Eusko Jaurlaritzak Jesus Maria Leizaola lehendakaria omendu du, haren jaiotzaren 130. urteurrenean

Pradalesek lehendakari izandakoaren «humanismoa» eta «zuzentasuna» nabarmendu ditu, eta autogobernuaren eta demokraziaren aldeko lana goraipatu.

Pradales, gaur goizeko agerraldian, Donostian. IREKIA
Pradales, gaur goizeko agerraldian, Donostian. IREKIA
Iosu Alberdi.
2026ko irailaren 7a
13:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urrian 90 urte beteko dira lehen Eusko Jaurlaritza sortu zenetik, eta egungo gobernuak urte politiko hau baliatu nahi du hari aitortza egiteko. Horiek hala, gaur, Jesus Maria Leizaola lehendakari izana omendu dute Donostian, haren jaiotzaren 130. urteurrenean. Hain zuzen, Lehendakaritzan Jose Antonio Agirreren erreleboa hartu aurretik, Leizaola Justizia eta Kultura sailburu izan zen lehen gobernu hartan.

Donostian omendu dute Leizaola (1896-1989), jaio eta hil zen hirian. Ekitaldian, Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradalesek haren bizitza «gorabeheratsu» bezain «oparoaren» errepaso bat egin du, Eusko Jaurlaritza bera eratu aurretik egindako bidetik hasi eta erbestetik itzuli ostera arte.

Lehendakariak urte politikoaren hasieran nabarmendu duen kontzeptuetako bat da «humanismoa». Hori kontuan hartuta jokatzeko eskatu die eragile politikoei, eta ezaugarri hori bera azpimarratu du lehen Eusko Jaurlaritza hartako kideez aritzean; baita Leizaolaz aritzean ere. «Pertsonen duintasunaren, bakearen, demokraziaren eta giza eskubideen defentsa egin zuen, baita egoera zailenetan ere».

Hala, Pradalesek humanismo horren adibidetzat jo ditu Leizaolaren zenbait zeregin eta jarrera: 36ko gerran Donostiako eta Bilboko ebakuazioen zein Bigarren Mundu Gerran aritu zen Gernika batailoiaren antolaketan aritu zen; Burgosko epaiketan ezarritako heriotza zigorrak bertan behera uzteko harreman diplomatikoak abiatu zituen; eta ETAren indarkeriaren kontrako jarrera «sendoa» izan zuen erbestean zela.

Leizaolaz esan izan da ez zuela Agirrek zuen «karisma», baina Pradalesek adierazi du bestelako dohain batzuk zituela: «Jakinduria, etengabeko lana, leialtasuna, konpromiso apurtezina eta ausardia». Halere, beste bat nabarmendu du egungo lehendakariak: zuzentasuna. «Bide zuzenari jarraitu zion aberrigilea» izan zen, Pradalesen hitzetan, «maila intelektual handikoa».

Beraz, Pradalesek esker ona adierazi dio utzitako «ikasbide» guztiengatik, Leizaola herri nortasunaren, autogobernuaren, bakearen eta balio demokratikoen «ordezkari gorenetako bat» baita haren arabera. «Ondo merezita, ohorezko lekua irabazi du gure historian eta bihotzetan».

42 urte erbestean

Leizaola Justizia eta Kultura sailburu izan zen 1936tik 1952ra bitarte, eta Ogasuna ere hartu zuen bere gain Eliodoro de la Torre sailburuaren heriotzaren ostean. Gerora, lehendakariorde izan zen, eta 1960an, Jose Antonio Agirre hil zenean, haren lekua hartu zuen Lehendakaritzan.

Leizaola 41 urte zituela atera zen Hego Euskal Herritik, eta 83 zituela itzuli zen, 1979an. «Sondikan hegazkinetik jaisten ageri zen irudiak, gure herriaren harrotasuna eta duintasuna bizkar gainean daramatzala, ateak ireki zizkion euskal herriaren esperantzari», gogoratu du Pradalesek, Hego Euskal Herrira itzuli zen unea gogora ekarrita. 1980an, Eusko Legebiltzarrerako lehen hauteskundeetan aurkeztu zen, baina hilabete gutxira utzi zuen legebiltzarkide kargua.

Hain zuzen, urte haietako egoera politikari erreparatuz, Pradalesek esan du gaur egungo erakundeen legitimitatea ez dela «Espainiako trantsizioan ezarritako ordenaren» ondorio. Hark nabarmendu du sustraiak «Agirre eta Leizaola lehendakariek kosta ahala kosta babestu zuten legitimitate historikoan» daudela: «Demokraziaren, justizia sozialaren, autogobernuaren eta euskal herriaren askatasunaren lekukoa eman zuten».

Aurrera begira, berriz, Pradalesek gehitu du denen lana dela «askatasun arduratsua, kultura demokratikoa eta justizia soziala» lantzea. «Denok defendatu behar dugu gure herri nortasuna. Denok eraiki behar dugu Euskadi».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA