Eusko Jaurlaritzak 777.000 euro emango dizkio Donostiako Udalari, etxegabeei otorduak banatzeko

Diru horrekin ehun etxegabe gehiagok jasoko dute otordu bat egunero. Ekarpena 2026. eta 2027. urteetarako da.

Donostiako Udalaren eta Udaltzaingoaren jarrera salatzeko elkarretaratzea, abuztuan, Plaza Berrian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Donostiako Udalaren eta Udaltzaingoaren jarrera salatzeko elkarretaratzea, abuztuan, Plaza Berrian. ANDONI CANELLADA / FOKU
jakes goikoetxea
2026ko irailaren 29a
16:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Donostiako ehun etxegabe gehiagok jasoko dute egunean otordu bat aurten eta hurrengo urtean. Eusko Jaurlaritzak 777.000 euro emango dizkio Donostiako Udalari ehun pertsona horien otorduak ordaintzeko. Udalak Otorduak izeneko programa bat du, ostalaritza establezimendu batzuek egunero etxegabeei bazkari bat emateko. Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak gaur onartu du laguntza. Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko Sailak egin du proposamena. Zehaztu du bere ekarpena «aldi baterako» dela.

Eusko Jaurlaritzak, Donostiako Udalari emandako diru laguntza zuzena azaltzeko orduan, KAS Kaleko Afari Solidarioak ekinbidea izan du gogoan, aipatu ez badu ere. KASek, boluntarioen bidez, otorduak banatu dizkie Donostiako etxegabeei 2020ko azarotik. Hirurehun bat otordu banatu ditu egunero. Udalak, otorduen banaketak segurtasun falta eragiten zuela argudiatuta, KASi debekatu egin zion otorduak banatzea, aurrena auzo batean, gero hiri osoan. Udaltzainek KASeko boluntarioei debekatu egin zieten erosketa orgetan ogitartekoak eramatea eta etxegabeen artean banatzea.

Eusko Jaurlaritzaren arabera, otorduak ostalaritza establezimenduen bidez banatzea «ingurune normalizatu batean erantzun normalizatua eta ez-baztertzailea» ematea da, eta saihestu egiten ditu «zirkuitu bereiziak». Otorduak gizarteratze prozesuekin eta «pertsonen duintasuna aitortzearekin» lotuta egotea nahi du.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA