Espainiako Kongresuko Justizia Batzordeak abenduaren 10ean onartu zuen Eutanasia Arautzeko Lege Organikoaren proposamena. PSOEk landutako proiektua da, eta 36 kideetatik 22k eman zuten aldeko botoa; PPk eta Voxek aurka egin zuten. Hurrengo pausoa osoko bilkuran onartzea izango da, eta, hain zuzen, bihar egingo dute soil-soilik lege proiektua eztabaidatzeko saio bat. Gehiengo absolutua beharko du aurrera egin ahal izateko: gutxienez, 176 diputaturen bozka. Halere, batzordean jasotako babesaren ostean, aski babes izango duela dirudi. Horrela izanez gero, Espainiako Senatura bidaltzea izango da hurrengo urratsa.
Eutanasiaren lege proiektuak, ordea, ez du nolanahiko bidea egin. PSOEk 2018ko maiatzean aurkeztu zuen lehendabizikoz lege proposamena Kongresuan, eutanasiaren prozesua «ordenatua, legezkoa eta sistematikoa» izan zedin, eta «berme guztiak» eduki zitzan. Hasieratik lortu zuen alderdi politikoen babesa, PPrena izan ezik. Kataluniako Parlamentuak ere handik egun gutxira aurkeztu zuen beste lege proposamen bat, eutanasia zigor kodetik kentzeko eskatuz. Hala ere, aurrera egin ezinik ibili da urteotan, eta, azkenean, otsailean iritsi zen berriro ere Kongresura eutanasia legeztatzeko asmoz idatzitako proposamena. Guztiek eman zuten onespena, PPk, Voxek eta Navarra Sumak izan ezik, eta lehen biek eginiko osoko zuzenketak ere baztertu egin zituzten. Talde sozialistak aurkeztutako testuaren ordez, zaintza aringarrietan oinarritutako lege bat bultzatzea zuten helburu eskuineko eta eskuin muturreko indarrek.
Hilabeteotan, egitasmoari forma eman dion txostena ontzen aritu dira, eta hor zehaztu dutenaren arabera, «gaixotasun larri eta sendaezin bat edo pairamen larri, kroniko eta ezintasun bat eragiteko modukoa» duten pertsonei egin ahalko zaie eutanasia, osasun zentroetan nahiz etxebizitzetan. Hiltzeko erabakiak, gainera, «informatua eta autonomoa» izan beharko du, eta pazienteak bi aldiz egin beharko du eskaria gutxienez, hamabost eguneko epean. Kasua bi medikuk aztertu beharko dute, eta kasu bakoitzeko batzorde bat ere osatuko da. Horrek emango du ebazpena.
DMD elkarteak eutanasia legeztatzearen alde dihardu, eta esan du «pozik» dagoela lege proposamenarekin, «aurrerapauso bat» izango delakoan. Taldearen arabera, zuzenketekin «hobetu» egin da jatorrizko testua, baina aitortu du gehiago ere hobetu ahalko litzatekeela. Zehazki, nabarmendu du «anbizio handiagoko» lege bat nahiko luketela, prozesuaren tramitea luzea izan daitekeela erantsita. «Eutanasia eskatzeko hainbeste tramite egin behar izatea ez da beharrezkoa; hil nahi duen pertsona baten eskaerak pertsonala, librea, erabakitakoa eta hausnartutakoa behar du izan».
Beste talde batzuk ere bai
Elkartearen arabera, lege proposamenak baditu hutsunek batzuk ere. Esate baterako, uste du haurrei eta buru nahasmenduak dituztenei ere legeak aukera eman beharko liekeela eutanasiaren inguruan erabaki bat hartzeko, hala nola Herbehereetan eta Belgikan bezala. «Badakigu gai zailak eta polemikoak direla; zaila izaten dela horiek lantzea, baina ausarta izan behar da, eta gai honi ere kasu egin behar zaio; aurrerapen bat litzateke talde horiek ere gogoan izatea».
Eutanasiaren legea bozkatuko dute bihar Espainiako Kongresuan
PSOEk aurkezturiko testu bat du oinarri. DMD elkarteak uste du «aurrerapauso bat» dela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu