Sindikatuko ohiko lanari greba prestatzeko zereginak gehitu zaizkio. Bilerak orain eta gero, han eta hemen. Lanpetuta dabil Amaia Mayor EAEko SATSE erizainen sindikatuko idazkari nagusia. SATSEk, ELAk, LABek, CCOOk eta UGTk bost greba egun egitera deitu dituzte Osakidetzako langileak: urriaren 30ean eta abenduaren 14an Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; abenduaren 9an Araban; abenduaren 10ean Bizkaian; eta abenduaren 11n Gipuzkoan. Greba egiteko bi arrazoi nagusi dituzte. Alde batetik, Osakidetzako langile guztien baldintzak hobetzea nahi dute: lan ituna duela hemezortzi urtetik berritu gabe dagoelako eta Osakidetzak duela hilabete batzuk medikuen lan baldintzak hobetu dituelako. Beste aldetik, mahai sektoriala defendatu nahi dute, eta nabarmendu du hura dela lan baldintzak negoziatzeko eta hitzartzeko gunea, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak mahai sektorialetik kanpo lortu baitzuen akordioa medikuekin.
Sindikatuok askotan eskatu eta gero, Osakidetzak helarazi dizue lan baldintzak eguneratzeko proposamen bat. Salatu duzue, ordea, proposamena ez dela zehatza eta ez duela hobekuntza nabarmenik. Zer falta du?
Deigarria da, esaterako, ez dagoela inolako proposamenik ordainsariei buruz. Mahai sektorialaren uztaileko bileran, ordainsariak bazeuden gai zerrendan. Orduan esan ziguten ez zeukatela denborarik ordainsariak eta bestelako gai garrantzitsu batzuk jorratzeko. Langileentzat gai garrantzitsua da, eta harritzen gaitu arlo horretan inolako proposamenik ez egiteak.
Hala ere, zerbait lortzeko edo hitzartzeko abiapuntua izan daiteke?
Hasiera ona izan daiteke, akordio oso bat lortzeko proposamena edo zirriborroa baita; orain arte ez dute halakorik egin. Baina ez da ona ordainsariei buruzko proposamenik ez egotea.
Badira hemezortzi urte Osakidetzako langileen lan ituna berritu gabe dagoela. Nola da posible?
Osakidetza aitzindaria izan zen lan ituna onartu zuenean. Gero, ordea, epaiek eta administrazioaren ebazpenek edo aginduek moldatu dute. Guk esaten dugu ebazpenen edo aginduen bidez lan ituna zizelkatu, moldatu eta moztu egin dutela. Gai asko geratu dira pilatuta.
«Ohartu gara guretzat gai garrantzitsuak direnak baztertu egin dituztela besteetan aurrera egiteko, eta haserre gaude. Ordainsariei buruz hitz egiteko garaia iritsi denean, atzeratu egin dute beti»
Hemezortzi urtean asko aldatu da gizartea, baita gizarteak osasun zerbitzu publikoei eskatzen diena eta osasun zerbitzuen funtzionamendua ere. Lan baldintzak ez dira egokitzen gaur egungo egoerara?
Ez. Langileak moldatu egin behar ditugu gizartearen premietara. Ikusi behar dugu zer langile dauzkagun, zer adinetakoak, nola egingo dugun belaunaldien arteko erreleboa —langile askok erretiroa hartuko dute hurrengo bost-hamar urteetan—, herrialdeen arteko oreka, zer premia dagoen eskualde bakoitzean, zer ezaugarri dituzten leku bakoitzeko herritarrek... Agian, eskualde batean pediatra gehiago behar dituzte; beste batean, erizainak; eta, besteren batean, emaginak. Osakidetzak hori beti modu desordenatuan egin du, eta horregatik eskatzen dugu giza baliabideei buruzko plan bat. Osakidetzak ditu datu guztiak, eta mahai sektorialera ekarri behar ditu, denon artean aztertzeko eta proposamenak egiteko.
Osasun Sailak akordioa lortu zuen SME Euskadiko Sendagileen Sindikatuarekin, medikuen lan baldintzak hobetzeko. Horrek erakusten du Eusko Jaurlaritzak borondatea baldin badu langileen egoera hobetu dezakeela? Zuei ukatu dizuetena eman diete medikuei?
SATSEk lan izugarria egin du azkeneko bi urteotan Osakidetzarekin gai garrantzitsuak negoziatzen. Baina ohartu gara guretzat gai garrantzitsuak direnak baztertu egin dituztela besteetan aurrera egiteko, eta haserre gaude. Ordainsariei buruz hitz egiteko garaia iritsi denean, atzeratu egin dute beti. Azkenean, betiko mantra errepikatzen dute: sistemak jasangarria izan behar duela, eta ez daukatela dirurik guztiari eusteko.
Osasun Sailak mahai sektorialetik kanpo lortu du akordioa medikuekin. Horrek zer ondorio izan dezake?
Mahai sektoriala baztertu du negoziatzeko foro gisa, eta hori oso arriskutsua da. Legearen kontrakoa da mahai sektorialetik kanpo negoziatzea. Langileek beren ordezkariak aukeratu dituzte hauteskunde sindikaletan. Horregatik negoziatzen dugu guk, langileek aukeratu baikaituzte. Hori guztia baztertu du Osasun sailburuak, bere kabuz sindikatu bakar batekin negoziatzeko.
«Langileek ikusten du Osakidetzari ez zaizkiola axola haien lan baldintzak, eta medikuak direla osasun sistemako protagonistak. Gainerako langileok ere garrantzitsuak gara»
Zer iritzi duzu medikuek lortutakoaz?
Diruan oinarritutako akordioa dela eta ez dagoela neurri zehatzik medikuen arazoak konpontzeko. Gainera, akordioan zera bultzatzen da, medikuak arratsaldeetan beren borondatez lan egitera, eta, hala, betikotu egiten da hori. Non daude lana eta bizitza pertsonala bateratzeko neurriak? Nola izan dezakezu zuretzako denbora gehiago arratsaldeetan ezohiko lanaldiak eginda? Kontrajarriak dira.
Horrez gain, medikuek beren agenda kudeatzeko aukera izango dute —erizainek ez—. Ohiko lanaldian gaixo gutxiago artatzeko aukera izango dute, eta, aldi berean, aparteko lanaldiak egiteagatik diru gehiago jasoko dute? Ez da koherentea.
Akordioaren arabera, lantalde batzuk sortuko dira, besteak beste lehen arretako eredu berria antolatzeko. Mahai sektorialeko sindikatuok ez gara egongo lantalde horietan, zer esana badugu ere. Osakidetzan betidanik gertatu den moduan, erizainok ez dugu ahotsik izango gure konpetentziei buruz hitz egiteko eta haien gainean erabakiak hartzeko.
Akordioak gainerako langileak haserretu ditu? Medikuenganako mesfidantza eragin du?
Ez da izan erabaki ona. Ondorioa izango da handitu egingo dela lantaldeen desoreka eta banaketa. Susmoak sortuko ditu. Baita frustrazioa ere, langileek ikusten baitute Osakidetzari ez zaizkiola axola haien lan baldintzak, eta medikuak direla osasun sistemako protagonistak. Hori oso arriskutsua da. Medikua ezinbestekoa da osasun zerbitzuetan, hori ez du inork ukatzen; baina gainerako langileok ere garrantzitsuak gara, eta osasun sistemak ez du aurrera egingo horiek gabe.
«Langileek denbora asko daramate itxaroten, eta ezin dugu egoera gehiago jasan. Lan baldintzak berritu eta eguneratu behar dira, eta ordainsariei buruz ere hitz egin behar dugu»
Medikuek arratsaldeetan beren borondatez lan egiteari utzi diotenean, itxaron-zerrendak nabarmen handitu dira. Borondatezko lan horrek eusten dio sistemari?
Bai. Medikuek Osakidetzari hordagoa jo zioten borondatezko orduak egiteari utzi ziotenean. Agerian utzi du medikuei dagokienean sistema borondatezko ordu horietan oinarritzen dela. Hori bukatu behar da.
Medikuak falta dira eta gabezia hori konpondu behar da. Aspalditik dakite, baina ez dute ezer egin. Ez dago mediku nahikorik gaur egungo arreta eredua gauzatzeko, eta sistemari eusteko medikuek ezohiko lanaldia egitea behar dute. Sekulako gastua da.
Horrekin lotuta, gaixotasunetan oinarritutako osasun sistema daukagu, eta hor medikuak oso garrantzitsuak dira. Baina sistema moldatu egin behar dugu prebentzioa egiteko eta pertsonek gaixotasun gutxiago izateko.
Greba egingo duzue bost egunetan eta ez duzue baztertu greba mugagabea abiatzea. Zerbait lortuko duzue?
Eusko Jaurlaritzak erreakzionatu beharko du, ezin baitzaio eutsi etengabe greban dagoen osasun sistema publiko bati. Benetako negoziazioa nahi dugu. Langileek denbora asko daramate itxaroten, eta ezin dugu egoera gehiago jasan. Lan baldintzak berritu eta eguneratu behar dira, eta ordainsariei buruz ere hitz egin behar dugu. Bestela, etsipena sortuko da langileen artean. Ezin dugu onartu beti Osakidetzari interesatzen zaizkion gaiak bakarrik negoziatzea eta hitzartzea, eta guri axola zaizkigunetan ezer ez egitea.