko eta Hego Euskal Herriko muga administratiboa, ezen iruditzen baitzaigu batak bestea ez duela ulertuko». Hala ere, Anevak onartu du Ipar Euskal Herriko herritarren «belarria prestatuago» dagoela Hego Euskal Herrian hizkuntzak dituen berezitasunak ulertzeko, alderantziz baino: «Guk kontsumitzen ditugu irratiak, egunkariak eta liburuak Hegoaldeko bustidura dutenak».

«Hainbesteraino barneratu dugu Ipar Euskal Herriko eta Hego Euskal Herriko muga administratiboa, ezen iruditzen baitzaigu batak bestea ez duela ulertuko»

MARTXELA ANEVA FUTHS Baionako Zizpa gaztetxeko kidea

Anevari iruditu zaio bai Baionan bai Errenterian zera dagoela: «Euskararen jakintzaren eta erabileraren arteko talka». Hala ere, uste du bi herrien egoera soziolinguistikoak «ez dutela zerikusirik», Errenterian «jende gehiagok» baitaki euskaraz hitz egiten Baionan baino. Eustatek eta Soziolinguistika Klusterrak diotenez, errenteriarren %43,6k zekiten euskaraz eta euskararen erabilera %10,9koa zen 2021ean. Baionako kaleetan, ordea, %2,5ekoa zen euskararen erabilera.

Anevak uste du Lapurdiko hiriburuan harremanak sortzea geroz eta zailagoa dela; are gehiago harreman horiek euskaraz sortu nahi badira. Hortaz, azaldu du gaztetxean euskaraz hitz egitea «hautu politiko» batetik datorrela: «Baionan, oro har, euskaraz hitz egitea hautu politiko bat da. Guk ohitura hartu dugu gure artean euskaraz hitz egiteko, eta naturaltasunez hitz egiten dugu».

Bestalde, Errenterian eta Baionan dagoen bizimodua desberdina dela nabaritu zuen Anevak. Haren iritziz, Lapurdiko hiriburuan kalean egiten diren ekitaldiak «kontsumoari eta turismoari» lotuta daude; Errenterian, berriz, «kaleko bizimodu» handiagoa dagoela sinesten du.

Errenteriako gaztetxea ere desberdina dela iruditu zitzaion: «Herriko gazteentzako aisialdia bermatzen du gaztetxeak; adibidez, eskalada gela dago». Gainera, asko gustatu zitzaion gaztetxea ez zegoela pentsatuta «bakarrik besta egiteko».

Oreretako gazte asanbladako eta Zizpa gaztetxeko kideak, Errenteriako gaztetxean. FOKU
Oreretako Gazte Asanbladako eta Zizpa gaztetxeko kideak, Errenteriako gaztetxean. FOKU

3

Aretxabaleta-Arrigorriaga. Ilusioa berriz pizteko aukera

Jada egina dago Atxabaltako Gazte Mugimenduaren (Gipuzkoa) eta Arrigorriagako Euskaltzaleen (Bizkaia) arteko topaketa. Aretxabaletan elkartu ziren, eta hango taldeko Unax Igartua Iturbe eguna antolatzen aritu zen. 

Igartua gustura agertu da topaketan izan zuten giroarekin: «Herriko zenbait talde daude Arrigorriagako Euskaltzaleak taldean: bertso eskolako jendea, aisialdi taldeetakoa, EHEkoa...». Harentzat, helburuetako bat zera zen: jakitea nola lortu duten eragileen arteko harremana eta batasuna, horrelako egun batean parte hartu ahal izateko.

Horrez gain, uste du EHEk eta Gazte Euskaltzaleen Sareak antolatu duten egitasmoa «ezberdina» dela, eta gaztetxeko kideei lagundu diela «ohiko moldeetatik irteten»: «Uste dugu oso dinamika ona dela gazteontzako, gure artean komentatzen ez ditugun gauzak ikasiko ditugulako».

«Gaur egun, geroz eta zailagoa da gazteak jarraitutasunez eta gogoz antolatzea, eta uste dugu dinamika desberdin honek aukera oso ona ematen duela horretarako»

UNAX IGARTUA ITURBE Atxabaltako Gazte Mugimenduko kidea

Igartuak uste du gazte mugimenduko kideei «ilusioa berriz pizteko aukera» izan daitekeela proiektua: «Gaur egun, geroz eta zailagoa da gazteak jarraitutasunez eta gogoz antolatzea, eta uste dugu dinamika desberdin honek aukera oso ona ematen duela horretarako».

Igartuarentzat, egitasmoaren alde garrantzitsuenetako bat «proiektuaren izaera nazionala» da. Euskal Herriko gazte taldeak «errealitate desberdinetan» dauden arren, Aretxabaletakoak uste du dinamikak erakutsiko diela «euskarak herri moduan batzen» dituela.

Atxabaltako Gazte Mugimenduaren helburuetako bat zen «errealitate bera ez duten gazteekin» harremanak sortzea: «Guk Arrigorriagakoen errealitatea nolakoa den ikasiko dugu, eta galdetuko diegu eurek nola funtzionatzen duten». Soziolinguistika Klusterraren eta Eustaten arabera, euskararen erabilera %41,2koa zen Aretxabaletako kaleetan 2021ean, eta aretxabaletarren %66,3k zekiten euskaraz; Arrigorriagan, berriz, herritarren %41,2k zekiten euskaraz hitz egiten.

Unax Igartua eta Atxabaltako gazte asanbladako kideak, asanblada batean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Unax Igartua eta Atxabaltako Gazte Asanbladako kideak, bilera batean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.