Xehetasunei garrantzia ematen hasteko unea da. Hilaren 13rako du egina Euskalgintzaren Kontseiluak Iruñean Euskaltzaleon Martxa egiteko deia, eta bi egun lehenago abiatuko dute Gazte Euskaltzaleen Sareko kideek antolatutako gazteen martxa. Deialdi biek bilatzen dute Iruñeko martxa euskaltzaletasunaren «epizentroa» bihurtzea, eta parte hartzea sustatze aldera, argibideak emateko eta gogorarazteko ohar bateratua atera dute bi eragileek.
Iruñeko martxak hiru zutabe izango ditu, eta horiei buruzko xehetasunak ematea zen lehentasunetako bat. 17:00etan abiatuko dira hiru zutabeak. Abiaburuak hauek izango dira: Runako parkea, Antoniutti parkea eta Askatasun enparantza. Zer zutabetara joan hautatzeko eman duten gomendioa, horra: Alde Zaharrean daudenak Runa parkera joatea, autoz heltzen direnak Antoniutti parkera, eta autobus antolatuetakoak Askatasunaren enparantzara.
Hiru aldarri ozendu nahi dituzte martxaren bidez: euskararen ofizialtasun osoa onartzea, hizkuntza politiketan jauzia egitea, eta euskaltzaletasuna sustatzea. Zutabeetako bakoitzak horietako batean jarriko du indarra. Suziriak botata abiatuko dira hirurak, eta pregoi bat ere irakurriko dute bakoitzean. Pankarta propioa izango du zutabe bakoitzak. Pregoilariak eta pankarta egileak zein diren astelehenean jakinaraziko du Kontseiluak, Iruñean egingo duen agerraldi batean. Hiru zutabeek Gazteluko plazan egingo dute bat. Hantxe izango da martxaren amaierako ekitaldi nagusia.
Aurrez Iruñera bertaratzen direnek ere egun osoko egitaraua izango dute. 11:00etatik aurrera haurrentzat prestatutako jolasak eta ikuskizunak izango dira Santa Ana plazan. 12:00etan kantujira hasiko da Alde Zaharrean eta Laba jan-edanerako topagunea izango da. Eguna amaitzeko, kalejira izango da ErripaBirirekin, EHE Euskal Herrian Euskaraz-ek antolatuta.
Euskalgintzak eta tokiko beste hainbat erakundek jakinarazi dutenez, dagoeneko 25 autobus baino gehiago antolatu dira Iruñerako. Autobusen zerrenda www.pizkundea.eus webgunean dago, eta hor eman daiteke azken orduan antolatu diren autobus gehiagoren berri ere.
Nafarroa Beheretik
Gazteen martxaren hasiera hilaren 11n izango da, 11:30ean, Nafarroa Beherean, Urepelen. Nafarroa Garairako bidea hartuko dute, eta lehen egunean Auritzen egingo dute lo. Bidean geldialdi bat egingo dute Orreagan. Ostiralean Larrasoañara arteko bidea egingo dute. Afari musikatuak, herri kirolak eta solasaldiak izango dituzte martxan, bidearen gozagarri. Bazkalondoan iritsiko dira Iruñera, eta Euskaltzaleon Martxako zutabeetan sartuko dira.
Gazte euskaltzaleok bidea urratu leloa hautatu dute gazteek ibilaldirako. Inork parte hartu nahi badu, badu oraindik horretarako aukera: igandera arte ez dute itxiko izen ematea. Galdetegi hau bete behar da izena emateko. Urepelera joateko bidea errazte aldera, bi autobus antolatu dituzte: bat Bilbo, Gasteiz eta Iruñetik pasatuko da. Bestea, Donostia, Baiona eta Donibane Garazitik.