PISA txostenaren iazko emaitzak baloratzeko agerraldian, joan den asteartean, argi azaldu zuen Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Begoña Pedrosak kezka: «Ez dira nahi ditugun datuak; ez dira onak. Ikasketa gaitasuna galdu dugu». Hiru alor ebaluatzen ditu probak: matematikan, zientzietan eta irakurmenean ikasleek duten gaitasuna neurtzen du. Hiruretan egin dute atzera Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikasleek. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikasleek 419 puntu lortu dituzte irakurketan, eta 2022an 466 izan ziren; zientzietan, 459 puntu —2022an, 480 puntu—, eta matematikan 460 puntu —2022an baino 22 gutxiago—. Datu horien gainean gogoetatzen hasteko ebaluazioa aztertzeko adituen foroarekin bilera egingo zutela aurreratu zuen Pedrosak, eta gaur arratsaldean bertan egingo da bilera, Bilbon.
Foru horretan arloan eskarmentua duten profesionalak batzen dira, eta hainbat arlotatik erreparatzen diote ebaluazioaren gaiari. Adituekin kontrastea eginda lanerako irizpideak finduko direla esan zuen Pedrosak asteartean. «Datuekin jarriko gara, beste ikerketa batzuekin gurutzatuko ditugu, eta zentroekin lanean hasiko gara. Laburbilduz, lanean jarraituko dugu: PISAko datuek horretarako dei argia egin digute», azaldu zuen.
Zentroekin batera lan egin behar dela ere gogoratu zuen Pedrosak, eta ildo horretan Hezkuntza Sailak jakinarazi du bihar bertan urrats bat egingo dutela horretarako. Izan ere, ebaluazioari eta sistemaren hobekuntzari buruzko bilkura bat egingo dute bihar BECen, Barakaldon (Bizkaia), 900 zentrotako zuzendaritzetako kideak izango dira jardunaldi horretan, eta foro hori baliatuko dute haiekin ere PISAren emaitzen eta horien gainean egindako gogoeten gainean solastatzeko.