Eusko Jaurlaritzak astelehenean irekiko du Haurreskolak patzuergoan izena emateko epea, eta maiatzaren 4ra arte egongo da zabalik. 0 eta 2 urte bitarteko haurren familiek Internet bidez edo aurrez aurre aurkeztu ahal izango dituzte eskaerak, euskal sare publikoko edozein haurreskolatan. Behin-behineko zerrendak ekainaren 5ean argitaratuko dituzte, eta behin betikoak, ekainaren 26an.
Izena emateko prozesuak aukera emango die familiei ikastetxe bat edo gehiago hautatzeko, lehentasunen arabera. Gainera, maiatzaren 1etik 10era bitartean jaiotzen diren haurrentzat, administrazioak aparteko epe bat ezarri du —maiatzaren 20ra arte— familiek aukera izan dezaten eskaera garaiz aurkezteko.
Gaur egun, orotara, 8.940 leku eskaintzen ditu Haurreskolak partzuergoak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan dituen 241 ikastetxeetan. Azken urteotan, zerbitzuaren doakotasunak eragin zuzena izan du eskariaren gorakadan: milaka familiak baliatu dute aukera, eta ikasturte honetan 6.939 haur matrikulatu dira 0-2 urteko zikloan.
Zortzi ikastetxe berrituko dituzte
Eskariaren hazkunde horri erantzuteko, Hezkuntza Sailak sarea indartzen jarraituko du. Hala, datorren ikasturterako 244 ikaspostu sortuko ditu, eta zortzi ikastetxe handituko edo berrituko. Besteak beste, Bizkaian Getxoko Erromo, Santurtziko Mamariga, eta Bilboko Zamakola, Elejabarri eta Txurdinaga zentroak berrituko ditu, eta Gipuzkoan, Donostiako Gros, Intxaurrondo hegoaldea eta Loiolako Erriberak auzoetako ikastetxeak.
Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak azpimarratu duenez, haur eskolen sare publikoaren doakotasunak «dimentsio sozial eta estrategiko» argia du: «Lehen urteetatik hezkuntzarako doako sarbidea bermatzea ez da neurri sozial hutsa: aukera berdintasunaren aldeko apustu sendoa da». Haren esanetan, haur eskolak «funtsezko tresna dira hezkuntza ibilbidearen hasieratik desberdintasunak murrizteko», eta, aldi berean, familiei laguntzen diete eguneroko kontziliazioan.
Matrikulazioari buruzko informazioari buruzko xehetasunak Haurreskolak partzuergoaren webgunean kontsulta daitezke.