Eusko Alkartasunako idazkari nagusi Eba Blancok gaur azpimarratu du beharrezkoa dela «EAErako eta Nafarroarako estatus politiko berri bat lehenbailehen» adostea. Hain zuzen, Eusko Alkartasuna sortu zela 39 urte bete dira gaur: 1986ko irailaren 4an abiarazi zuten, hain zuzen.
EAko gidariak ohartarazi du «Euskal Herriarentzat mehatxu atzerakoia» dela ultraeskuinaren agenda politikoa ezartzea. «Eskuin muturraren aurkako euste-hormarik eraginkorrena zera da, Madrilgo gobernuak politikoki onartzea estatua plurinazionala dela eta, beraz, nazio bat garela», esan du. Eta argumentazio hori garatzen jarraitu du: «Hauteskundeetako emaitzek erakusten duten bezala, hemen eskuin muturraren pozoina ez da hainbeste sartu. Komunitate gisa kohesionatuago egotea eragiten duten beste balio batzuk ditugulako gertatzen da hori». Baina tentuz ibili behar dela ere erantsi du, «denbora gure kontra baitoa».
Blancok adierazi du PSOEren azken ustelkeria auziak beste oztopo bat direla «esparru politiko berri baterako bide korapilatsuan», eta uste du Kataluniak frogatu zuela «aldebakarreko bidea» ez dela «bideragarria». Hori jakinik, Blancok argi eta garbi onartu du Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearekin negoziatzea baino ez dela geratzen.
«Lauaxeta fusilatu zuen ideologia bera da Txiki eta Otaegi fusilatu zituena»
EBA BLANCO Eusko Alkartasunako idazkari nagusia
«Berez, ondo dago Moncloatik lortu gabe dauden transferentziak jasotzea, hala nola gizarte segurantza, langabeziagatiko prestazioa eta aireportuen kudeaketa, estatuak 46 urte baitaramatza Gernikako Estatutua urratzen. Kontua da oso berandu eta gaizki iristen ari dela». Hori hala izanik, EAko buruak uste du Espainiako Estatua dela «nabarmen porrot egin duen egituraketa politikoa», eta, beraz, ez dituela «inondik inora euskal herritar gehienon nahi politiko eta sozialak betetzen».
Agertokia azaldu ondoren, EAko idazkari nagusiak jarraitu beharreko bidearen berri eman du: «Herri honetako indar demokratiko guztiei dei egiten diegu 2026ra arte geratzen diren lau hilabete hauetan ahalegindu gaitezen estatus berri baterantz aurrera egitea ahalbidetuko digun minimoen akordio bat lortzen».
Txiki eta Otaegi
Memoria demokratikoari buruz ere aritu da Blanco. «Lauaxeta fusilatu zuen ideologia bera da Txiki eta Otaegi fusilatu zituena». Ideologia horrek gaur egun «nazio gisa ditugun eskubideak ukatzen jarraitzen du», EAko buruaren ustez. EAJri igorritako mezu baten traza hartu dute hurrengo hitzek: «Batzuen eta besteen arteko konparazioak egiten dituztenek ederki dakite ideologia hori indar handia hartzen ari dela. Abertzaleok gaiaren erroan ados egon beharko genuke gure historiaren puntu honetan».