«Ezberdinen arteko elkarrizketa» defenditu du PSNk, eta Txibite presidentegai izateko aurkeztuko da astelehenean

Ultraeskuinak eta haren atzetik eskuin tradizionalak darabilten estrategia salatu du PSNk, eta adierazi du Nafarroa haien kontrako «euste horma bat» izango dela.

PSNren Lurralde Batzordea, gaur, Iruñean. JESUS DIGES / EFE
PSNren Lurralde Batzordea, gaur, Iruñean. JESUS DIGES / EFE
mikel p ansa
2026ko urriaren 3a
17:41
Entzun 00:00:00 00:00:00

Espainiako Kongresuak etxebizitzari buruzko dekretuak atzera bota eta biharamunean, ultraeskuinaren eta eskuinaren politiken kontrako mezuak zabaldu dituzte PSNk eta PSE-EEk gaur, eta hauteskundeetarako prest daudela agerian utzi dute. Alde batetik, Maria Txibitek berretsi du Nafarroako presidente izateko hautagai gisa aurkeztuko duela bere burua, eta astelehenean aurkeztuko duela ofizialki PSNren primarioetarako hautagaitza. Lurralde Batzordearen bileran eman du horren berri, eta alderdiak berak agiri bat onartu du, zeinean «ezberdinen arteko elkarrizketa» defenditu baitu Nafarroako gobernatzeko eredu gisa.

PSNren Lurralde Batzordeak bilera zuen gaur goizean, eta adierazpen bat onartu du alderdiak, ultraeskuina eta haren atzetik eskuin tradizionala erabiltzen ari diren estrategia salatzeko. PSNren arabera, UPN, PP eta Vox gizartea zatitzeko eta gatazka eragiteko diskurtsoak zabaltzen ari dira, «Nafarroako Gobernuaren eta instituzioen sinesgarritasuna» kolokan jartzeko. Alde horretatik, «gizartea zatitu dezaketen diskurtsoak» salatu dituzte, baita «kolektiboak seinalatu ditzaketen edota eskubideak eta askatasunak zalantzan jartzen dituzten gorroto, xenofobia, matxismo, LGTBIfobia eta intolerantzia diskurtso oro».

Horiek horrela, Nafarroa elkarbizitzarako eta dibertsitaterako eremu gisa ikusten du PSNk, baina baita «eskuinari eta ultraeskuinari aurre egingo dion euste horma» gisa ere. «Ezberdinen arteko akordioetan» oinarritutako elkarrizketak eta ezkerreko politikak Nafarroan «arrakasta politiko bat» izan direla ziurtatu dute. Aldiz, arbuiatu egin dute Vox «normalizatzeko» eskuin tradizionalak egin duen bidea, eta UPNri eta PPri aurpegiratu die ultraeskuinari aurre ez egitea, «hain justu haiek egin behar luketenean galga lana».

Lurralde Batzordearen bilera baliatu du Maria Txibitek berresteko Nafarroako foru hauteskundeetan presidentegai izango dela, eta astelehenean aurkeztuko duela hautagaitza. PSNk gaur hasi du hurrengo udal eta foru hauteskundeetarako hautagaitzak aukeratzeko barne prozedura. Berretsi dute 20.000 biztanle baino gehiagoko herrietan ere primarioak egin ahalko direla, betiere hautagaitza bat baino gehiago baleude.

Txibitek adierazi du ez dakiela Espainian hauteskunde orokorretara deituko ote duten edo ez, baina ziurtatu du Alderdi Sozialista edozertarako prest dagoela.

Atzo Espainiako Kongresuan gertatu zena arbuiatu du: «Berriro ere eskuineko alderdiek beren egiazko aurpegia erakutsi dute. Ez zaie jendea inporta». Bozketa horrek erakusten du, Txibiteren ustez, eskuratutako «edozein aurrerapen» atzera joan litekeela edonoiz. Aldaketa bat sumatu du orain, ordea: «Sumina kalean erakusten da, baina boto kutxetara bideratu behar da».

Ez dira denak PSNren iritzikoak. Cristina Ibarrola UPNko presidenteak prentsa ohar bat zabaldu du gaur, eta Txibiteri esan dio ez dela eredu, «ez kudeaketa publikoan, ez etika politikoan». Ibarrolaren ustez, Txibiteren gobernuak zerbitzu publikoak «suntsitu» ditu, herritarrak «zergetan ito» eta ustelkeria onetsi, eta Nafarroak «epaituko du» horregatik: «Nafarroak ez du merezi Txibiteren eta EH Bilduren estiloko jendearekin jarraitzea».

Sergio Sayas Nafarroako PPren buru izendatu berriak gaur bertan esan du Espainiako Gobernuak ezin duela aurrera jarraitu bozketak bata bestearen atzetik galduz Kongresuan: «Pedro Sanchezek gauza bakarra egin dezake: hauteskundeetara deitu».

Anduezaren borrokarako deia

Bestetik, JSE-Egaz Euskadiko Gazteria Sozialistak batzarra egin du gaur, eta Eneko Andueza PSE-EEren idazkari nagusiak gazteak animatu ditu «putre funtsak eta etxejabe handiak babesten dituzten eskuina eta ultraeskuina borrokatzera». Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak atzo adierazi zuen Espainiako Gobernuak inprobisatuz egiten dituela arauak eta dekretuak, eta Anduezak Pradalesi gaur erantzun dio PSE-EEk etxebizitzari buruzko politikak oso serio hartu dituela beti.

Aldiz, esan du ere EAJk etxebizitza politikak ulertzeko «beste era bat» duela, eta batzuetan «erresistentziak» ere izan dituela. Anduezaren hitzetan, «batzuek politikak gutxi batzuentzat egin nahi dituztelako eta beste batzuek politika kalkulagailuarekin egiten dutelako» ez ziren onartu atzo etxebizitza dekretuak. Baina adierazi du herritar gehienak etxegabetzeen kontra, prezioak mugatzearen alde eta espekulazioa eta «putre funtsak» mugatzearen alde daudela, eta hori dela sozialisten «lehentasuna». Eta horregatik eskatu die Egaz-eko gazteei eskuina borrokatzeko. Ez da hauteskundeez ahaztu hura ere: «Espero dut ez zaizuela hau ahaztuko bozkatzera joatean.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA