Eusko Jaurlaritzak 1.374 irakasle lanpostu betetzeko EPEa egingo du

Eskaerak aurkezteko epea zabalik egongo da bihartik abenduaren 22ra arte. Azterketak 2027ko irailaren 18an egingo dira, Barakaldoko BECen.

Irakasle bat ikasleei azalpenak ematen, artxiboko irudian. JON URBE / FOKU
Irakasle bat ikasleei azalpenak ematen, artxiboko irudian. JON URBE / FOKU
14789412 kepa
2026ko azaroaren 23a
10:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak bihar argitaratuko du irakasleen EPE Enplegu Publikorako Eskaintzaren deialdia, 1.374 lanpostu betetzeko amoz. Interesdunek abenduaren 22ra arte aurkeztu ahal izango dituzte eskaerak. Bestetik, probak 2027ko irailaren 18an izango dira, Barakaldoko BECen.

Deialdian 1.374 lanpostu daude: horietatik 1.277 txanda librekoak dira eta 97 desgaitasuna duten pertsonentzat gordeta daude. Irakasleen kidegoko zazpi espezialitatetan banatzen dira lanpostuak: Haur Hezkuntzan, 342; Lehen Hezkuntzan, 597; ingelesean, 90; gorputz hezkuntzan, 50; musikak, 50; Hezkuntza Bereziko pedagogia terapeutikoan, 203; eta Hezkuntza Bereziko entzumenean eta hizkuntzan, 42.

Interesdunek azaroaren 24tik abenduaren 22ra arte aurkeztu ahal izango dituzte eskaerak, biak barne: www.euskadi.eus webgunean argitaratutako oinarrietan egongo da eskuragarri deialdiari, parte hartzeko baldintzei eta izena emateko prozedurari buruzko informazioa.

1.374

Eskainiko dituzten lanpostuak. Deialdian 1.374 lanpostu daude: horietatik 1.277 txanda librekoak dira eta 97 desgaitasuna duten pertsonentzat gordeta daude.

Hezkuntza Sailetik aurreratu duenez, EPE deialdiak egiten jarraituko dute datozen ekitaldietan, euskal hezkuntza publikoa osatzen duten talde profesionalei zuzendutako prozesu berriekin. Alde batetik, 2027ko azken hiruhilekoan, Hezkuntza Bereziko kolektiboaren kategorien prozesua deituko da, probak 2028aren hasieran egin ahal izateko.

Bestalde, 2027ko amaieratik 2028ko hasierara bitartean, abian jarriko dira Bigarren Hezkuntzako, Hizkuntza Eskola Ofizialetako, Lanbide Heziketako eta irakaskuntza artistikoetako irakasleei zuzendutako prozesuak: 2028ko irailean izango dira azterketak.

Egutegi horri gehitu zaio 2026ko Enplegu Publikorako Eskaintza, joan den astean Gobernu Kontseiluan aurkeztua, eta hezkuntzarako beste 856 lanpostu aurreikusten dituena.

«Aurreikuspen horrekin, Eusko Jaurlaritzak EPE ziklo bat osatuko du legegintzaldi honetan, euskal hezkuntza publikoa osatzen duten kolektibo profesional guztientzat, eta, horrela, jarraipena emango zaie ikastetxe publikoetako plantilletan langile egonkorrak sartzeko prozesuei», zehaztu dute.

EPEa EHUn

Ostiralean eta larunbatean egin zituzten EHU Euskal Herriko Unibertsitateak 2026an argitaratutako EPEaren azterketak. Eskaintza uztailaren 30ean argitaratu zen, eta guztira 52 lanpostu atera dira: 48, sarbide orokorrekoak, eta barne promozioko beste lau, administrazio laguntzaileen eskalarakoak. Sarbide libreko 48 plazak honela banatzen dira: 1 psikologiako tituludunentzat; 37 administrazio eskalakoak; eta 10 menpekoen eskalakoak. Guztira, 14.138 lagunek izena eman zuten, azterketetan.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA