Eusko Legebiltzarrak aurrera atera du natura ondarea babesteko legea

EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta PP+C's-ek eman diote oniritzia. Elkarrekin Podemos-IUk uste du arauak ez diola «ingurumen krisiari erantzuten»

Gorbeiako natur parkea, artxiboko irudi batean. RAUL BOGAJO / FOKU.
Oihane Puertas ONA
2021eko azaroaren 26a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Eusko Legebiltzarrak Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Ondarea Kontserbatzeko Legea onartu zuen atzoko osoko bilkuran. Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren arabera, legearen helburua da «euskal natura ondarea babestea, kontserbatzea, kudeatzea, modu iraunkorrean erabiltzea,lehengoratzea eta hobetzea». Gaineratu du araudia «Nazio Batuen Garapen Iraunkorrerako Helburuen eta Basque Country 2030 Agendaren barruan» dagoela.

EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta PP+C's-ek legearen alde bozkatu dute, eta Elkarrekin Podemos-IU izan da legearen aurka bozkatu duen bakarra; Vox abstenitu egin da. Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IUko buruaren iritziz, legeak «ez dio gaur egungo ingurumen krisiari erantzuten», eta adierazi du onartutako zuzenketak «azalekoak» direla. Gaineratu du legearen helburu nagusia izan daitekeela «inolako oztoporik ez jartzea» natura ondareko gune babestuetanegiten diren jarduera ekonomikoei.

Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkideak, ordea, Elkarrekin Podemos-IUk legearen izapidetzean izan duen jarrera salatu du, eta adierazi du hori ez dela «aurrera egiteko modua». Era berean, nabarmendu du gaur egungo «krisi ekologikoari» aurre egiteko «beharrezkoa» dela «erreminta kutxa osoa irekitzea, kasu bakoitzean egokiena dena erabiliz».

«Berritze» bat

Eusko Jaurlaritzak eta EH Bilduk Natura Ondarea Kontserbatzeko Lege berria adostu zuten irailean, araudiak «berritze bat» behar zuelako. Oteroren iritziz, ordura arte zegoen «legearen alderdi asko hobetzea» lortu zuten. Legebiltzarkideak azaldu zuenez, araudi berriarekin, besteak beste, aurrekontu partida zehatzak egingo dituzte, eta korridore ekologikoei bultzada emango zaie. Jaurlaritzak baztertu egin zituen Elkarrekin Podemos IUren proposamenak, eta, Gorrotxategiren ustez, Jaurlaritzak «aukera paregabea» galdu zuen «ingurumen politika indartsuen alde» egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.