Urrutiko intxaurrak hemeretzi, gerturatu eta deus. Hala moldatuko lukete Solaria enpresakoek esaera zaharra, Solaria Zierbena egitasmoa osatzen zuten hemeretzi eguzki parkeak ezerezean geratu baitira momentuz, Eusko Jaurlaritzak horiek guztiak eraikitzeko aurretiazko administrazio baimenak ukatu ostean. Sare elektrikora konektatzeko baimenak iraungita izateagatik ukatu ditu Jaurlaritzak eskaera horiek.Â
Erabaki horren atzean, ordea, Jaurlaritzaren beraren geldikeria ezkutatzen da. Izan ere, sare elektrikora konektatzeko baimenek 31 hilabeteko iraupena dute, eta epe horretan eguzki parkeen egitasmoek Industria Sailaren aldeko ingurumen-inpaktu txostena jaso behar dute, aurrera egingo badute. Alta, 2023an eta 2024an Zierbena Solarreko hemeretzi proiektuek konexio baimenak jaso zituztenetik, Industria Sailak ez du txostenik eman, ez alde, ezta kontra ere, eta txostenik jaso gabe amaitu da baimen horien epea.
Aurretik ere jaso du Solariak Jaurlaritzaren ezezkoa, arrazoi berberagatik jaso ere: Zierbena Solar 3 eta 4 eguzki parkeei ere ukatu zien baimena Jaurlaritzak, konexio baimenak iraungita izateagatik. Orain, ordea, egitasmoko proiektu guztiei eman die ezezkoa aldi berean Lakuak. Arabako toki ezberdinetan eguzki parkeak eraikitzea zen Solariaren asmoa, Zierbenako (Bizkaia) azpiestazio batera elektrizitatea bideratzeko.
Ikusi gehiago
Egitasmoak lau talde handitan banaturiko hogeitik gora eguzki parke aurreikusten zituen. Talde horiek honakoak lirateke: Gaubea-Kuartango (Gaubea, Kuartango, Erriberagoitia eta Iruña Okako udalerrietan), Lantaron (Gaubean, Lantaronen, Erriberagoitian, Erriberabeitian eta Armiñonen), Erriberabeitia (Erriberabeitian, Iruña Okan, Armiñonen, Erriberabeitian, Berantevillan eta Zanbranan), eta Gasteiz Iparraldea (Zigoitian, Zuian, Gasteizen eta Arratzua-Ubarrundian).
Oraingo baimen ukapenekin eta aurretik jasotako ezezkoekin, ordea, Solariak esku artean zituen Zierbena Solar egitasmoko eguzki parke guztiek jaso dute administrazioen ezezkoa. Solariaren proiektuek tokiko eragile eta biztanleen aurkakotasuna piztu izan dute. Lehen sektoreko eta landa eremuko biztanleek, batez ere, gogor egin dute horien kontra, nekazaritza eta landa eremuko bizibidea arriskuan jartzen zituztela iritzita. Erakunde ekologistek, bestalde, «makroproiektu» deitu izan diete Solariaren egitasmoei, lege iruzurra eginez zatikaturiko egitasmo handi bat zelakoan.Â
Bide judiziala, oraindik ere irekita
Esan bezala, ordea, oraingo baimen ukapenen atzean administrazioaren jardun eza dago, Industria Sailak inpaktu txostenik eman gabe iraungi baita konexio baimenen epea. Horrek abagunea eman dio Solariari afera epaileen aurrera eramateko. UAGA nekazarien elkarteak ekainean jakinarazi zuenez, Solariak epaitegietan salatu du Eusko Jaurlaritza, ingurumen-inpaktu txosten horiek ez emateagatik.
Jarduerarik eza horrek enpresari kalte handia egin diola iritzita, atzerabegirako aldeko txostenak ematea eskatzen zien Solariak epaileei, horrela eguzki parkeen eraikuntzarekin aurrera egiteko. Epaitegien esku dago oraindik afera. Eusko Jaurlaritzaren ustez, ordea, «prozesu judizialak eta administrazioaren ekintza faltak ez dute baimen horien iraungitzearen efektua bertan behera uzten». Industria Sailak Solariari ere egotzi dio iraungitzearen erantzukizuna, gogararazi baitu enpresak birritan eskatu zuela prozedura gelditzea «arau aldaketa aztertu eta proiektua egokitzeko», eta geldialdi horiek eragin dutela baimenen iraungitzea heltzea.Â
Ikusi gehiago
UAGAren ustez, «onartezina eta justifikaezina» da administrazioko teknikarien esku egon beharko lukeen erabaki bat epailearen esku egotea. Hala ere, administrazioaren aldetik ezezkoa jaso ostean, epaileengan dago orain jarrita enpresaren esperantza guztia, proiektu horiek aurrera egingo baitute. UAGAko Alberto Friasek gogorki kritikatu zuen Eusko Jaurlaritzaren «utzikeria». Izan ere, «Industria Sailak bere lana egin eta txostenak egin balitu, orain erabakia ez legoke epaileen esku», laburtu zuen Friasek.Â
EH Bildu, pozik
EH Bildu «pozik» agertu da Eusko Jaurlaritzak hartutako erabakiarekin. EH Bilduren ustez, trantsizio ekosozialari dagokionez «gauzak nola egin behar ez diren» erakusten du proiektuak. Hemeretzi proiektu artxibatuta egotea «albiste ona» dela nabarmendu du, makroproiektuak ez duelako «inolako logikarik». Koalizio subiranistaren iritziz, Zierbena Solaria proiektua ekuaziotik kentzea «funtsezkoa» da eztabaida sozial eraikitzailea bideratzeko.Â
Alderdiak nabarmendu du klima aldaketaren larritasunari aurre egin behar zaiola: «Trantsizio energetikoa, deskarbonizazioa eta autosufizientzia bideratzea erabat beharrezkoa da, modu ordenatuan eta herritarren parte hartzearekin». Helburuak lortzeko ezinbestekotzat jo du gizartean «eztabaida sakona» bideratzea, mundu mailan zein lurraldeari dagokionez «modu orekatuan» proiektu energetikoak garatzeko.
Â