Euskarari eman, eta euskaratik jaso

Umetan euskara ikasterik izan ez zuten lau lagunek testigantza eman dute 'Ongi etorri euskararen mundura' izeneko jardunaldietan, Bilbon. Nabarmendu dute hizkuntza ikasteak «beste mundu baterako ateak» zabaldu dizkiela, eta «integraziorako bidea» eman.

Ezkerretik hasita, Eli Carrascosa, Boubacar Diouf, Julia Xerxneva eta Fernan Lopez. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Ezkerretik hasita, Eli Carrascosa, Boubacar Diouf, Julia Xerxneva eta Fernan Lopez. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
gotzon hermosilla
Bilbo
2025eko ekainaren 6a
16:45
Entzun 00:00:0000:00:00

Begien bistakoa da euskararentzat arnasbidea dela hiztun berriak irabaztea. Norbaitek euskara ikasten duenean, mesede egiten dio hizkuntzari eta hura berreskuratzeko prozesuari. Baina onura ez da norabide bakarrekoa: hiztun berriari ordura arte ezagutzen ez zuen errealitate baterako sarbidea irekitzen zaio, komunitate bateko kide bilakatzen du euskara ikasteak, eta, jatorria Euskal Herritik kanpo duten herritarrentzat, integraziorako bidea ere bada hizkuntza. Euskalgintzaren Kontseiluak eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak antolatuta, Ongi etorri euskararen mundura izeneko harrera jardunaldiak egin dituzte Bilbon, eta han, umetan euskara ikasterik izan ez zuten jatorri oso desberdinetako lau euskaldunek euren esperientzien berri eman dute gaur.

«Euskara ikasten hasi nintzen gorputzak eskatzen zidalako. Hautu politikoa ere izan zen»

FERNAN LOPEZ LOPEZEuskaldun berria eta Euskotreneko langilea

Eli Carrascosa Vacas Gabriel Aresti euskaltegiko irakaslea da egun, baina umetan A ereduan ikasi zuen. Leioako eskola hartan (Bizkaia) euskara ikasgai hutsa zen harentzat, baina, dioenez, ikastetxearen egunerokoan, karteletan, antolatzen zituzten jaietan eta abarretan euskarak bazuen lekua, eta horrek jakin-mina pizten zion: «Ikusten nuen euskara zerbait indartsua eta bizia zela, eta hutsune moduko bat sentitzen nuen, ni horren jabe ez nintzelako. Banuen nolabaiteko zorra: 'Euskal Herrian bizi naiz, baina Euskal Herriko hizkuntza falta zait'». Karrera amaitu zuenean ekin zion euskara ikasteari, eta horrek aukera eman zion «zor sozial» hori kitatu eta bere «identitatea» osatzeko. Urte batzuk geroago, Zenbat Gara elkarteko Kafe Antzokian lanean hasteak ikusarazi zion «modu atsegin eta naturalez» euskararen jabe izateak «unibertso oso bat» jartzen ziola eskura eta komunitate bateko kide bilakatzen zuela.

Fernan Lopez Lopezen senitarteko gehienak Espainiatik iritsi ziren Euskal Herrira, eta txikitan B ereduan ikasi zuen, baina horrek besteen hizketaldiak ulertzeko gaitasuna baino ez zion ematen; berba egiterakoan, kamuts eta ezinean nabaritzen zuen bere burua. «Ni euskara ikasten hasi nintzen gorputzak eskatzen zidalako. Hautu politikoa ere izan zen: Euskal Herrian gaude, eta euskara barik ez dago Euskal Herririk». Haren asmoetan ez zen sartzen titulurik lortzea; bere burua euskalduntzea zuen xede bakar. «Hala ere, ikasten jarraitzeko modu bakarra zenez, azkenean EGA lortzeko ikastaro batean eman nuen izena». Dioenez, euskara ikasi izanak «bizitza» aldatu zion: «Orain, ezingo nuke nire bizitza ulertu euskara barik».

«Niretzat, erabat zentzuzkoa da herri batera joaten bazara hango hizkuntza ikastea. Errespetua adierazteko modu bat da»

BOUBACAR DIOUFEuskaldun berria eta kale saltzailea

Julia Xerxneva Zastavnaia SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunean jaio zen, eta gaur egun Ikuspegi immigrazioaren behatokiko zuzendaria da. Duela urte batzuk Euskal Herrira etorri zen ikastera, eta orduan ez zekien euskara existitzen zenik ere. Hizkuntza «konplexu» bat aurkitu zuen, horrek «jakin-mina» piztu zion, eta jakin zuenean bazeudela Erasmus programako ikasleentzat prestaturiko euskara eskolak, izena ematea erabaki zuen. «Niretzat, irakaslea oso garrantzitsua izan zen. Hari esker ikasi nuen euskara hizkuntza baino gehiago zela, badagoela kosmobisio bat, sinbologia bat, mundu oso bat».

«Normalean, mundu euskaldunean harrera hobea egiten zaie kanpotik etortzen direnei»

JULIA XERXNEVA ZASTAVNAIAEuskaldun berria eta Ikuspegiko zuzendaria

Boubacar Dioufek ere ez zekien euskara existitzen zenik ere, Senegaldik Euskal Herrira iritsi zenean: «Galdakaon [Bizkaia] batzuetan jendea entzuten nuen gaztelania ez zen hizkuntza batean hitz egiten, eta pentsatzen nuen turistak zirela». Hezkuntza arautuko ikasketa batzuetan izan zuen lehen harremana euskararekin; «gustua» hartu, eta Basauriko udal euskaltegian (Bizkaia) jarraitu zuen ikasten. «Niretzat, erabat zentzuzkoa da herri batera joaten bazara hango hizkuntza ikastea. Errespetua adierazteko modu bat da; zuek ere Senegalera joango bazinete, gustatuko litzaidake zuek nire hizkuntza ikastea». Orain, egunero erabiltzen du euskara, batez ere Bilboko Zazpikaleetara joaten denean, eta Euskadi Irratia entzunez esnatzen da goizero.

Zubiak eta oztopoak

Denek agertu dute euskara ikasi izanaren poza, baina aitortu dute bidea batzuetan malkartsua izaten dela, eta oztopoak ez direla gutxi. Diouf: «Nik askotan esaten diet nire lagun senegaldarrei euskara ikasteko, baina Afrikatik etorri berri den batek normalean baditu beste lehentasun batzuk, bizimodua atera behar duelako, etxebizitza lortu eta abar. Euskara ikastea ez da merkea».

Egoera soziolinguistikoa ere ez dute alde. Bizkaiko mendebaldean bizi dira gehienak, eta han euskararen egoera ez da batere samurra. Xerxneva Barakaldon (Bizkaia) bizi izan zen bolada batez, eta han lanak zituen euskaldunak topatzeko: «Asko pozten naiz Gipuzkoara joan eta jendea kalean edo dendetan euskaraz egiten entzuten dudanean. Ikusten da han euskara bizirik dagoela eta, are gehiago, euskaraz bizi direla». Lopezek Euskotrenen lan egiten du, eta, dioenez, baditu lankide euskaldunak, baina haren nagusiak erdaldunak dira: «Arazoak ditut lanean euskaraz egin ahal izateko».

«Ikusten nuen euskara zerbait bizia zela, eta hutsune moduko bat sentitzen nuen, ni horren jabe ez nintzelako»

ELI CARRASCOSA VACASEuskaldun berria eta euskara irakaslea

Carrascosak uste du euskaldunek eta erdaldunek «bi errealitate paralelo» osatzen dituztela Euskal Herrian, eta The Others filmeko mamuak erabili ditu bi errealitateen arteko harremana deskribatzeko: «Guk ikusten ditugu, baina beraiek ez gaituzte ikusten». Edonola ere, pentsatzen du erdal girotik datozen euskaldunek «zubi lana» egin dezaketela bi errealitate horien artean. Lopezen iritziz, «integraziorako tresna» da euskara atzerritik iristen direnentzat. Bat dator horretan Xerxneva: «Normalean, mundu euskaldunean harrera hobea egiten zaie kanpotik etortzen direnei».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.