Eusko Jaurlaritzak urte politikoko lehen Gobernu Kontseilua egingo du ostegunean Donostiako Miramar jauregian, baina, haren aurretik, Imanol Pradales lehendakariak hausnarketa bat plazaratu du Linkedin sare sozialean: «Aurrekoengandik ikasi behar dugu; gure tradizio soziopolitikoak erakusten digu gure betebeharra dela humanismoa eguneratzea, estualdi honetan ere, gure euskarri sendoena izan behar baitu».
Hala, nazioarteko agertoki desegonkorraren harira, Jaurlaritzako buruak bere gobernu ereduaren oinarritzat jo ditu gizarte kohesioa eta guztien hobe beharrerako helburuak. Baina lehendakariak «askatasun arduratsuan» jarri du arreta batez ere; Jose Antonio Agirre lehendakariak erbestean zela aldarrikatu zuen kontzeptu hori: «Eskubideak eta betebeharrak» barne hartzen ditu. «Erantzukizunak nork bere gain hartzea, konpromisoa hartzea eta guztion ongiaren alde arraun egitea».
EAJk 1979tik aurrera Gernikako Estatutuarekin abiarazitako bideak zenbateko balioa duen nabarmendu du Pradalesek. «Onartu zenetik, Euskadik izandako bilakaerak erakusten digu —eta hala egiaztatu da nazioartean ebidentzia enpirikoekin— euskal autogobernua arduraz eta zentzuz erabili izanak ahalbidetu digula garapen sozioekonomikorako eredu propio eta berezi bat garatzea». Zer-nolako osagaiak ikusten ditu Pradalesek eredu horretan? «Lehiakortasuna, oreka eta gizarte kohesioa»; horrekin batera, lehendakariak ziurtatu du EAJren eredu horrek modua eman duela «euskal komunitatea eraikitzeko».
Diktaduraren ostean
Geldialdi luzea egin du diktadura frankistaren ondorengo garaian, Hego Euskal Herrian autogobernua berreskuratu zenekoan: «Gure herriak suspertzea lortu zuen horrek, bere tradizioan ainguratutako kultura soziopolitiko horri berriro helduz, eta uneko erronketara egokituz». Gogoratu du Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak osatzen duten erkidegoan, EAEn, «printzipio eta balio haietan oinarritutako arkitektura instituzionala» osatu zela, eta «etengabe» berrituz joan dela. Ez du esan, ordea, zer urrats egin beharko diren arkitektura horren hurrengo berritzean, hau da, ez die erreparatu estatus berriaren negoziazioei, eta ez du berariaz aipatu estatutu berri bat onartzeko beharra.
«Ziurgabetasun handiko» nazioarteko egoerari erreparatu dio Pradalesek, eta «herriaren arrakastarako bidea» zein den azaldu: «Gure aurrekoen irakaspenak eguneratzea». Hau da, «humanismoa egokitzean eraginkorrak» izatearen garrantzia azpimarratu du
Horiek horrela, Jaurlaritzako buruak «ziurgabetasun handiko» nazioarteko egoerari erreparatu dio berriro, eta, haren «zimenduak kolokan» dauden honetan, «herriaren arrakastarako bidea» zein den azaldu: «Gure aurrekoen irakaspenak eguneratzea». Humanismoa egokitzean «eraginkorrak» izatearen garrantziaz ohartarazi du, Jose Maria Arizmendiarrieta euskal kooperatibismoaren aitaren esan bat gogora ekarrita: «Arizmendiarrietaren esaldi hark gogorarazten digu zein garrantzitsua den inor alde batera ez uztea, guztiok bizitza osoa garatzeko aukerak izaten jarraitu ahal izan dezagun. Konfiantza osoa dut euskal gizartean; denok eskutik helduta eta helburu komun batekin lan eginez, hori lortzeko gai izango gara». Eta bukatzeko, Joxan Artzeren Martxa baten lehen notak obrari erreparatu dio, bere mezua indartu nahian: «Bakoitzak urraturik berea/ denon artean geurea/ Etengabe gabiltza zabaltzen/ gizatasunari bidea».