Falangeak Gogora institutuari mehatxu egin diola salatu du Alberto Alonso zuzendariak

Alonsok jakinarazi du talde faxistaren mehatxuak jaso dituztela azken egunotan, eta salaketa aurkeztu dutela Ertzaintzan. Iazko urriaren 12an Gasteizen egindako ekitaldiagatik Falangeari jarritako isunaren ondoren jaso dituzte mezuak.

Falangeak iazko urriaren 12an Gasteizen egindako elkarretaratzea. AITOR KARASATORRE / FOKU
Falangeak iazko urriaren 12an Gasteizen egindako elkarretaratzea. AITOR KARASATORRE / FOKU
edurne begiristain
2026ko irailaren 17a
12:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Falange Espainola ultraeskuineko taldeak mehatxuak bidali dizkio azken egunotan Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuari. Azken mezua asteburuan iritsi zen posta elektronikoz, eta honela zioen: «Falangea zelatan daukazue». Alberto Alonso Gogora-ko zuzendariak gaur goizean hedabideen aurrean eman du mehatxuen berri, eta Ertzaintzan salaketa jarri dutela jakinarazi. Polizia ikertzen ari da gertatutakoa. Aurrez, Eldiario.es egunkariari eskainitako elkarrizketa batean aurreratu du informazio hori —elkarrizketa osoa asteburu honetan argitaratuko du hedabideak—.

Alonsoren arabera, hasieran ez zieten mehatxuei garrantzi handirik eman, baina azken mezuek bestelako kezka eragin diete. «Zuzenean esaten digute gu zelatatzen ari direla eta kontuz ibiltzeko», azaldu du. Gogora-ko zuzendariaren esanetan, mehatxuak ez dira «anekdota» hutsa, eta «gizarte erabat polarizatu baten testuinguruan» kokatu behar dira. Haren arabera, indarkeria tresna gisa erabiltzen ari dira «desberdin pentsatzen duena beldurtzeko asmoz».

Gogora-ko zuzendariak irmo adierazi du: «Euskadin ez dago lekurik zigorgabetasunerako». Bere esanetan, beharrezkoa da mehatxu eta indarkeria adierazpen guztien aurrean modu berean erantzutea. «Indarkeriak ez du inolako justifikaziorik, edonondik datorrela ere», azpimarratu du. Halaber, kritikatu egin du gizartean zabaltzen ari den «bi fokuko begirada». Haren arabera, espektro politiko jakin batetik datozen keinu bortitzen eta mehatxuen aurrean argi eta irmo erantzuten den bitartean, beste mutur batetik datozen mehatxuei batzuek oraindik garrantzia kentzen diete, eta zenbaitetan baita justifikatu ere. 

Joan den urteko urriaren 12an Gasteizen egindako elkarretaratzeagatik Falangeari ezarritako 10.000 euroko isunaren ondoren jaso ditu Gogora-k mehatxuak. Ekitaldian, besteak beste, keinu faxistak egin zituzten, Cara al sol abestu zuten, eta frankismoaren garaiko zein Falangearen banderak eta sinboloak erakutsi zituzten. Gogora-k «adierazpenak» eta «legez kanpoko leloak» ere egin zirela egiaztatu zuen, eta zehapen espediente bat zabaldu zion EAEko Memoria Historikoaren eta Demokratikoaren Legea urratzeagatik.

Erregimen «kristaua eta nazionala»

Gogora-ko zuzendariaren esanetan, azken mezuak bereziki esanguratsuak izan dira, Eusko Jaurlaritzako langileei Falangearen izenean bidali dizkietelako, eta bidaltzailearen izen-abizenak ere ageri direlako. Jakinarazi duenez, mezua sinatu duen pertsona Falange Española de las JONS alderdiaren hautagai izan da hainbat hauteskunde prozesutan —Hego Euskal Herrian ez da hautagai izan—. Gainera, aurrez, beste mehatxu batzuk ere jaso dituzte posta arruntez. Horietako batean, Alonsoren argazkia Iosiv Stalinen eta Francisco Largo Caballerorenekin batera ageri zen, eskuz idatzitako mezuekin eta egunkarietako ebakinekin. Espainiako estatuko beste erakunde memorialista batek ere posta elektronikoz mehatxuak jaso dituela jakinarazi du Alonsok.

Gogora Institutuak jasotako mezuetako batean, igorleak bere burua «Espainiako mugimendu patriotatzat» jotzen du, eta Espainian «benetan kristaua eta nazionala» izango den erregimen politikoa ezartzea du helburu. Horretarako, «une bakoitzean beharrezkotzat jotzen dituen bitartekoak» erabiliko dituela dio, eta, bereziki, «aberriaren zinpeko etsaien» aurka egingo duela. Azken horien artean aipatzen ditu «separatismo terrorista, komunismo kriminala eta liberalismo antikristaua».

Alonsok nabarmendu du Gogorak ez duela «amore emango», eta institutuaren langileen «profesionaltasuna» eta giza eskubideen defentsarekiko «konpromisoa» azpimarratu ditu.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA