Egunkaria auzia

«Ez ahaztu»

Egunkaria-ren aurkako bi kasuetan auzipetu zuten Torrealdai: itxierakoan, absoluzioa izan zen, eta ekonomikoan, artxiboa. 11 urtetik gorako «tortura fisiko eta psikologikoa» pairatu zuen, gaixotzeraino.

Txema Auzmendi, Xabier Oleaga, Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria eta Martxelo Otamendi, 2009ko abenduaren 15ean, Madrilen, epaiketako lehen egunean. ANDONI CANELLADA, FOKU
enekoitz esnaola
2020ko uztailaren 31
21:44
Entzun

Egunkaria-ren aurkako epaiketaren hasieraren bezpera da, 2009ko abenduaren 14a; Andoainen (Gipuzkoa) daude bost auzipetuak, Martin Ugalde kultur parkean: Txema Auzmendi, Xabier Oleaga, Martxelo Otamendi, Joan Mari Torrealdai eta Iñaki Uria. Prentsaurrekoa eman dute, eta Madrilera eramango dituen autobusean sartzera doaz. Haiek agurtzera azaldu dira 50en bat kide. «Itzuliko gara, itzuliko gara». Torrealdaik esan die itzuliko direla. Lehenago, azaldu du berriz ere «behartuta» eta «gogoz kontra» doazela Madrilera, 2003ko otsailaren 20ko itxiera operazioan bezala, baina «burua goian». Itzuli ziren, itzuli zirenez: absoluzioa (2010eko apirilaren 12a). Orain, Torrealdai joan egin da: gaur zendu da, minbizi baten ondorioz. Haren obra geratu da.

Epaiketaren lehen egunean deklaratu zuen Torrealdaik, beste auzipetuek bezala. «Absoluzioa gutariko bakoitzarentzat eta denontzat, absoluzioa Egunkaria-rentzat. Ez dugu beste emaitzarik ontzat emango», esan zuen epaimahaiaren aurrean, Espainiako Auzitegi Nazionalean. ETAko kide izatea, diruz laguntzea edo erakunde armatuaren dirua zuritzea leporatuta, bost auzipetuen aurka hamabi eta hamalauna urteko kartzela zigor eskaerak egin zituzten herri akusazio Dignidad y Justicia eta AVT elkarteek. Fiskaltzak kasua artxibatzeko eskatu zuen urtebete lehenago. Euskaldunon Egunkaria-ren itxiera garaian, hango Administrazio Kontseiluko lehendakaria zen Torrealdai —eta Jakin-eko zuzendaria, 1977tik—, eta, zehazki, hamalau urteko espetxealdia eta hamabosteko inhabilitazioa galdegin zuten haren kontra. Akusazio guztiak ukatu zituen Torrealdaik ere: «Gurea kristalezko etxea zen. Ez genuen ezer ezkutatzen, ez genuelako ezer ezkutatzeko».

Harrituta agertu zen Egunkaria-k ETA finantzatzen zuela egozten zietelako. «Baina nola egingo genuen hori, hilaren amaierara iristeko gai ez baginen!». Era berean, ukatu egin zuen berak ere zentimorik jaso izana Administrazio Kontseiluan aritzeagatik. Absurdoa iruditzen zitzaion auzi hura ere: «Aktore izan nintzen, 1960-1970eko hamarkadetan, euskararen bateratze prozesuan; akusatuak izan ginen ETAkoak izateaz, H-a ETAren sinboloa zela eta euskara batua marxista zela eta. Gaur egun, azalpen horiek hutsalak dira, eta, Egunkaria-ren kasuan, perspektiba historikoarekin, gauza bera gertatuko da».

Euskararen aldeko militantziak batzen zituen egitasmoko kideak, haren hitzetan, eta «obsesionatuta» zegoen kazetaren pluraltasuna, autonomia eta independentzia zaintzearekin, epaimahaiari azaldu zionez. Argi zeukan: bestela, ez zuen parte hartuko edo segituko proiektuan.

Tortura

Egunkaria-ren itxierako gaua: guardia zibil ugari Torrealdairen etxera ere, Usurbilen (Gipuzkoa), goitik behera armatuta; bertan dira Torrealdairen seme-alabak —hamar urtekoa bata, eta hamabikoa bestea—, eta metrailetekin apuntatu dituzte guardia zibilek. Egoerak markatu egin zuen: «Oso gauza izugarria izan zen; izugarria, seme-alaben aurpegian mina ikustea. Ni hor bertan lur jota geratu nintzen». Erasoa ez zen horretan geratu: «Gero nire materialen xahutzea etorri zen. Bilduta neukan material guztiaren bortxaketa. Milaka orri sakabanatu egiten zituzten, klipetatik atera egiten zituzten, desordenatu egiten zituzten... Une batean, idazkari judizialak esan zidan ‘zenbat paper duzun!’, nire errua izango balitz legez». Gehiago: «Lur jota segitzen nuen; hiru egun eta hiru gau zutik eduki ninduten, lo egin ezinik, paretaren kontra. Deklaratzera eramaten ninduten, ez dakit zenbat denboraz. Batzuetan, azkar. Jo egiten ninduten. Plastiko bat erakutsi zidaten, eta belarriraino eraman zidaten, mehatxu eginez».

Guardia Zibilaren esku bost egun inkomunikatuta egin ostean, Torrealdai, Uria, Oleaga, Auzmendi eta Xabier Alegria baldintzarik gabe espetxeratzeko agindu zuen Juan del Olmo Auzitegi Nazionaleko instrukzio epaileak. Urte bereko martxoaren 14an utzi zuen aske Torrealdai, Auzmendirekin batera, hamabina mila euroko bermepean. Joxe Azurmendi pentsalariak epaiketan esan zuen lagunarekin egon zela espetxetik atera zenean. «Hunkituta al zegoen?», galdetu zion Torrealdairen abokatu Felix Cañadak Azurmendiri. «Negarretan zegoen, hiru orduz hitz egiten aritu zen, nik ahoa zabaldu gabe... Torturatu egin zutela esan zidan, baina amak [emazteak] erabaki zuela ezer ez esatea, haurrengatik…». Kartzelatik irten ostean, Torrealdaik tratamendu psikiatrikoa jaso behar izan zuen; «gutxienez, urtebetez; eta gero, noizean behin».

Operaziotik hamabi urtera eman zuen atxiloaldiko —«infernua»— testigantzaren berri lehen aldiz jendaurrean: Baionako jardunaldi batzuetan, 2015eko apirilaren 11n. Dokumentu bat azaldu zuen, urte berean datatutakoa: «Usurbil, 2015.02.20. Atxiloketaren 12. urteurrena». Epaiketaren zain egondako urteak, epaiketa bera eta horrek guztiak ekarritako ondorioak ere esplikatu zituen Baionan, eta albiste bat eman: hezur-muineko minbizia zeukala. «Prozesu guztia izan da tortura: fisikoa eta psikologikoa. Eta horren guztiaren ondorioak orain ari naiz pairatzen. (…) Ez naiz sendagilea eta ez dut frogarik aurkeztuko. Nire minbiziak erroak non dituen, ordea, nik garbi dut, eta nire psikiatrak ere bai». Imanol Kerejeta zen haren psikiatra, eta berretsi egin zuen azalpena.

Amaiera, handik 11 urtera

Baionako testigantza eman zuenerako amaitua zegoen Egunkaria-ko auzi ekonomikoa ere: 2014ko urriaren 14an, Gipuzkoako Lurralde Auzitegiko 3. sekzioak artxibatu egin zuen. Han ere bazegoen auzipetua Torrealdai, beste zazpi kiderekin batera. Egunkaria-n auzipetuak izandakoek ekitaldi bat egin zuten handik hiru egunera, Martin Ugalde kultur parkean, eta Torrealdaik egin zuen hitzaldia. Eskerrak eman zituen, eta eskaera bat egin: «Ez ahaztu».

2010-02-01, Egunkaria-ren itxierako epaiketan, Torrealdairen azken hitza: «(…) Bi gauzatxo gehitu nahiko nituzke. Zazpi urte gure onetik kanpo pasatu ditugu, gure zeregin kulturaletik kanpo. Sozialki behartuta gure errugabetasuna demostratzen, ETAko kide edo laguntzaile izateko etengabeko susmopean. Bizitzeko gogorra izan da. Epairik gabeko zigor bat da. Birgaitzeko eskatzen dizuet. Gugatik, gure familiengatik, eta euskaragatik beragatik. Gogoratu nahi dizuet gaur egun gizonen batez besteko adina 77 urtekoa dela: hamar urte gelditzen zaizkit, eta nire familiarekin bizi nahi ditut, hark behar bainau, eta nire artxiboekin, behar baititut. Espero dut justizia egingo duzuela eta errugabetzat joko gaituzuela. Eskerrik asko entzuteagatik».

77 urterekin hil da Joan Mari Torrealdai.


"article-argazkioina">Joan Mari Torrealdai hitzaldian, 2014ko urriaren 17an, Andoainen.

JOAN MARI TORREALDAI [1942-2020]
Gehigarri berezia PDFn | Artikulu bilduma | Iritzi artikuluak

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.