Euskaraz lan egiteko eta arta emateko «berme juridikoak» eskatu dituzte langile publikoek

Administrazio publikoetan euskara gaztelaniarekin parekatzeko eskatu dute gaur ELAk eta LABek antolatutako protesta bateratuetan.

ELAren eta LABen protesta, gaur goizean, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
ELAren eta LABen protesta, gaur goizean, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
arantxa iraola
2026ko otsailaren 2a
14:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Zoritxarrez, ez da azken mobilizazioa izango», Gipuzkoako Foru Aldundiko langile batzordeko ordezkari Edurne Lizarazuk hitz horiekin amaitu du gaur goizean erakundeko langileek hizkuntza eskubideen defentsan Donostian egin duten protesta. Ohiko irudia da: hizkuntza eskubideak eta euskaraz lan egiteko eskubidea aldarrikatzeko askotan elkartu dira urteotan administrazio publikoko langileak, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren atarian izan dira protesta horietako asko. Metatu egin dira euskararen normalizazioaren kontrako epaiak, eta oldarraldi judizial horren kontra daudela erakutsi nahi izan dute langileek behin baino gehiagotan. Gaur, ELAk eta LABek antolatutako protesta bateratuak izan dira: Donostian, Bilbon eta Gasteizen izan dira nagusiak. Donostiakoaren gisan, administrazio publikoaren erakunde esanguratsuen aurrean izan dira gainerako mobilizazioak ere: Bilbokoa Eusko Jaurlaritzako egoitza nagusiaren parean izan da, eta Gasteizkoa, Txagorritxuko erietxean. Euskaraz lan egiteko eta arta emateko «berme juridikoak» eskatu dituzte guztietan. Steilasek ere bat egin du deialdiarekin.

Administrazio publikoak «interpelatzeko» asmoz atera dira langileak kalera. «Izan ere, erakunde publikoetan ez daude bermatuta euskaraz lan egiteko eta zerbitzuak euskaraz jasotzeko eskubideak; are, arrisku larrian daude», azaldu dute sindikatuek batera plazaratu duten oharrean. Gogora ekarri dute arrisku horren erakusgarri direla euskararen normalizazioaren aldeko neurriak baliogabetzeko asmoz urteotan ebatzi diren ehundik gora ebazpen judizialak. «Epaitegiak azken lau urteetan bultzatzen ari diren oldarraldi euskarafoboek euskararen normalizazioa oztopatu dute, eta atzera urratsak eragin ditu», gogoratu dute. Propio nabarmendu dute auzibide horietako zenbait CCOO eta UGT sindikatuek abiarazi dituztela, eta deitoratu egin dute bi sindikatu horien jokabidea. «Bazka ematen diete epaile euskarafoboei». Helburu gaiztoa egotzi diete: «Euskara bere garairik ilunenetara itzularazi nahi dute».

Oldarraldi judizialaren ondorioz ozendu diren hainbat mezu ere gezurtatu nahi izan dituzte gaurko mobilizazioetan. «Hizkuntza eskubideen eta lan eskubideen arteko dikotomia faltsua elikatzen ari dira. Bidea, ordea, euskara gehiago bultzatzea da». Sustapen lan hori egite aldera, hainbat neurri proposatu dituzte. Aurrez ere behin baino gehiagotan mahai gainean jarritakoak dira guztiak. Besteak beste, honako hauek: euskararen aurkako sententziak salatzea, administrazioa erabat euskalduntzeko planak finkatzea, euskara zerbitzu hizkuntza izateko erabiltzaileek duten eskubidea beti bermatzea, eta lanpostu publiko guztiek hizkuntza eskakizuna betetzeko derrigortasun data ezarrita izatea.

Eztabaida parlamentarioa

Sindikatuek gogoetok berritu nahi izan dituzte Eusko Legebiltzarrera begira, bertan egun Euskal Enplegu Publikoaren Legea erreformatzeko bi proposamen daudelako erregistratuta, eta biak idatzi direlako, hain justu ere, egungo oldarraldi judizialari bidea ixteko asmoz. Egun lanpostuetan euskararen ezagutza egiaztatzeko legez ezartzen den derrigortasun indizea ezabatzea proposatu du EAJk: argudiatu du kontrako epai askok indize hori ezartzeko bidea jartzen dutela auzitan eta, ondorioz, hori kenduta samurtu egingo dela bidea euskararen biziberritzean aurrera egin nahi duten instituzioentzat. EH Bilduk, berriz, erreforma sakonagoa proposatu du: hizkuntza eskakizunak egiaztatzeko derrigortasuna lanpostu guztietara zabaltzea da aldaketaren helburu behinena, eta ondoren eskakizun hori malgutzea geroratze indize baten bidez. 

Eusko Legebiltzarrekoa «berebiziko garrantzia» duen eztabaida dela gogoratu dute gaur sindikatuek, eta propio horregatik dela garrantzitsua orain kalean aldarrikapenak egiten jarraitzea. Eta aurrez egin izan duten moduan, gaur berriro gogoratu dute jeltzaleen proposamena ez zaiela iruditzen aski sendoa epaitegietatik datozen erabakiei aurre egiteko. «Ahulezia egoera betikotzen du», salatu dute. Euskararen eta gaztelaniaren eskakizunak «parekatzen» ez diren bitartean konponbidea beti herrena izango dela adierazi dute. Horiek horrela, «ausardiaz eta arduraz» jokatzeko eskatu diote EAJri, eta EH Bilduren erreforma proposamenarekin bat egiteko. «Oso larria litzateke epelkerietan eta erdibideetan jarraitzea eta euskara ahulezia egoera horretan mantentzea». Mobilizazioekin jarraitze aldera, lan zentroak «aktibatzen» ari direla esan dute.

gaur ere protestak

Araba, Bizkai eta Gipuzkoara begirako aldarrikapenak ozendu dituzte gaur, bereziki, sindikatuek, baina egiten duten egoeraren azterketa Hego Euskal Herri osora begirakoa da. Esaterako, Nafarroan bihar aterako dira kalera, eta arloan egin daitezkeen aurrerabideak zein diren aldarrikatzeko asmoz, elkarretaratze bat egingo dute Iruñean, Nafarroako Jauregiaren parean, 11:00etan. Donostian ere protesta bat egingo dute gaur, Euskalgintzaren Kontseiluak eta Donostiako euskaltzaleen Bagera elkarteak deituta. Joan den astean jakin zen EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak atzera bota duela Donostiako Udaleko bi teknikari postutarako ezarritako euskara eskakizuna, eta epai horren kontra egiteko izango da propio protesta. Justizia Jauregiaren parean izango da, 19:00etan. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.