Eusko Jaurlaritzako gobernu kontseiluak urte honetarako enplegu publikoaren eskaintza onartu du. Guztira, 4.749 postutarako deialdiak egingo ditu, eta, horiekin, administrazioko, bere erakunde autonomoetako eta beste entitate publikoetako postuak beteko ditu. Postuen %72 Osakidetzarako eta Hezkuntzarako izango dira.
719 lanpostu administrazio orokorrerako izango dira, 1.019 postu Hezkuntzarako, 436 Ertzaintzarako eta segurtasun arloko zerbitzuetarako, 2.433 Osakidetzarako eta gainerako 102ak beste erakunde eta entitateetarako. Besteak beste, EITBn zortzi lanpostu eskainiko dira, Gizarteratzearen Euskal Agentzian hamalau, Jaurlaritzaren informatika elkartean 40, Visesan bederatzi, Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundean hamar, Euskadiko Orkestran bederatzi eta Hazi fundazioan hamabi.Â
Osakidetza izango da lanpostu gehien eskainiko duen erakundea. Gainera, aurtengo lanpostuei aurreko urteetako lanpostuak gehitu behar zaizkie, eta, ondorioz, datorren urtean Osakidetzak 5.425 postutarako deialdia egingo du. Halaxe iragarri zuen urriaren erdialdera Lore Bilbao Osakidetzako zuzendari nagusiak.
Behin eskaintza onartuta, Jaurlaritzak nabarmendu du Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoan kalitatezko enplegu orokorra finkatzeko eta zerbitzu publikoak indartzeko helburua betetzen jarraitzen dutela. «Herritarren egunerokoa hobetuko du», esan du ohar bidez. Lan eskaintza publikoa egiteko prozedura 2026an hasiko da eta horregatik espero da deialdi gehienak datorren urtean egitea.