«Ez, frankismo garaian ez ginen hobeto bizi»

Gogora Institutuak frankismoaren inguruko mitoak gezurtatzeko jardunaldia antolatu du. Batxilergoko bigarren mailako 550 ikasle inguru bildu ditu BEC erakustazokan.

Mikel Herran, Andrea Momoitio eta Maitena Salinas Gogora-k BECen antolatu duen jardunaldian. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Mikel Herran, Andrea Momoitio eta Maitena Salinas Gogora-k BECen antolatu duen jardunaldian. MARISOL RAMIREZ / FOKU
June Montero
BARAKALDO
2026ko otsailaren 25a
18:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Lan isil eta nekaezinean, emakume espainola erabat ematen zaio milioika seme espainiar berreskuratzeko misioari». Isiltasuna da nagusi Barakaldoko BEC erakustazokako (Bizkaia) laugarren solairuko areto ilunean. Emakumeen egitekoari eskainitako No-Do albistegi frankistaren zuri-beltzeko irudiek soilik argitzen dituzte 550 gazte ingururen aurpegiak. Begitarte serioek ordezkatu dute argiak itzali aurretik gela betetzen zuen algara giroa. Batxilergoko bigarren mailako ikasleak dira. Eusko Jaurlaritzako Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak diktadura frankistari «zilegitasuna kentzeko» antolatutako jardunaldietan parte hartzera joan dira bertara. Ordu eta erdi iraun du saioak, eta, garai hartako bideoak eta egungo sare sozialetako edukiak ez ezik, hiru adituren hitzak entzuteko aukera ere izan dute.

Maitena Salinas ETBko kazetariak egin ditu aurkezle lanak —bera izan da saio osoan gazteleraz gainera euskaraz ere aritu den bakarra—, eta Nicolas Sesma Grenoble Alpeetako Unibertsitateko historialaria, Andrea Momoitio Pikara Magazine aldizkariko koordinatzaile eta kazetaria, eta Mikel Herran arkeologo eta historia dibulgatzailea —Puto Mikel izena erabili ohi du sare sozialetan— izan dira hizlariak. Eta, nolabait ere, haien hitzak baliatu nahi izan ditu Gogora institutuak azken ikerketen arabera gazteen artean indarra hartuz doan frankismoaren balorazio positiboari aurre egiteko. Hain zuzen ere, horregatik jarri diote jardunaldiari izenburu hau: Franco! Franco! Franco! Frankismoaren desmitifikaziorako ekimena.

«Berrikuntza ekonomikoa geldotu egin zen, eta gerrak eragindako heriotzen eta erbesteratzeen ondorioz, Espainiak medikuen erdia eta irakasleen %80 galdu zituen»

NICOLAS SESMA Historialaria

Esplizituki egin du galdera Salinasek: «Frankismo garaian hobeki bizi ginen?». Eta esplizituki erantzun dio Sesmak: «Ez, frankismo garaian ez ginen hobeto bizi».

Historialariak ekonomiaren ikuspuntutik heldu dio aurkezlearen galderari, eta adierazi 36ko gerraren ostean «bi hamarkada galdu» zirela. «Berrikuntza ekonomikoa geldotu egin zen, eta gerrak eragindako heriotzen eta erbesteratzeen ondorioz, Espainiak medikuen erdia eta irakasleen %80 galdu zituen». Francisco Francoren diktaduraren lehen urteetan izan zen gosete «gordinaz» ere aritu da, eta faltsutzat jo du diktadoreak gizarte segurantza sortu zuela dioen mitoa. «Francok bitan banatu zuen komunitate nazionala: biztanleriaren %40 oso ondo bizi zen gainerako %60aren kontura».

Sistemaren arrakalak

Giza eskubideen urraketez eta emakumeen eta LGTBI kolektiboko kideen aurkako jazarpenaz hitz egin dute Momoitiok eta Herranek. Erregimenak genero rol «zorrotz» eta «zurrunak» ezartzen zituela salatu dute, eta homosexualitatea eta emakumeen adulterioa kartzelarekin zigortzen zirela oroitu. Momoitiok ikasleei gogorarazi die emakumeek «ezer asko» egin zezaketela aitaren edo senarraren baimenik gabe. Hala ere, «arauak apurtzeko» aukera aurkitzen zutela ere adierazi du. «Harreman lesbikoak beti egon dira, baina ezkutuan izaten ziren. Emakumeek sistemaren arrakalak aurkitzen zituzten, eta senarrarengandik banatzen ziren, abortatu egiten zuten eta antisorgailuak erabiltzen zituzten». Herranek erantsi du frankismoak gizonen «autoestimua» ere mintzen zuela eta nortasun disidenteak baztertzen zituela.

Euskarak aipamen bakarra izan du saioan. Momoitiok eman du azalpena orduan ere. Euskararen aurkako debekuaz aritu dira, eta kazetariak Koldo Arriola 18 urteko ondarroarraren kasua gogoratu du. Guardia Zibilak hil zuen 1975eko maiatzaren 23an, euskaraz kantatzeagatik.

«Harreman lesbikoak beti egon dira, baina ezkutuan izaten ziren. Emakumeek sistemaren arrakalak aurkitzen zituzten eta senarrarengandik banatzen ziren, abortatu egiten zuten eta antisorgailuak erabiltzen zituzten»

ANDREA MOMOITIO Kazetaria

Hobi komunei buruzko aipamenik ez dute egin, nahiz eta hilketei eta errepresioari buruz ere aritu diren.

Sistema demokratikoa goratu du Salinasek. Ikasleei mintzatu zaie: «Aukera perfektua ez den arren, eskubideak eta oinarrizko askatasunak bermatuak izango dituzue». 

Ikasleek ez dute hitzik hartzeko aukerarik izan ekitaldian, baina aurkezleak galderaz galdera antolatu du saioa, eta gazteek sakelakoen bidez adierazi ahal izan dute ideia horiekin ados ala kontra zeuden, bai ala ez bozkatuz. Erregimen frankistaren aurkako iritziak nabarmen gailendu dira jardunaldi osoan. Esate baterako, %6ko babesa izan du Francorekin jendea zoriontsuagoa zela esaten zuen adierazpenak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.