Eusko Legebiltzarrak baztertu egin du Araba, Bizkai eta Gipuzkoa osoa tentsio handiko eremu izendatzea

EH Bilduren ekinbidea atzera bota dute, eta EAJ-PSErena onetsi. Onartutako testuak planteatzen du tentsio handiko eremuen izendapena legeak ezarritako baldintzak betetzen dituzten udalerri guztietara zabaltzea, herritarren %72ri babesa emateko.

Alokairu eskaintza bat, Donostian, artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU
Alokairu eskaintza bat, Donostian, artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU
edurne begiristain
Gasteiz
2026ko azaroaren 5a
14:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

EH Bilduk Araba, Bizkai eta Gipuzkoa osoa tentsio handiko eremu izendatzeko proposamena eraman du gaur Eusko Legebiltzarrera, etxebizitza larrialdiak lurralde osoari eragiten diola argudiatuta. Ekinbideak, ordea, ez du aurrera egin, eta haren ordez, EAJk eta PSE-EEk aurkeztutako zuzenketa onetsi dute. Testuak bi konpromiso jasotzen ditu. Batetik, Jaurlaritzari eskatu diote aurrera jarrai dezala eremu tentsionatuak izendatzeko prozedurarekin, udalerriekin adostutako jarduera planak eginez eta etxebizitza eskuragarrien eskaintza handitzeko neurri zehatzak hartuz. Bestetik, eredu hori legeak ezarritako baldintzak betetzen dituzten udalerri guztietara zabaltzeko galdegin diote, udalerri horietan bizi diren herritarren %72ri estaldura eta babesa eskaintzeko.

Proposamenaren eztabaidan, EH Bilduk defendatu du etxebizitza eskuratzeko arazoa ez dela hiriburuetara edo udalerri jakin batzuetara mugatzen. Xabier Astigarraga legebiltzarkidearen arabera, arazoaren ezaugarriak desberdinak izan daitezke herri batetik bestera, baina etxebizitza bat eskuratzeko zailtasuna «orokorra» da. Horregatik, Jaurlaritzari eskatu dio autogobernuak eskaintzen dituen tresna guztiak erabiltzeko eta merkatuan esku hartzeko «anbizio handiagoa» izateko.

Astigarragak azpimarratu du eremu tentsionatuaren izendapena ez dela arazoa konpontzeko neurri bakarra, baina bai etxebizitza politiketarako beste oinarri bat ezartzeko eta herritarrak prezioen gorakadatik babesteko tresna. Haren esanetan, 2023ko Etxebizitza Legearen 18. artikuluak administrazio eskudunei eremu tentsionatuak izendatzeko aukera ematen die, eta, beraz, eztabaida ez da juridikoa, politikoa baizik: «Jaurlaritzak orain arte egin duena baino gehiago egin dezake».

Udal bakoitzaren esku

EAJren izenean, Mari Jose Etxegoienek baztertu egin du erkidego osoa tentsio handiko eremu izendatzea. Haren esanetan, udalerri guztiek ez dituzte behar eta errealitate berberak, eta udalek hobeto ezagutzen dute beren herrietako egoera. Horregatik, ez du egoki ikusten udalerri guztiei neurri bera aplikatzea, eta kasu bakoitza aztertzea defendatu du. Etxegoienek gogorarazi du etxebizitza politika ez dela soilik alokairuen prezioak kontrolatzea, arazoari aurre egiteko etxebizitza gehiago eraikitzea, eraikinak birgaitzea eta alokairu sozialeko eskaintza handitzea ere badela.

PSE-EEren izenean, Adrian Fernandezek defendatu du eremu tentsionatuak izendatzeko prozedurarekin jarraitu behar dela, tresna hori maizterren eskubideak babesteko eta prezioak mugatzeko baliagarria delako. Gasteiz jarri du adibide gisa: haren arabera, eremu tentsionatu izendatu zenetik alokairuen prezioak %4,3 jaitsi dira, kontratu kopuruak gora egin duen bitartean. 

Fernandezek onartu du etxebizitzaren arazoa Euskal Autonomia Erkidego osora zabaltzen dela, baina bereizi egin ditu helburua eta legeak ezarritako prozedura. PSE-EEren iritziz, hiru lurralde historikoak ez dira legeak eremu tentsionatu izendatzeko eskatzen dituen baldintzak betetzen dituen eremu bakarra, eta, beraz, EH Bilduren proposamena «ez da juridikoki bideragarria».

Sumarreko Jon Hernandezek EH Bilduren planteamenduarekin bat egin du, etxebizitzaren arazoa udalerrien mugetan amaitzen ez dela argudiatuta. Haren esanetan, etxebizitzaren prezioek familia bat udalerri batetik kanporatzen dutenean, presioa inguruko herrietara lekualdatzen da. Horregatik, erregulazioa pixkanaka lurralde osora zabaltzeko egutegi bat proposatu du.

PPren izenean, Ana Moralesek eremu tentsionatuen eredua kritikatu du. Haren esanetan, prezioak kontrolatzea ez da konponbidea, etxebizitza eskaintza handitzea baizik.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA