Familia bat etxejabetuko dute gaur Bilbon, tartean bi adingabe

Familiak pairatzen duen bigarren kaleratze saiakera da gaurkoa, aurrenekoa mobilizazioek geldiarazi ostean. AZETek salatu du gizon batek emazte ohia «zigortzeko» erabili duela etxegabetzea.

Etxegabetu nahi duten familiaren atarian elkarretaratzea egin dute, gaur. MADDALEN OMAETXEBARRIA
Etxegabetu nahi duten familiaren atarian elkarretaratzea egin dute, gaur. MADDALEN OMAETXEBARRIA
Maddalen Omaetxebarria
Bilbo
2026ko azaroaren 5a
09:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aste eta erdi baino ez da igaro Bilboko Iturribide kalean etxegabetze saiakera bat eman zenetik. Auzo mobilizazioari esker urriaren 26ko ahalegina bertan behera gelditu bazen ere, gaur goizean berriz ekin diote familia zaurgarri horren kaleratzeari. Epailearen erabaki berria bestelako «alternatibarik eskaini gabe» ailegatu dela salatu du AZETek, eta etxegabetzea geldiarazteko elkarretaratzea deitu du 08:30ean, 94. zenbakian bizi diren lau emakumeak —tartean bi adingabe— ez daitezen gelditu kale gorrian. 

50 lagun inguru bildu dira etxebizitzaren atarian, eta momentuz kaleak zabalik daude; ez dago poliziarik. Lehen etxegabetze saiakera egunean sindikatuak ohartarazi zuen epaitegietako inork ez ziela baieztatu nahi izan kaleratzea deuseztuko zenik, eta gaur ondorioztatu ahal izan da horren zergatia. Bilboko Udalaren jokabidea salatu du AZETek, «jakitun» izan arren ez duelako «alternatiba duinik» eskaini ezta kaleratzea geldiarazteko saiakerarik egin ere ez.

Indarkeria ekonomikoa

Sindikatuak salatu du kaleratzea «dibortzio baten ondorioz» gauzatu dela, epaiak senar ohiari esleitu baitio familia-etxebizitzaren jabetza. Gizon horrek beste bi higiezin dauzka dagoeneko bere izenean, eta ziurtatu dute emazte ohia «zigortzeko» erabili duela etxegabetzea.

Eskrituran jabe gisa agertzen ez den arren, kaltetutako batek familiaren etxebizitza ordaintzen «lagundu» du erosi zenetik. Halere, ebazpen judizialak ez du halakorik kontuan hartu, familiaren «zaurgarritasunari» ezikusiarena eginez. Antzekotasunak nonahi aurki daitezke joan den ostiralean Arrigorriagan etxegabetu zituzten Karmen eta alabaren kasuarekin.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA