Eusko Jaurlaritzak azaroaren 10ean egingo du Memoriaren Egunaren ekitaldi instituzionala. Donostian izango da, Nestor Basterretxearen Bakearen Usoa eskulturaren ondoan, Saguesen. Jaurlaritzaren ordezkariek azaldu dutenez, «terrorismoaren, indarkeria politikoaren eta giza eskubideen urraketen biktimak gogoratzeko, omentzeko eta aitortzeko» ekitaldia izango da. Memoriaren Egunaren inguruko zehaztasunak ematearekin batera, Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren zuzendaritza kontseiluak 2027rako aurrekontuaren aurreproiektua eta jarduera plana onartu ditu. Hala, Eusko Jaurlaritzak 5.283.000 euro jarriko ditu institutuaren jardunerako.
Gogora-ko zuzendaritza kontseiluak gaur eguerdian egindako bileran onartu du jarduketa plana eta hori gauzatzeko aurrekontu proposamena: Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, Maria Jesus San Jose Justizia eta Giza Eskubideetako sailburuak eta Alberto Alonso Gogorako zuzendariak gidatu dute bilera.
Adierazi dutenez, ikerketaren lan ildoa sendotzen jarraituko dute «Gogora institutuaren berezko helburuari erantzuteko». Eta gogorarazi dute zer helburu den: «Eragile aktiboa izatea iraganeko gertaerak ezagutzeko eta ulertzeko; herritarrei baliabideak eskaintzea memoria kritikoa eta gogoetatsua osatzeko, zorroztasun historikoan eta gure iraganarekiko etengabeko eztabaidan oinarrituta».
Ikerketa ildo horien artean bat azpimarratu dute: «ETAk eta haren inguruak bere ibilbide osoan bultzatutako mehatxu eta jazarpen estrategia sozial eta politikoa». Abiatzeko asmoa duten ikerketa horretan, «hilketaz harago ikusgaitasun txikiagoa izan duten beste giza eskubideen urraketa batzuetan» jarriko dute arreta berezia, adibidez, «estortsio ekonomikoan, hainbat eremutan gauzatutako zuzeneko seinalamenduan: tokikoa, unibertsitatekoa, komunikabideena edo erakunde bakezaleena». Horretarako, abiapuntua izango da «indarkeria horren biktimen testigantzak jasotzea eta zabaltzea».
ETAren indarkeriaren ondorioekin batera, beste asmo batzuen berri ere eman du Eusko Jaurlaritzak: «Euskal Kontseilu Nagusiaren hiztegi biografikoa egitea (1978-1980), diktaduran poliomielitisak jotako pertsonei buruzko ikerketa eta Euskadin egindako desobiratze goiztiarren azterketa». Izan ere, gogorarazi dutenez, batez ere 1976 eta 1980 bitartean egin ziren desobiratze horiek, mugimendu zibilek eta auzotarrek sustatuta frankismoaren biktimak aurkitzeko eta berreskuratzeko.
Sexu eta genero aniztasunaren gaineko errepresioa
Halaber, frankismoan ere jarriko dute begirada, eta diktaduraren garaiko sexu eta genero aniztasunaren gaineko errepresioa ikertzeko asmoa du Gogora-k, «errepresioa eta erreibindikazio mugimendu kolektiboak ardatz hartuta». Ikerketa horrekin lotuta, dibulgazio ekintza batzuk egingo dituzte, «azterlanaren alderdi batzuk gizarteratzeko eta zabaltzeko, eta, aldi berean, errepresio mota hori jasan duten pertsonak aintzatesteko».
Azken bi urteetan, bigarren hezkuntzako ikasleen parte hartzearekin, ETAren zein frankismoaren «indarkeriak deslegitimatzeko» helburuz BECen (Barakaldo, Bizkaia) egin izan dituzten bi ekitaldien formatuak jarraipena izango du 2027an, zehaztasun gehiago eman ez badute ere. Iazko apirilean egin zuten mota horretako lehenengo ekitaldia —Sufrimenduaren Sozializazioaren 30 urte—, eta aurtengo otsailean, berriz, egin dute bigarrena: Franco, Franco, Franco izenburupean.