SME Euskadiko Sendagileen Sindikatuarekin aldebiko hainbat bilera egin ostean, datorren astelehenean, uztailaren 20an, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak akordio proposamen bat aurkeztuko die medikuen ordezkariei, osasun mahai sektorialean. «Bertan proposamena onartzea espero da», adierazi dute Osasun Saileko arduradunek. Alberto Martinez Osasun sailburuak zehaztu duenez, Osakidetza prest dago osagileekin gatazka sortzen ari diren zenbait alderdi arintzeko, hala nola guardien eredua aldatzea, librantza sistema hobetzea edo aintzatespen profesionala ematea.
«Gai horiek aldebiko bileretan eztabaidatu dira, eta, orain, datorren asteleheneko mahai sektorialean eztabaidatuko dira». Atzo eman zuen horren berri Martinezek. Osasun sailburuaren ustez, osasun arloko lanaren antolaketan «paradigma aldaketa bat» gertatzen ari da: «Egungo zaintza ereduak eboluzionatu egin behar du», zehaztu zuen.
Azaldu zuenez, «belaunaldi berrien eta gizarte ereduaren aldaketaren ondorioz, beharrizanak aldatu egiten dira, eta, horregatik, Osasun Sailak eta Osakidetzak profesional talde bat eratzea bultzatuko dute, aldaketa horiek eta asistentzia eskaera berriak aztertu eta guardiak beste modu batera ulertuko dituen etorkizuneko eredu bat proposatzeko».
Edukiak
Osakidetzak mahai sektorialera eramango duen proposamenean medikuen eta mediku espezialisten lan jardunaren baldintzei buruzko «neurri espezifikoak» jasotzen dira: besteak beste, guardien eredua berrikustea, librantza sistema hobetzea eta guardien jardueraren ordainsaria berrikustea, «igoera progresiboa kontuan hartuta».
Hala, Osasun Sailak eta Osakidetzak espero dute elkarrizketa eta adostasun prozesu horrek aukera ematea medikuen kolektiboaren berezitasunei heltzeko eta lan baldintzak hobetzeko, «belaunaldi berrien beharrei eta gizarte ereduaren aldaketari erantzungo dien osasun lana antolatzeko eredu berri baten baitan».