Euskararen alde egindako lana «aitortu» die Jaurlaritzak 75 entitateri

Hizkuntza Politikako Sailburuordetzak ekitaldi bat egin du Gasteizen, eta Bikain eta Harrobi ziurtagiriak banatu dituzte han.

Ziurtagiria eskuratu duten entitateetako kideak, Gasteizen. IREKIA
Ziurtagiria eskuratu duten entitateetako kideak, Gasteizen. IREKIA
arantxa iraola
2025eko abenduaren 16a
20:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bikain eta Harrobi ziurtagirien bidez aintzatesten ditu Eusko Jaurlaritzak askotariko entitateek euskararen erabilera normalizatzeko egiten dituzten aurrerabideak, eta, aurreko urteetan egindako gisan, gaur ekitaldi bat egin dute egiaztagiri horiek banatzeko eta euskararen aldeko ahalegin horiek «aitortzeko». 75 entitateri eman dizkiete. Nabarmendu egin dute kopurua, iaz baino dezente gehiago izan baitira: orduan 44 izan ziren. Harrobi ziurtagirietan izan da, batez ere, igoera. Iaz zazpi erakundek jaso zuten, eta aurten 29 izan dira. 

Hizkuntza Politikako Sailburuordetzak ekitaldi bat egin du Gasteizen ziurtagiriak banatzeko. Hizkuntza Politikako sailburuorde Aitor Aldasoro eta beste hainbat ordezkari instituzional izan dira bertan; Eusko Legebiltzarreko lehendakari Bakartxo Tejeria eta Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburu Nerea Melgosa han izan dira, besteak beste. «Garbi dugu euskara gure bizitzako arlo guztietara zabaltzea dela gure helburua», azaldu du Aldasorok. «Bide horretan, lehentasunezkoa eta estrategikoa izango da lan eremuan euskararen erabilera handitzea».

Arloan aurrera egiteko Jaurlaritzak abiarazita dituen egitasmoak gogora ekarri ditu Aldasorok. Tartean dago Lanera proiektua: azaroaren 13an ekitaldi jendetsu bat egin zuten Barakaldon (Bizkaia) horren berri emateko. Harrobi eta Bikain ziurtagiriek ahalegin horretan duten garrantzia ere nabarmendu du: hain justu ere, erakundeoi egiten zaien aitortzaren bidez normalizazio bide hori erakunde gehiagotara zabaltzea da azken helburua. 

Askotarikoak dira gaur ziurtagiriak jaso dituzten erakundeak. Badira pribatuak, eta baita publikoak ere: fabrikak, dendak, kirol klubak, kultur elkarteak, udalak, ikastetxeak...

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.