Eusko Jaurlaritzak parte hartuko du Forondako (Araba), Hondarribiko (Gipuzkoa) eta Loiuko (Bizkaia) aireportuen kudeaketan. Eusko Jaurlaritzako eta Espainiako Gobernuko ordezkariek bilera egin dute gaur goizean Madrilen, aireportuen eskumenari eta kudeaketari buruz hitz egiteko. Bi gobernuek organo bat sortuko dute aireportuetan «elkarrekin lan egiteko, koordinatzeko eta kudeaketarako tresna gisa». Hala jakinarazi du Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzako Autogobernu sailburu eta bozeramaileak, bilera bukatu berritan.
Eusko Jaurlaritzak aireportuen kudeaketan parte hartuko du, betiere Espainiako Gobernuak agiri batean jasotzen baldin badu gaur hitzez onartutako guztia. Baldintza hori aipatu du Ubarretxenak berak, gaurko akordioa guztiz segurua ez dela iradokiz: «Hitzartu duguna akordio batean jasotzen baldin bada, bide onetik goaz».
Hain zuzen, Espainiako Garraio Ministerioak ere baieztatu du «akordiorako oinarriak» adostu dituztela bi aldeek: «Kolaborazio, koordinazio eta parte hartze tresna bat ezartzen da, lurraldean duten jardueraren funtzionamendu eta garapen egokia errazteko». Hala, xedea litzateke erakundeen arteko inplikazioa indartzea eta aireportuen lehiakortasuna sustatzea, «erakunde bakoitzaren eskumenak errespetatuz».
Ministerioak gaineratu du horrek ez duela araudi aldaketa bat eskatuko, egungo esparru juridikoaren pean dagoelako, eta ez duela Aenaren interes orokorreko aireportuen sarean alteraziorik eragingo. «Lagunduko du hobetzen Euskadin dauden interes orokorreko aireportuen arteko sinergiak eta lurraldeko gainerako garraio eta logistika azpiegiturekin duten osagarritasuna», nabarmendu du.
Mesfidantzatik akordiora egun batean
Eusko Jaurlaritzak asteburu honetan bertan mesfidantza agertu du aireportuen transferentzian Espainiako Gobernuak duen jarrerari buruz. Espainiako Gobernuak proposamen bat bidali zion ostiralean, eta Ubarretxenak atzera bota zuen atzo. Haren esanetan, proposamen horretan ez zegoen jasota hilabete lehenagoko bilera batean hitz egindakoa. Gaurko bilera izan eta gero, Espainiako Gobernuaren jarrera aldatzea lortu dutela nabarmendu du sailburuak.
Nahiz eta Gernikako Estatutuak zehazten duen EAEk garraio azpiegiturak kudeatzeko ahalmena duela, Espainiako Konstituzioan jasota dago estatuaren esku egongo direla «interes orokorreko aireportuak». Espainiako Gobernua ez dago prest hiru aireportuei interes orokorreko izendapen hori kentzeko, eta, hori jakinik, Eusko Jaurlaritza beste formula baten bila ari zen aireportuei eragiten dieten erabaki nagusietan esku hartzeko, hala nola hegazkin konpainiei baimenak emateko, hegaldi berriak baimentzeko, inbertsioetarako...
469,5AENAren inbertsioa. Otsailean onartutako inbertsio planaren arabera, AENAk 469,5 milioi euro inbertituko ditu 2027 eta 2031 artean Forondako, Hondarribiko eta Loiuko aireportuetan:
364,5 milioi euro Loiun, 63,2 Forondan eta 41,8 Hondarribian.
Horrek eskatuko luke gaur egungo formula gainditzea. Izan ere, azken 11 urteetan koordinazio batzorde batean ordezkaritza izan du Eusko Jaurlaritzak, beste eragile batzuekin batera. Alta, oraingo negoziazioetan aztertzen ari ziren AENArekin kudeaketa partekatzeko mahai bat eratzea, eta hori izango litzateke bi gobernuen arteko kudeaketa organoa. Espainiako Aireportuak eta Aire Nabigazioa da AENA, sozietate publiko bat —publikoa da jabetzaren %51—, eta bera arduratzen da aireportuen kudeaketaz.
Era berean, Forondan sandbox edo esparru arautzaile propio eta berezitu bat ezarriko dute, praktikan jartzeko Eusko Jaurlaritzak dituen asmoak. Horiek xede lukete aireportu haren gaitasuna handitzea.
Aste Santua baino lehen
Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea Aste Santuaren aurretik bilduko dira. Bi aldeen asmoa da bi agintariek bilera horretan onartzea aireportuen kudeaketarako akordioa.
AENAk aurtengo otsailean onartu du Dora III agiria, hau da, 2027 eta 2031 arteko inbertsioen, kostuen eta bidaiari kopuruen plana aireportuetarako: 13.000 milioi euroko inbertsioa da guztira. Loiura bideratuko lirateke 364,5 milioi euro, Forondara 63,2 milioi eta Hondarribiara 41,8. Eusko Jaurlaritzak «ahotsa» eta «erabakitzeko eskubidea» izan nahi ditu inbertsio horietan. Ubarretxenaren arabera, hori jasota geratu da gaurko akordioan.
Forondarako aireporturako «araudi berezi bat» onartu dute: «Araudi propio bat, aldi baterako, saio banku baten modukoa, ahalbidetuko duena Eusko Jaurlaritzaren asmoak islatzea eta Forondako aireportua indartzea».