Kartelarekin etorri dira elkarrizketara Euskal Herrian Euskaraz EHE mugimenduko kide Intza Gurrutxaga (Getaria, Gipuzkoa, 1996) eta Estitxu Ugalde (Iruñea, 1999), gogora ekartzeko abenduaren 5ean Durangon (Bizkaia) aurten ere euskararen eta hizkuntza eskubideen aldeko manifestazioa egingo dutela. 13:30ean abiatuko da, Landakotik gunetik. Euskara, hizkuntza antifaxista! leloa hautatu dute aurten lau haizeetara zabaltzeko, ohar egin nahi baitute eskuin muturrarekin lotutako mezuen ozentzeaz, eta horiekin batera hizkuntza gutxiagotuen biziberritzea eragoztearen eta moteltzearen alde gero eta maizago entzuten diren mezuez. Kezka ez da EHErena bakarrik; hilaren 19an agerraldia egin zuten Durangon bertan, eta han azaldu zuten 50 eragilek baino gehiagok bat egin dutela deialdiarekin. Bide batez, aurreragorako mobilizazio bat ere iragarri dute: Nafarroan, Euskararen Legeak 40 urte beteko ditu abenduaren 15ean, eta, horren harira, elkarretaratzeak egingo dituzte hainbat tokitan.
Bereziki faxismoaren kontrako aldarria egin nahi duzue aurten manifestazioan. Zerk bultzatu zaituzte horretara?
Estitxu Ugalde: Garai ezberdinetan, faxismoak edota frankismoak gure herriko hizkuntzaren eta bestelako eskubide sozialen aurka egin dute. Frankismoak, adibidez, euskararen galeran rol aktiboa izan zuen, eta gaur egun sumatzen dugu hainbat diskurtso frankismoaren nostalgian oinarrituta egiten direla. Hor posizio bat hartu nahi dugu. Argi utzi nahi dugu: zapalkuntza oro gaindituko duen Euskal Herri euskaldun baten aldeko aldarria egin nahi dugu, balio antifaxistetan oinarrituta.
Zer mezutan eta jarreratan ikusten duzue, adibidez, inboluzio hori?
Intza Gurrutxaga: Euskalgintzaren Kontseiluak hizkuntza eskubideen alde Bilbon 2023ko azaroan egin zuen manifestazio jendetsuan eman zitzaion, nolabait ere, forma horri; euskararen kontrako oldarraldi politiko, mediatiko, sindikalaren harrotze bat bazela esan zen. Nik uste dut ikusten ari garela hori dena. Errenteriako Udalaren hizkuntza eskakizunen auzian ikusi genuen, adibidez, nola antolatuta dagoen kontrako indar hori, aktiboki antolatuta. Hizkuntza eskakizunen kontrako epai sorta hori guztia ere hor dago. Edota, orain dela gutxi, Etxepare lizeoko ikasle bati Polizia oldartu zitzaion euskaraz egitea eskatzeagatik. Ipar Euskal Herrian ere euskara berezko hizkuntza ofiziala dela aldarrikatu orduko Frantziako Estatua gainera nola etorri den ikusi behar da... Harrotze orokor bat dago.
«Frankismoak rol aktiboa izan zuen euskararen galeran, eta gaur egun sumatzen dugu hainbat diskurtso frankismoaren nostalgian oinarrituta egiten direla»
ESTITXU UGALDE EHEko kidea
Nafarroako Euskararen Legea 40 urte betetzear da. Horri begira ere mobilizazioak egingo dituzue abenduaren 15ean. Zer aldarrikatuko duzue?
Ugalde: Zonifikazioaren legeak nafarrok zatitzen gaitu hizkuntza eskubideen aitortzan, mailaketa bat eginez; batzuei aitortzen dizkie, eta besteei, ez. Horren kontra egingo dugu. Nafarroarako eskatzen duguna Euskal Herri osorako eskatzen dugu; lege hori Nafarroa Garairako izan arren, Nafarroa Behererako eta Ipar Euskal Herrirako ere eskatzen dugu ofizialtasuna. Horrez gain, uste dugu euskarak, bizirauteko, lehentasun izan behar duela, eta euskarari lehentasuna emanen dion ofizialtasun bat aldarrikatzen dugu: hizkuntza nazionala izatea, eta ezagutu beharrekoa. Izan ere, ikusten dugu Araba, Bizkai eta Gipuzkoan ere ofizialtasunak ez duela bermatzen euskaraz bizitzeko eskubidea.
Atzeraldiaz ari zarete, baina aurrera egiteko ekinbideak ere badira, ezta? Baionan koofizialtasunaren aldeko manifestazio jendetsua egin da asteburuan, Kontseiluak mahai gainean jarria du euskara biziberritzearen aldeko erronka, UEMA ari da eremu euskaldunenetako egoera hobetzeko neurriak eskatzen... Errotzen ari dira aldaketarako zuztarrak?
Gurrutxaga: Orain dela bi edo hiru urterekin alderatuta, gauzak mugitzen ari dira; hori positiboa da, eta horretan lanean dabiltzan eragile eta norbanako guztiak zoriondu behar dira. Askotan, oso autokritikoak gara; izan ere, egoera larria da, eta horrek askotan frustrazioa sentiarazten digu buruan ditugun lorpenak lortzen ez baditugu. Baina garrantzitsua da lorpen txikiak ere ospatzea; hori guztia, gainera, zerbait mugitzen ari den seinale da. Beraz, horretan jarraitu behar dugu, hain justu ere larrialdi egoera betean gaudelako, eta larrialdi egoera honetatik ateratzeko beharrezkoa dugulako euskalgintzako eragile guztien inplikazio aktiboa, eta euskaltzaleen aktibazio masiboa.
Elkarrizketaren abiaburura itzulita: zergatik abenduaren 5ean manifestaziora?
Gurrutxaga: Ezinbestekoa da euskara ardatz harturik kalera ateratzea, euskararen borroka balio antifaxistekin lotzea, eta irudikatzea, aldi berean, Euskal Herri independente eta zapalkuntzarik gabeko bat eraiki nahi dugula. Ikuspegi hori kontuan harturik, abenduaren 5ean kalera ateratzea nahitaezkoa da.
«Larrialdi egoera honetatik ateratzeko, euskalgintzako eragile guztien inplikazio aktiboa behar dugu, eta euskaltzaleen aktibazio masiboa»
EHEko kidea
INTZA GURRUTXAGA
Euskararen errepublika ere aldarrikatuko duzue berriro.
Gurrutxaga: EHEk, orain lau urte, eragile independentista moduan aurkeztu zuen bere burua, argi daukagulako estatu propio baten bidez lortuko dugula benetan Euskal Herri euskalduna eraikitzea. Beraz, euskararen errepublika eraikitzea da gure helburua, eta indartzen ari den eskuin mutur honek ez du halakorik inoiz onartuko. Ondorioz, kontra datorren indar horretan begirada jarri behar da, baina zerumuga ahantzi gabe: euskararen errepublika.