Eusko Legebiltzarrak Xabier Arzoz eta Javier Garcia Roca proposatu ditu Espainiako Auzitegi Konstituzionaleko magistratu izateko

EAJk eta PSE-EEk aurkeztu dituzte bi juristen izenak, eta legebiltzarkideen gehiengo osoak babestu ditu. Espainiako Senatuari lau magistratu aukeratzea dagokio, eta horietako bi izateko hautagai izango dira.

Xabier Arzoz hitzaldi bat ematen, Donostian. Artxiboko argazki bat. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
Xabier Arzoz hitzaldi bat ematen, Donostian. Artxiboko argazki bat. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
aitor biain
2026ko apirilaren 30a
14:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ia hogei urtez hautagairik aurkeztu gabe egon ondoren, Eusko Legebiltzarrak Xabier Arzoz eta Javier Garcia Roca proposatu ditu Espainiako Auzitegi Konstituzionaleko magistratu izateko. Jeltzaleek eta sozialistek aurkeztu dituzte bi jurista horien izenak, eta ganberaren gehiengo osoaren babesa jaso dute gaurko osoko bilkuran egindako bozketan: 39 legebiltzarkidek alde bozkatu dute, eta 33k zuri.

Ibilbide luzeko jurista da Arzoz. Zuzenbidean lizentziaduna da, eta aditua da bereziki ekonomia eta Europako gaietan. Zuzenbidean katedraduna da UNED Espainiako Urrutiko Hezkuntzako Unibertsitate Nazionalean. Espainiako Auzitegi Konstituzionaleko letradu izan zen 2011 eta 2020 bitartean, eta aholkulari Eliza katolikoaren sexu abusuen biktimei arreta emateko Espainiako Batzordean. Euskalduna da.

Zuzenbidean lizentziaduna eta Ekonomian diplomaduna da Garcia Roca ere, eta Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko Konstituzio Zuzenbideko katedraduna 2007tik. Estatuaren, Autonomia Erkidegoen eta tokiko autonomiaren lurralde antolaketan aditua da. Bereziki EAEko Autonomia Estatutuari, euskal sistema politikoari eta lurralde historikoetako foru eta finantza araubideari buruz ikertu du.

Espainiako Auzitegi Konstituzionaleko hamabi magistratuetatik lau aukeratzen ditu Espainiako Senatuak. Eta lau kide horietarako izenak proposatzea autonomia erkidegoetako parlamentuei dagokie. Eusko Legebiltzarrak gehienez ere bi aurkez ditzake. Halere, urteak ziren hautagairik aurkezten ez zuela. 2008an izan zen azkeneko aldia: Adela Asua eta Jose Luis Aurtenetxe aurkeztu zituzten. Asua magistratu izateko hautatu zuten azkenean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA