Gaur lanuztea egin dute Gipuzkoa, Bizkai eta Arabako Euskotreneko langileek, ELA, ESK, CGT eta Independenteek deituta. Euskotrenek eskaintzen dituen zerbitzu guztietan egingo dute, hots, trenbide, tranbia, autobus eta funikularraren zerbitzuetan. 07:00etatik 9:00etara eta 18:00etatik 20:00etara izango dira. Langileen %80ek egin dute bat deialdiarekin, eta50.000 erabiltzaileri eragingo die lanuzteak.
ELA sindikatuak ohar baten bidez azaldu duenez, «langileen nekearen erakusgarri» da protesta, «langile faltagatik, zerbitzu murrizketengatik eta zerbitzuaren okertzeagatik».
Hainbat arazo azaleratu nahi dituzte. Diotenez, geltokietako eguneroko zerbitzuen «%25 baino gehiago bete gabe» uzten dira, eta merkataritza arretarik ez dago. Jaietako gaueko zerbitzuetan eta zerbitzu berezietan segurtasuna bermatzeko langileak falta direla ere gaineratu dute. Egoera konpontzeko, sindikatuaren ustetan, «kalitatezko zerbitzua eskaintzeko beharrezkoak diren langileen plangintza eta kontratazioa» falta da.
Bide beretik, salatu dute ez zaizkiela ordaintzen aurreko urteetan egindako «gehiegizko» orduak, eta langileen atsedenaldiak murriztu dizkietela, besteak beste.
Horren aurrean, Euskotreneko langileek zuzendaritzari eskatu diote «beharrezkoak» diren kontratazioak egin ditzala «zerbitzuan kalitateari eutsi eta tentsio, arrisku eta gehiegizko lan-karga egoerak» saihesteko. Gainera, zuzendaritzarekin negoziazio prozesu bat «lehenbailehen» egiteko prest azaldu da sindikatua.
Euskotrenek jakinarazi duenez, lanuzteak dauden bitartean Eusko Jaurlaritzaren Lan eta Enplegu Sailak ezarritako gutxieneko zerbitzuak bermatuko dira.